Marutegiko zubipetik: Asteleheneko Goienkaria, 2006-10-02

Amaitu dira urtero gure artean ikusmina
sortzen duten bi ikuskizun; bata atzo bukatu zen; Jeanne Moreau
Donostiako Zinemaldiko epaileen zuzendariak aurtengo film sarituak iragarri
zituenean, “Mon fils a moi” eta “Half moon“.
Bestea, berriz, egubakoitzean: Espainiako armadak maniobrak amaitu zituenean.
Horren bueltan aritu dira asteon egunkarietako albiste eta irratietako
esatarien komentarioak, besteak beste. Neuk, ordea, amari bisita egin diot eta
bestelako kontuak entzun ditut herrian: lehenengo zapatuko ordubietako
autobusaren kontura, Lurraldebusek autobus zerbitzua gehitu duela herrian;
bazen ordua! Eta gero, Moxeko kanpoaldean nintzela, koadrilako lagunekin,
oinezkoendako zubitik Marijo Garciak agurtu gintuen. Marutegiko zubia
izena dauka eta orduan galdera: zergatik Marutegi? Rakel Parraren
teoriaren arabera, “marujen topaleku” izan delako ingurua. Barregura eragin
zigun komentarioak; ona litzateke lantzean behin, kaleko berriemaileei
horrelako omenalditxoak aitortzea. Baina ez; Cristina Pavok herriko
toponimia moda-modan jarri zuenez, Marutegi lekuari berari omenalditxoa da
zubia. Hala ere, aitortu behar dut Rakelena hobea zela. Txutxumutxu zale asko
dago gurean; guztiok ere badugu gure kotillatxoa barruan. Niri esaterako, orain
dela pare bat aste kontatu zidaten Athleticeko lehendakari ohi Fernando Lamikiz
Klubeko jantzi denda bateko saltzaile batekin ateratzen dela. Egunero gertatzen
diren kontuak dira, baina ez didazue ukatuko baduela kontu honek morbo apur
bat, batez ere Sarriugartek zuzentzen hamaikakoaren klubak izan duen
azkeneko astebetea ikusita. Ba hori, neu ere Marutegiko zubiko klubera gehitu
behar naizela!

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak , , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude