Berriz ere bueltan

Udako oporrak amaituta depresio sasoia hasi dugu, baina ez etsi; gutxiago geratzen zaigu neguak zurituko digun azala eguzkitan erretzeko berriz ere eta urte osoan zain izango dugun paradisu partikularrera joateko. Nirea aurten Menorka izan da, astebetez. Gutxitxo nire gusturako, baina ni hara heldu nintzen egunean **Iñaki Gabilondo ikusi nuen bueltako hegazkina hartzeko zain. Barre txiki batek egin zidan ihes (intentzio txarrik ez zegoen, baina batzuetan gure iratxo gaiztoak gurekin dela gogorarazten digu).
Berriz bueltan gara eta badirudi gure politikariek gogoz hasiko dutela ikasturtea. EAJren zatiketaren urteurrena bete da eta EAko hainbatek orduan gertatutakoa eszenifikatu dute asteon. Esan didatenez
Iñaki Galdosek** ez du adierazpenik egin nahi izan Goienkarian; ez zait harritzen, datorkiona ez da-eta panorama erraza txantxikuarrarentzako.

Gaur baina Madrilera begira egon behar berriz ere; 18/98an auziperatuek euren kalbario partikularrari ekin diote. Maite Aristegik iragarri du mozioak aurkeztuko dituztela udaletxeetan. Argi dago: abuztuko oporrak ez dira panazea inorendako; uztaileko arazoak zain ditugu irailean eta gustatu ala ez, ekin egin behar lanari berriz ere. Tira, Aranbururi esker, Realak ez du galdu Athleticen kontra (gaitz erdi) eta saskibaloi zaleek mundial bikaina ikusteko aukera izan dute. Paul Gasol eta bere taldekideek futbolak espainiarrei inoiz eman ez dien oparia egin diete. Norbait poztuko zen!

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude