Bukatu da bukatu da; Bukatu da akabo.

Atzokoa izan zen nire azkenengo lan eguna, baldin eta oporretako  azken eguna azken lan eguntzat har badaiteke.  Garbiago esanda, atzo amaitu ziren nire lan kontratuen lotura  eta konpromisoak,  eta gaurtik aurrera, libre, okerrik ezean, beste egoera batean izango naiz.

Hobea diote askok. Ederra izan behar du lanera joan barik hil amaieran bankuko kontuan soldata jasotzea, ederra izan behar duen bezala eskuturrean erlojua lotu gabe ibili ahal izatea. Erloju biologikoaren mendean bakarrik, eguna norberaren eran antolatuaz, beti igande, beti jai.

Atzean hogeita hemezortzi urte. Aurpegi eta izaera desberdin asko. Jarraitzen dutenak eta bidea utzi dutenak. Eta betiko geratu zirenak. Momentuak, garrantzitsuak eta aspergarriak. Bizipenak, hutsuneak, arrakastak eta porrotak.  Bizipozak eta etsipenak. Onerako edo txarrerako ukatu edo desegin ezin dugun bidea. Betiko gurekin geratuko dena, jakinaren gainean hartutako  erabakien segida. Horiek guztiak egin gaituzte; ezin beraz inori garenaren errurik bota.

Hogeita hemezortzi urte euskararen munduan. Lehenengo irakaskuntzan ondoren komunikabideenean. Ez da meritu bat, hautapen bat baizik. Duela hogeita hemezortzi urte lehen lana eskaini zidatenean  hartutako erabakitik eratorritakoa,  orduan jakin gabe beste urte guztiak ere eremu horretan emango nituenik.

Beste edozein bezain erakargarri eta aberasgarria, ez diru emaitzen ikuspegitik, baina bai  ezagutu zenezakeen jendearengatik. Ez hain onak ere bai, baina orokorrean proiektuekin konpromisoa erakusten duen jendea ezagutu dut: prestua, leiala eta emankorra. Baita politikak eraginda edozein proiektu desitxuratzeko gai zena ere, denetik baitago gure munduan besteetan bezala.

Urte hauetan guztietan ez dut ezagutu diruzalerik edo azkar aberastu  beharraz itsututa bizi zenik. Ez dut ezagutu pertsona fidakaitzik; ala bai? Edozein kasutan gehiago izan dira balio positiboak soberan zituztenak negatiboek janda bizi zirenak baino. Oroitzapenak geratzen dira: makila bat, argazkiak, bertsoak,.. horiexek dira esparru hau uztean zurekin eramaten dituzun gauza materialak.

Aurretik ez dakit zenbat urte. Lehenengoa niretzat  izango da. Egoista izateko eskubidea daukat. Ni neu eta nire inguruabarrak naiz zioen filosofo espainolak. Neure burua orain arteko inguruabarretatik isolatu nahi dut. Gertukoenak, afektiboenak, bizitzakoak  nirekin jarraituko dute. Lanekoak, politikoak, gizarte konpromisoak aparte uzten saiatuko naiz lehen urte honetan. Lehengoekin jarraitu bai, berririk hartu ez. Oñati, Donostia eta Pirinioak izango dira nire erreferentzia geografikoak. Aspaldi mesanotxean baztertu nituen Rayuela eta Quosque Tandem nire lehen bidelagunak.

Horrela ekingo diot nire abentura berriari. Eskuturrean erloju barik nahiz eta aldika begi ertzarekin begiratu, bide berriak deskubritzeko grinarekin.

Blog hau nirekin eramango dut laneko zamen oroigarri. Bidean aspertzen ez banau.

Kale Zaharreko kontuak

Goiena.net-en argitaratu denez bizilagunok eta merkatari-tabernek ez dugu berdin hartu udalak kalean autoak sartzeko ordutegia murrizteko erabakia hartu izana.

Kale Zaharreko bizilaguna naiz eta ondo ezagutzen ditut kale honetan bizi izateak sortzen dizkigun arazoak eta eragozpenak. Kalea irekita dagoen uneetan lanean, eta erosketak egin ondoren kargatuta etxera gatozenean, poltsak oinez eraman beharra; haur txikiekin goizeko lehen orduan etxetik irten behar dugunean bebarruko ate parean kafea hartzera geratu denaren autoa traban; haurrak ustez oinezko kale batetik doazenean paretik kankailu bat bizikleta gainean abiadura neurtu barik. Zapatu gau eta jai bezperatako goizeko zazpiak arteko beheko tabernako musika jasan beharra udalak hartu beharreko neurriak hartzen ez dituelako. Prebarikazioa ( Delito que cometen los funcionarios públicos al faltar, a sabiendas o por ignorancia inexcusable, a las obligaciones y deberes de su cargo.)deitzen zaio honi.

Hel nakixon  oinezko kaleko arazoari besteaz hitz egiteko denbora izango da eta. Bizilagunek hainbat bilera izan ditugu udal ordezkariekin kaleko peatonalizazioaren eta gaueko zarataren inguruan.

Uste dugu kalea oinezkoentzat bihurtzen denean, alde eta aurkako guztiekin egin behar dela eta zamaketa lanetarako soilik zabaldu behar dela; bertako merkatari eta bizilagunen zamaketa lanetarako alegia. Tabernariek eta dendariek diote horrek egundoko galerak sortzen dizkietela salmentak jaitsiko direlako. Kanpoko esperientziei begiratuz gero ikus genezake ez dagoela erlazio zuzen bat trafikoaren eta dendetako salmenten artean. Donostian San Martin kaleak  eta inguruak trafiko handikoak dira eta denda eta taberna dezente daude. Berdin Loiola kalean edo Bulebarrean oinezkoentzat izanagatik.

Salmentek zerikusi zuzenagoa izaten dute zerbitzuaren kalitatearekin kaleko trafikoarekin baino.  Erosketen eta trafikoaren arteko erlazio zuzena eta bakarra dagoenik esaten duen ikerketarik ez dut ezagutzen. Ez da egongo ere, gure kaleko hainbat dendariri ez zaileko batere gustatzen  euren denda aurrean inork autoa  aparkatzea uztea beste inori gustatzen ez zaion bezala. Horregatik hartzen dute euren aurrealdeko kale zatia iragarki eta kartelez betetzeko eta autoak beste batzuen bebarru aurretara usatzeko.

Kaletarrok ulertzen dugu ona dela zerbitzuak gertu edukitzea baldin eta bizikidetza arauak betetzen badira. Horregatik eskatu diogu udalari, kaleak oinekoentzat izan daitezela eguneko 24 orduetan. Merkatariek eta bizilagunek zamaketa lanetarako eskubidea beharko genuke baldintza hauetan beste hiri batzuetan gertatzen den bezala, baina kalekoa ez denak ez du zertan sartu oinezkoen kale batera. Merkatariek galera handirik ez dezaten izan Kale Zahar inguruan errotazio azkarreko aparkalekuak egiteko proposatu diogu udalari, Zazpibidetan (Horrela da Jerardo?) eta Aita Madinaren hasieran, gehienez 15´-30´ko denboraldira  mugatuta. Aparkaldi luzeagotarako berriz, epe motzera edo ertainera Olaiturrin lurrazpiko aparkaleku bat egitea gaineko estalkia jolasleku bezala utziaz orain dagoen legez. Ez luke inbertsio handirik behar.

Gure kalean denondako lekua dago baina bizikidetzako arauak adostea ezinbestekoa da. Beti ere, auzotarren eskubideak errespetatuaz. Lo egiteko eta osasunekoa ere bai. Osasun psikikoa barne.

Horregatik aldarrikatzen ditugu bentako oinezko kaleak eta zarata bariko espazioak.

Uztailaren 19an kuletoak eta erlak

 

Gaur (uztailaren 19)erlei kasu egiteko eguna izan da. Lau dauzkat; bi aurtengo nukleo berritatik ateratakoak. Horiek nahikoa dute eurak indartzen. Beste biek itxura ona dute azkenengo hilabeteak euritsuak eta goibelak izan diren arren.

Erlei kasu egin aurretik ibilalditxo bat egitea erabaki dut txakurrarekin.  Orhi ez dator bat ideiarekin eta itzuli egin da autoraino.  Aurrera egin dut.

 

Tamaina oneko bi kuleto

Tamaina oneko bi kuleto

 

Bat batean bi kuleto (Amanita Caesarea) eder. Ezin dut sinetsi. Makurtu, ondo begiratu, azpiak eta txortenak horixkak baieztatu, eta  Juan Soldaoren modura al costal esan eta etxerako. Afari ederra gaurko. Bi lagunentzat arrautza-nahaski  on bat egiteko beste. Arrautza gutxi eta kuleto asko. Hori da sekretua!

 

 

Txakurra lotu eta erlak ikustera igo naiz berriro. Hamar altzaerdi dauzkat jarrita eta horietatik bi erdi hutsik. Zerbait egongo da beste zortzietan. Ea irailean negu osorako eztia ateratzeko modua egiten dudan.

Bernat Alberdiren argazki

Bernat Alberdiren argazki

Lana pilatu behar zait uda ondoren. Eztia atera, sagardoa egin… Tomateei buruz hobe ez hitz egitea. Sagarrondoak dauden bezala baleude ez genuke goserik pasako uda honetan. Sagardoaren lehengaia  behintzat ziurtatuta dago. Kalitatea lortzea beste kontu bat da.

Bernat Alberdiren argazkia.

Bernat Alberdiren argazkia.

Ortua martxan

Dagoeneko ortuan egin beharreko lan garrantzitsuenak eginda ditut aurten.  Bloga hau fenomeno datorkit egindako lanak jaso eta hurrengo urtean gogoan izan dezadan ortukari bakoitzaren kokapena. Urtero gauza berdinak toki berdinean landatzea ez da oso gomendagarria izaten eta.

Ikusmira zabala

Goiko argazkian eskuin aldeko sailak ikus daitezke. Lehenengo lekak. atzean letxugak, kalabazinak,porruak eta tomateak. Ezkerrekoak berriz, babarrunata ondoren piperrak eta piperminak.

Piparrak eta piparminak

 

Uztaren lehenengo aleak ere jaso ditut astean (kalabazinak, letxugak eta piperrak) eta lehenengo pistoa egin ere bai. Ondo ekin diogu sasoiari.

Gure amak kontatzen zuen Madalenako baserrian Madalenatan jaten zituztela lehenengo tomatea. Ea aurtengoan iristen diren.  
Hauek kaletar baten lanak dira. Seguru asko hobegarriak. 
Prest adituen aholkuak jasotzeko. Baina adituenak soilik e?                                                                                                 
letxugak

letxugak

Orhi Gure Esku Dagoren katean

2014-06-08 12.31.55 (2)

Orhi gure txakurra da. Hobe esanda  alabarena. Txuri beltza da eta ez du koxka egiten. Oraindik ez du ikasi begia ixten jolas egin nahi duenean, baina ondo adierazten dizu.

Esaten zaiona egiten du gehienetan baina aztoratu egiten da orkatzak edo lau hankako beste animaliaren  batzuk ikusten dituenean.

Orhi eta biok Gure esku dagok antolatutako giza -katera joatea erabaki genuen beste oñatiar askok bezala. Osinurdineko biribilgunetik pistan gora Etxezarretako punta ingurura  igo eta maldan behera Arrasateraino.

Goranzkoan orkatza ikusi eta bat-batean desagertu zen. Ez daki orkatzak azkarragoak eta iaioagoak direla basoan. Bi bider egin zidan jokaldia. Bera azkar eta temati inoiz erdietsiko ez duen harrapakinaren atzetik, ni urduri, beldurrez kaka dariola txakurraren zain, etxera iritsitakoan eman beharko nituzkeen azalpenei bueltak ematen.

Baina betik agertzen da. Orain arte bai behintzat. Behera iritsi eta Gure esku dago zioen lepokoa jarri zion soberan zeukan gazte batek. Egiten zuen beroa eta giza katea zela kontuan izanda  ez txakur katea (hauek hasten direnean ikusiko dugu zer antolatzen diguten), zuhaitz bati lotuta geratu zen gerizapean ekitaldia amaitu arte.

Gustura, inori jaramon egin barik, eta erabakitze eskubidea berari ez balegokio legez, nahi duenean ederki asko baliatzen badu ere.

Orhi ez da independentzia zalea. Ez horixe! Baina beste batzuen independentzia nahia ez du baldintzatzen eta zapuzten. Besteenak ez dio axola. Nahikoa lan du berearekin.

Zaldibiatik Eniriora.

IMG_0878 copy

Enirioko galtzada zaharra

Goizeko 10ak dira  Zaldibiako depositoetatik gora egiten dugunean Nafarroako galtzada zaharrean zehar. Galtzadak, antza Gipuzkoa Sakanarekin lotzen zuenaren arrastoa, ondo gordeta dago. Depositoetatik gora ez diote bota gainetik ormigoi geruza sendorik beste hainbat bide zaharrekin egin den bezala. Zati batzuetan konponduta badago ere, lehengo ezaugarri garrantzitsuenak gordetzen saiatu dira arduradunak. Ertaroan Gipuzkoan Sakanarekin batzeko edo agian lehenago egin omen zen. Nork daki. Beharbada neolitikoan kostatik udako larretara igotzeko erabiliko zuten artzainek. Auskalo!  Zenbat ardi eta artzainek jarraitu ote duten bere arrastoa mende hauek guztietan zehar Enirio, Oidui edo Errenagako larreetan uda pasatzera igotzeko.

Jentilarriko trikuharria

Jentilarriko trikuharria

Eguraldi ederra zegoen iragarrita eta horrela egokitu zaigu. Maiatzaren 18rako ez ohikoa. Bero dago beheko ibarretan baina haize freskoak jotzen du mendietan. Pixkanaka pixkana gorantz egiten dugu Jentilarriko trikuharriarekin bat egin arte. Galtzada Ertarokoa izan daiteke baina zibilizazioen arrasto zaharragoak asko dira inguru hauetan. Historiaurrean ere erabili ziren bai, bide hauek.

IMG_0894 copy

Eguzkilore eta gurutzeak Oiduiko txabolan.

 

 

 

Oiduira iristen gara. Artzain txaboletatik batzuk ohitura eta ikur zaharrak gordetzen dituzte oraindik. Gurutzeak, eguzkiloreak… gaitzetatik libratzeko bide onak omen.

Aurrera egiten dugu eta 10ak eta 50ean Enirion gaude. Eguneko gure helburua. Behera Lareoko urtegia ezkutatzen duen pagadia ikusten dugu hostoak bota berri. Bestaldera Errenagako aterpeak. Zerbait jan eta atsedena hartu ondoren beheranzko bideari ekiten diogu.

 

IMG_0893Larre artean tarteka pagadia ikusten dugu hesiz inguratuta batzuk, gizakiak tarteka egiten dituen xelebrekeria horietako bat egiteko. Kimaketa basati bat egin diete lehengo ikazkinek egiten zieten eran. Orain ez dugu horko ikatz beharrik baina intsektu batzuk bizi omen dira zuhaitz horietan eta aitzakia horrekin egiten zaizkie kimaketa hauek. Pago batzuk ezin izaten dute gainditu eta irudiko hiru hauek bezala ihartu egiten dira.

IMG_0899 copy

Ausako gazteluan Nafarroako bandera

 

 

 

 

Aurrera jarraitzen dugu Alotzara daraman bidea hartuaz baina iritsi baino dezente lehenago Errekontarakoa hartzea erabakitzen dugu jaitsiera maldatsu egiten duen bidea aukeratuz. Ausako Gazteluko hondakinen gainean,  Nafarroako bandera handi bat agertzen da, harro, haizeak zabalik, inoiz Erreinu zaharraren parte izan zela adierazi nahian. Errekontan beste janalditxo bat egin ondoren beherako bidetik jarraitzen dugu 14:20ak inguruan txangoari Zaldibian amaiera emanaz kroketa eta basoerdi banarekin.

Sagardoa botilaratzen.

Inausketak eta egur mozketak ilbeheran egin behar omen dira. Baita sagardoa botilaratu ere. Arazoa da euskarak ilbeherarentzat esanahia bikoitza duela.

Bata ohikoa, ilbetetik ilberrira dagoen ilargialdia da. Ilargiak eguzkiaren argia bete-betean islatzetik batere ez islatzera ematen duen denbora tartea.

Bigarrena, ilargiak lurrarekiko altueran egiten duen bidea adierazten duena.  Ilargiak 27 egun, 7 ordu eta 43 minutu behar izaten ditu lurrari itzulia emateko. Tarte horretan 14 egunez orbitan gora doa eta beste 14 egunez behera. Gora doa bezperan baino gorago agertzen zaigun denbora tartean eta behera bezperan baino beherago ikusten dugun tartean.

Inausketak ilbeheran egin behar direla esaten denean bigarren esanahi honetaz ari dira adituak nire ustez. Euskaraz, nik dakidala, ez dugu hitz berezirik fenomeno hau adierazteko eta ilargialdiendako erabiltzen ditugun hitz berberak erabiltzen ditugu fenomeno hauek adierazteko: ilgora eta ilbehera.

Sagardoa botilaratzeko ez dugu arazorik izan Lunario 2014 liburuxkak dioenaren arabera, ilbeheran, eta ilargia bere orbitan beherantz doanean egin behar izaten baita. Gure kasuan beste baldintza bat ere bete behar izaten da: jaieguna izatea, edo lanera joan beharrik ez izatea.

Baina Lunario horri jaramon eginez gero aurrekoak ez dira nahiko eta  beste baldintza batzuk ere bete behar izaten dira: Leo edo Virgoren parean egon behar du ilargiak, eta marea gorantz datorren ordutan egitea onena. Eguraldiak ere badauka zerikusirik eta ekaitzak haizetea eta hotzak saihestu behar dira. Baldintza hauek guztiak betetzen zituen eguna aukeratu genuen; baita aukeratu ere. Apirilaren 16a, goizeko 9:15etik arratsaldeko 16:15era.

Baldintza hauek guztiak beteta ekin genion lanari baina azken baldintzari eta garrantzitsuenari jaramon gehiegi egin gabe; hau da, likidoaren zaporea.

Emaitza, sagardo pattala, indar gabea. Espero dezagun botilaldian hobetzea, udan sagardo bikain bat edukitzea eta bateon batzuen irribarre ironikoak inbidia adierazpen bihurtzea. To!

A! Ilargiaren goranzko eta beheranzko tarteak adierazteko beste hitzik ezagutzen baduzu, bidali mesedez edo argitaratu ezazu mesedez blog honetan. Baina ez eskatu trukean botilarik gutxi ditugu eta.

Errentan ordaindu beharrekoaren %0,7a administrazioak kudeatutako helburu orokorretara?

Goiena.net-en irakurri ahal izan dugu aldaketa txiki batzuk izango dituela aurtengo Pertsona fisikoen errenta aitorpenak Gipuzkoan. Aurrekoetan ordaindu beharrekoaren %0,7a elizara edota interes orokorreko elkarteei zuzentzeko aukera eskaintzen zitzaigun. Aurten hirugarren laukitxo bat gehitu diote: administrazioak kudeatutako helburu orokorretara zuzentzea eskaintzen zaigu alegia. Ez da nire 0,7a horra bideratuko.

Ez dakit ideia hau EAJ-PSE-PP-k adostutako hitzarmen fiskalean jaso den ala Gipuzkoako Foru Aldundian agintean dagoen Bilduri bururatu zaion. Edozein dela bultzatzailea ez deritzot ondo. Badirudi gure administrazio ase ezinak (Ez ahaztu Europako zerga tipo altuenetakoak ditugula estatuan) lehenago gizarte ekimeneko (Irakur jendarte gizarte ez baduzu gustuko) erakundeetara zuzendu zitekeen diru horren egarriz edo inbidiaz dagoela. Ez duela nahikoa %99,3arekin eta %100 nahi duela berak dituen gizarte helburuetara zuzentzeko, Gobernuz Kanpoko Erakundeen munduan  egon diren ekimenei eta egin diren lanei bizkarra emanaz.

Inoiz ez digu inork azaldu zertan erabiltzen zen interes sozialeko ekintzetara bideratutako  diru hori. Pentsatu nahi dut Gobernuz Kanpoko Erakundeek sustatutako ekintzak finantzatzen erabiltzen zela. Jakina da GKEen munduan akats asko  egin direla, baina ondo egindakoak ere asko izan dira. Administrazioan bezala. Ezagutzen ditugun administrazioen artean, ez da dena urre kolorekoa boterean dauden alderdiak ezkerreragokoak ala eskuineragokoak izan.

Ez dut ezagutzen proposamen berri honen helburua eta ezta ere zertarako erabiliko den hortik jasoko den dirua. Ezin jakin azalpen garbiak ematen ez badira. Nik badaezpada, Gizarte ekimenean sinesten dudalako, lehenago egiten nuen bezala, interes sozialeko beste xede batzuetarako laukitxoa beteko dut.

Gurean ere txakurrak ortozik

Gosaria oso garrantzitsua da dieta osasuntsu batean. Garrantzia handia ematen diot eta aste egunetan ez zait falta izaten zukua, kafesnea eztiarekin gozotua, gaileta batzuk eta ahal bada mermelada apur bat. Igande eta jai egunetan gustura jaten dut urdaiazpikoa tomatearekin igurtzitako ogi xigortuaren gainean. Hori bai, Apocard, Adiro eta Omeoprazol ( edo generikoak) eguneroko osagaiak ditut.

Hain gosari sanoek ez naute libratu joan den astean Arrasateko ospitalean egonalditxo bat egitetik. Antza, beste zerbaitetan egiten du kale nire bizimodu osasuntsuak.

Jende dezente ezagutu dut atsedenaldian. Erizain eta laguntzaile langile eta adeitsuak, sendagileak, eta baita ondoko ohetik pasa den lagun pare bat. Lehenengoarekin bi egun eta bi gau egin nituen. Martin (ez da bere benetako izena) ebakuntza bat egitera etorria (ekarria) zen ospitalera eta bera eta bere bizitza ezagutzeak gure inguruan era guztietako miseriak daudela erakutsi dit baldin eta lehenagotik ez banekien.

Martinek, Gipuzkoako herri euskaldun batean jaio arren ez daki euskaraz. Harrituta, bere gurasoak kanpotarrak ote ziren galdetu nion, eta aita bai baina ama herrikoa zela erantzun zidan. Bost urte zituela utzi zituen amak bere sei seme-alabak aitaren kargura eta Nafarroako Erriberako herri batera joan omen zen beste gizon batekin bizitza berri bat hastera. Umetan hainbat baserri eta baserriko lan astunak ezagutu zituen amak Erriberara deitu zuen arte. Hamar urterekin utzi zuen jaioterria baina ez zuen denbora asko behar izan amarekin haserretu eta etxea uzteko. Lanean hasteko gai izan zenean zainzuriak batzen, mahatsa jasotzen eta beste hainbat lanetan aritu zen. Valentzian laranja bilketak eta Lleidan beste fruta batzuenak Nafarroakoekin tartekatu zituen harik eta Gipuzkoara itzuli eta bertako lantegi pare batean beharra aurkitu zuen arte

   Ardo asko edaten nuen sasoia hartan. Berehala hasten nintzen jotak kantatzen eta El jotero deitzen zidaten. Berehala mozkortzen nintzen

Baina gauzak antza ondo ez eta bere buruaz beste egiten saiatu zen.

Ez dut ulertzen zergatik nagoen ingresatuta eta tratamenduan ordutik hona. Behin neure buruaz beste egin izanagatik hamar urte horrela egon beharra. Ez dut ulertzen.  

Beste arazo batzuk ere bazituen. NASAren jazarpenaren biktima zen eta bere burua pertsegituta sumatzen zuen.

Nasakoak nire atzetik dabiltza. Ez dakit zer egin nahi duten baina ez naute bakean uzten.

Anaia bat ere galdu zuen duela urte batzuk. Bera baino zaharragoa. El latigo deitzen omen zioten. yonkia, liskarzale eta borrokazale amorratua.

Martinen bizitzaren zati bat ezagutu nuen ospitalean egon nintzen bitartean. Konfiantza apur bat izatera ere iritsi ginen elkarrekin egon ginen egunetan, eta hirugarrenean, anbulantziako gidaria bila etorri zitzaionean pena pixka bat hartu nuen. Berak ere bai.

Laguntzaile batek ekarri zuen eta gidari batek eraman. Han egon zen denboran ez zitzaion inor bisitan etorri. Ezta sendikorik ere, nahiz eta eurekin telefonoz behin baino gehiagotan hitz egin eta bere jaioterritik oso urrun ez izan.

Gelako atea itxi zenean pentsatu nuen gure gizarte honetan dauden miseria eta gabeziak ez direla bakarrik ekonomikoak. Maitasun eta osasun miseriak ere asko direla begien bistan ikusten ez ditugun arren.

Martinek berrogeita lau urte ditu. Gurean ere txakurrak ortozik.

Berrogeita hamar euro urtean ez dira asko.

Baltistan Fundazioan Machuloko Munawar eskolako 2014ko bideragarritasuna ziurtatzeko asmotan gabiltza. Horrela ibiltzen gara urtean urtekoa ziurtatuaz, urte anitzeko plan bat egitea ezinekoa delakoa.  Kanpaina honen bidez lortutako diruekin eskolatutako nesken, edo familia txiroko semeen (gaur dotoreago geratzen de baliabide urriko edo horrelako zerbait),  edo zurtzen, gastuak ordaindu nahi ditugu eskolara joateko aukera izan dezaten.

Pakistan, India eta Afganistanek osatutako hirukoa munduan txiro dimentsioaniztun gehien dituen eskualdea da. Ez portzentajean, baina bai zenbaki absolututan. Pobrezia areagotu egiten da mendiko zonaldeetan; Hushe ibarra da adibide egoki bat.

Berrogeita hamar euro ez dira asko, bestela eskola ezagutuko ez zukeen neskatila baten urteko matrikula, materiala eta uniformeak  ordaintzeko balio badu. Ez da asko honela neska baten hezkuntza  urte batez ziurtatzen badugu, hori egin ezean etxean geratu beharko litzatekeelako bizi den inguru latz horretan gutxi batzuk direlako hezkuntzaren onurak jasotzeko eskubideak dituztenak, eta gutxiago neska jaiotzen dena.  Neskak hobe omen daude  etxean amaren eginkizunak eta lanak ikasten,  gazterik,  bera baino urte batzuk zaharragoa izango den gizonezko batekin ezkondu ahal izan dadin. Horrela dira gauzak Karakorumeko ibar ezkutu honetan.

Askotan galdetzen diot neure buruari zergatik lehenetsi dudan azken hamahiru urtetan Gobernuz Kanpoko Erakunde honekin lankidetzan aritzea, gurean ere pobrezia mugarik gabe ari denean zabaltzen. Ez dut erantzun garbirik. Agian 2000 urtean hango jendea ezagutu nuelako eta hemengo txiroenak ez bezala hangoen aurpegiak gorde ditudalako. Agian gurean hainbat egoera guztion artean babesten ditugulako zergen  bidez eta han ez. Agian gurean beste erakunde batzuk erantzuten dietelako bertako behartsuei eta han ez. Agian askoz zailagoa iruditzen zaidalako hemengo elkartasun taldeetan aritzea hangoetan baino.

Hautua eginda, ekimenaren berri ematea eta zure ekarpena eskatzea tokatzen  zait. Berrogeita hamar euro soberan badituzu, jakin egiten dizugun proposamen honekin neska baten urteko ikasketak ordaintzeko aukera izango duzula Baltistan Fundazioaren ekimenarekin bat egiten baduzu.

Errealitate honi buruzko informazio gehiago nahi baduzu, Goienak ostiralean argitaratutako elkarrizketara jo zenezake, edota fundazioaren webgunera.

Ezagutzen ez duzun neska horrek, inoiz ezagutuko ez duen babesleari esker ikasi ahal izango du.