Zientzia ezagutza da. Hainbat bide erabiltzen dituzte zientziaren adar desberdinek teoria eta tesiak baieztatzeko eta berresteko: arrazonamendua, logika, ikerketa, frogak, eta noski, teknologia berrienak.
Teknologia berrienak erabili berri dituzte Atapuercako zientzialariek bertako gizaki fosilen genoma aztertzeko. Atera duten ondorioen artean, eta beti hipotesi gisa, Iberiar penintsulako lehen nekazariak Mediterraneoko kostaldetik sartu ziren Asiar jatorriko gizakiak zirela, eta gutxienez duela 5.000 urte gertatu zela hona ekarri zituen migrazioa, DNAko azterketak egin zaizkion fosil zaharrenak adin hori baitu.
Beste ondorio bat, euskaldunak garela Atapuercako gizakiekin ahaidetasun genetiko handiena dugunak.
Horraino zientziak planteatzen dituen hipotesiak. Ondoren kazetariek hipotesia hartu, albiste bihurtu eta norberaren ideologia edo ikuskeraren iragazkitik pasa ondoren, argitara daitekeenaren adibide pare bat.
El Paisek argitaratu zuen artikulua irakurrita, zur eta lur geratu nintzen, kazetariak abertzaletasunaren oinarri ideologikoak astintzen zituen aurkikuntza baten aurrean geundela frogatzen nola saiatzen zen ikusita.
Manuel Ansedek sinatutako artikuluak di-da batean ezabatzen ditu Ibarretxe lehendakariak estatus politiko berri bat aldarrikatzeko erabili omen zituen argudio guztiak. Gazteleraz irakurtzea merezi du: El antiguo lehendakari Juan José Ibarretxe solía repetir que el pueblo vasco “tiene 7.000 años”, para defender la creación de un estado independiente cuyo origen se remontaría “al Mesolítico”.
Baina ikerkuntzaren emaitzek hainbesteraino baieztatzen dituzte kazetariaren sinesmen eta pentsaerak, gizonak ez duela nahiko Ibarretxe lehendakariaren argudioen aurka egitearekin, eta ausarki, abertzaletasuna bera kolokan jartzen duen aurkikuntza baten aurrean gaudela esaten digu: Los nuevos estudios dibujan una realidad menos deseable desde el punto de vista nacionalista, pero no exenta de épica.
Datu hauek kazetariarentzat oso garrantzitsuak omen dira, baina ulertu beharko luke independentzia politiko egarria ez dela oinarritzen mesolitikoko kontuetan egunerokotasunean baizik.
Vocentoko kazetariak berriz, erakutsi digu zein zaila den izenburu egoki bat hautatzea. Alderdi jatorragora jo nahian arloteenera jo du benetan: El origen asiatico de los baserritarras.
To! Oraindik ere euskaldunak jatorriaren edo bizitokiaren tamaina, geografia edo lanbidearen arabera berezitu nahi gaituztenak bizirik: Hiritarrak eta baserritarrak.
Edo kazetariak ez du ulertu euskaldunok genomaren ezaugarri berdintsuak ditugula, izan baserrian, kalean edo hirian jaiok, edo ulertu du baina nahiago izan du euskaldunak jarri behar zuen tokian baserritarrak jartzea. Intentzioa ezin dut asmatu.