Juan Gelman.

Asteon zendu zaigu Juan Gelman poeta argentinarra. Jasotako sariak, bere militantzia politikoa, eta seme-errain eta bilobari milikoek egindakoak aireratu dituzte bateko eta besteko hedabideek

Juan Gelmanenganako zubia beste Juan batek eraiki zidan 70eko hamarkadan: Juan Cedronek hain zuzen,  Gelmanen poemak  maisuki musikatu zituenean.

Argazkitan bakarrik ikusi dugu. Aurpegi argal zimurrez betea, asko ikusi eta bizitza gogorra egokitu zaionaren begirada sakona, eta sufrimendua azaleko  ildo bakoitzean. Galdutako biloba aurkitu izanaren poza, ete  diktadurak lapurtutako seme-errainen galerak eragindako pena gaindi ezinaren tristura, biak batera  islatzen duen aurpegia.

Cedronek  Gelmanen poemak musikatu zituenean, anabasa eta oinazea ziren nagusi euren jaioterrian. Musikariak eta poetak bat egin zuten hainbat erronketan, eta argitaratutako  doinu eta hitzetan  iraultzailearen aldarria aurkitzen dugu. Kupida gabe kolpatu eta urperatzen duen tsunamiari aurre egiten  dio duintasunez montonero militanteak. Hizkuntzaren iraultzaile eta iraultzaile sozialak; iraultzaile globalak.

70. hamarkadako Gelman militanteak bizirik dirau  hainbat poema eta  kantetan. 1976an  Argentinako matxinada militarreko urtean, berak idatzi eta Juan Cedronek musikatutako Cantata del gallo cantor  grabatu zuen Frantzian Cedron laukoteak.

Hirurogeita hamaseian  Argentina eta Espainiak bide politiko kontrajarriei ekin zioten.  Batean milikoak (Videla eta lagunak) boterera, bestean diktadore militarra lurperatu berri. Bi herrialdeek abiatutako bideak desberdinak izanagatik hainbat parekotasun aurkitu daitezke aipatutako kantatan. Ez ditut egoerak parekatuko Argentinan desagertutakoek, lapurtutako umeek eta bidegabekeriek ez dutelako parekorik mundu zabalean, baina Cedron laukoteak Paco Ibañezekin batera abestutako kanta hau (Cambios) entzuten baduzu, ikusiko duzu zein gertukoa egiten zaizun Eugenioren historia,  eta ze parekotasun gordetzen dituen Itziarren semearenarekin adibidez. Seguru Kantata beraren Cartas izeneko garrasi mingarri eta tragikoak ez dizula urrutiko egoera sinestezin bat ekarten gogora.

Juan Gelmanek narrutik ordaindu zuen talde politiko-militarraren kide izana. Zorrak kitatuta hainbat sari jaso ditu bere poetikaren aitortzea moduan. Tartean Cervantes eta Reina Sofia sariak.

Espainiako erreinua talde politiko-militarreko kide ohiari sariak ematen! Handiagoak ikusiko ditugu!

Joan zaigu Juan Gelman, bere poemak, bere tragedia eta bere historiarekin.

Agur betiko.

Sefiní

basta por esta noche cierro
la puerta me pongo
el saco guardo
los papelitos donde
no hago sino hablar de ti
mentir sobre tu paradero
cuerpo que me has de temblar

Belatxaren bidaia.

Musikak bidaiatu egiten du. Airez  zentzu hertsian, baina baita kulturatik kulturara edota herritik herrira zentzu metaforikoagoan. Euskaldunok ere jakin izan dugu maileguen merkatu horretara jotzen besteen doinuak hartu eta gureak eskaintzeko. Bi adibide aipatzen dira behin eta berriro: Geuria da ta geuria aspaldi kantatzen genuen euskal kantaren doinu israeldarra, eta Uso xuria errazu kanta zoragarria, Europaren erdialdeko haur edo sehaska-kanta baten doinuz egina.  Berriagoak dira Benito Lertxundik eta beste batzuk zeltiar doinutegitik maileguan hartutakoak.

Ez gara inportatzaileak soilik izan, eta gogoan dut gure osaba Anbrosiok kontatzen zigula Rimski Korsakov-ek konposatutako Scheherezade poema sinfonikoaren mugimendu bat (buruz nabil baina uste dut hirugarrena dela), Agate Deunaren kantetan oinarritzen zela. Antza Rimski Korsakov  merkantzia ontzi bateko kapitaina izanik, Pasaiara egindako bidaia batean entzun zituen Agate Deunaren bezperako kantak eta liluratuta beretzat hartu zuen hain gurea den doinua.

Bidaiak, kultura beraren osatzaile desberdinen artean ere gertatu izan  dira, eta euskal elizak gure kantutegi herrikoia erabili duen bezalaxe, musikariek eliza doinuak erabili izan dituzte. Adibide bat, Hona bildots eztiaren musika harturik Oskorrik kaleratutako Guretzat berdin dira.

Gehiago ere aurkituko genituzke baina duela urte batzuk atentzioa eman zidan bat aipatu nahi dut, Ximun Haran zendu berriari omenaldi xume gisa. Gauza jakina da 50eko hamarkadan Ximun herriz herri ibili zitzaigula magnetofoi zahar bat hartuta kanta zaharrak biltzen. Horrela zioen Elkar argitaletxeak Xiberoko kantüak izenarekin 2003an argitaratutako CD batean Ximun Haranek berak.  Queheille Altzürükü-koak Belatsa kantatu zuen gau batean, letrarik gabeko kanta benetan ederra, gabirai baten hegaldia imitatzen duena. Queheilleri entzuten genion bitartean Michel Eppherrek ahopeka esan zidan: bera da kantatzen dakien bakarra, berarekin batera desagertuko da kanta ere. Entzundakoak kezkatu egin ninduen, eta horrela, Frankfurt-era joatea erabaki nuen Grundig bat erostera.

Belatxa, Belatsarena bezala ere ezagutu dugu, eta doinu eder bezain zirraragarria izan arren ez da gure artean oso ezaguna egin, agian hitzik gabea delako.

Baina gure herriko mugak zeharkatu dituen horietako bat da. Jan Garbarek saxofoi jotzaile norbegiarrak The Hilliard Ensemble ahots laukote britainiarrarekin grabatutako Mnemosyne CD bikoitz batean Mascarades izena duen inprobisazio bat aurkitu nuen (… puisque nous improvisons tous et qu´aucun de nous ne sait ce qui va se passer ensuite). Eta zein uste duzue zela izenburu horren pean inprobisaziorako erabili zuten doinua? Bada horixe: Belatxa edo Belatsarena.

Bai urruti egin dreuela hegan, hiltzear egonik Queheille eta Haranen artean berpiztu zuten Euskal Herriko gabiraiak!

Ikus-entzunezkoen rallya eta Mendi hamabostaldia Oñatin

Une txarrak ari da bizitzen kulturaren mundua, kultura  hitzaren esanahi zabalenean hartuta. BEZaren igoerak eta diru-laguntza publikoen murrizketek eragin handia izan dute kulturaren profesionalengan. Besteak, herritarren ekimenetatik sortutako kulturak, gogor eusten die ekonomiaren ekaitzei.

 Aloña Mendiko mendi sailak azaroaren  6an  hasi eta 29an amaituko den hamabostaldi bikaina antolatu du (Oñatin hamabostaldiak  egun gehiago izaten dituzte, monjetara eguraldi on eske eramaten diren  arrautza dozenek bezala). Dennis Urubko kazajoarekin emango zaio hasiera, eta tartean, 22an hain zuzen, Baltistan Fundazioak lurralde menditsu haietan egiten duen lana ezagutzeko aukera izango dute Kultur Etxera hurbiltzen direnek. Kirola, kultura eta lankidetza uztartuko ditu Aloña Mendik hiru aste luzeko hamabostaldian.

Ez da aurtengo azaroan dugun kultur ekitaldi bakarra. Hilaren 16an laburmetraien rallya izango dugu. Hau antolatzen  ere ari da norbait  lanean! Egitaraua ezagutu nahi duenak, edota parte hartu nahi duenak, sarean ditu ordu, baldintza  eta jakin beharreko guztiak. Bi minutu baldin badauzkazu eman promozioko ikus-entzunezkoa ikusten.  Merezi du.

Gauza gehiago ere izan ditugu denbora laburrean. Lope 500 hamabostaldi amaitu berria ere aipatu beharra dago. Baita urte luzeetan zehar  antolatu den zinekluba, eta herritarrek antolatzen dituzten beste hainbat ekimen. Honek erakusten digu kulturarekin konprometitutako herritarrak asko direla gure artean, eta laguntza txiki batzuekin ikaragarrizko lana egin daitekeela herri bati kultur eskaintza oparoago bat eskaintzen.

Kontzertu bat eta bi kritiko

Aurreko batean idatzi nuen Donostiako Jazzaldiko pare bat kontzertutara joateko asmoa nuela. Horrela izan da. Ostiralean   Dave Douglas eta Pharoah Sandersen kontzertuak entzun genituen Heineken zerbeza etxeak emandako sirak soinean euritik babesteko, eta igandean Youn Sun Nah eta Hiromirenak. Bakoitza bere musika taldearen laguntzaz noski.

Betik izan naiz Trinitateko plazako zalea. Duela berrogei urte Jazzaldia lehiaketa ez hain ospetsu zenetik gaur arte makina bat entzunaldi egin ditut bertan. Gauzak asko aldatu dira berrogeita zortzi urte hauetan, eta jazzaren ikuskera ortodoxoak bazterrean utzita era guztietako musikei tokia egiten ikasi du Jazzaldiak. Era askotako musikak era askotako eskenatokitan. Dohainik kontzertu batzuk, ordainekoak besteak, gaurko musikaren bozgorailu bihurtu zaigu Donostiako jardunaldia.

Horrelakoetan oso garrantzitsua izaten da kritikoen eginkizuna norberak ikusi eta bizi izandakoari ikuspuntu kritikoagoa eta aberatsagoa gehitzen diotelako.  Batzuetan baina, ez dakizu noren kritikaz fida zaitezkeen. Hona hemen kasu bat. Irakur eta konpara itzazu Hiromiren kontzertuaz Jon Ojangurenek El Paísen, eta Yahvé M. de la Cavadak Garan idatzitakoak. Dirudi bi kontzertu desberdin entzun dituztela edota batek Hiromi maite duen neurrian gorrotatzen duela besteak ezinezkoa baita premisa objektiboetan oinarrituta horrelako iritzi kontrajarririk ateratzerik.

Zerbait argitzen laguntzekotan, esango nuke Ojangurenenak hobeto jasotzen duela kontzertuan ikusleek bizi izandakoa De la Cavadarenak baino, Trinitateko plazak zutik eskertu zuelako Hiromiren teknika, perfekzioa eta erritmoa.

2013-07-26 21.33.42

Auritzen erromatarren arrastoei jarraitzen.

Aurizperrin ikus daitezkeen milarioak

Aurizperrin ikus daitezkeen milarioak

 

Lagunok, gaztetan hainbeste ordu konpartitutakoak, urtean behin edo bi aldiz biltzeko ohitura hartu dugu. Kontu zaharrak gogoratu eta berriak ikasi, egunero dugulako zerbait ikasteko aukera. Urteak aurrera joan ahala gauza eta kontzeptu berriak asimilatzeko gaitasuna geldotuaz joaten da. Badirudi giza-ordenagailuaren diskoa beteta, ez dagoela ideia edo ezagutza gehiagorako tokirik, baina amore eman ordez, ezagutzen ez ditugun gauzekiko kuriositatea eta ikasnahia gorde eta zaindu beharra dago. Horretan saiatzen gara.

Azken irtenaldian erromatarrekin egin dugu topo. Egia da aspaldi, erromatarrak guretik ez zirela pasatu edota ez gintuztela menderatu zioen lelo zaharra, ez dakit abertzaletasun espainiarraren edo euskaldunaren mitoa, sinetsi egin genuela, baina erori ere aspaldi erori zitzaigula beste teoria batzuk ezagutu ahala.

Aurreko asteburuan egindako ikustaldiek, erromatarren aztarnen norabidean jarri gintuzten. Rafa gure lagunak, Iturissa aurkitu dutela uste du (arrazoi sakonak ditu hori sinesteko), eta Ibañetatik Iturisan barna Artze ibarretik pasatuaz Irunberrira zeraman galtzadaren arrastoa nondik nora joan zitekeen azaldu zigun. Teorizazio bat da, baina ideia hori bidean aurkitutako miliarioek  justifikatzen dute.

Ustezko Iturisako kata bat

Ustezko Iturisako kata bat.

Erromatar galtzadaren arrastoak

Erromatar galtzadaren arrastoak

Igandean, ibilalditxo bat antolatu zuten Aurizperriko Errobi kanpinetik Saraguetaraino ustezko erromatar galtzada jarraitzeko.  Dozena bat lagun ginen joateko. Ahoz ahokoak lan handia egin, eta goizeko bederatzietan inguruetako eta kanpoko 100 lagun inguru ginen ibilaldiari ekiteko prest.

Eguraldia lagun osatu genuen ibilbidea, Juanmarik eta Rafak emandako azalpen guztiak bete-betean sinetsita. Teoriak izango dira, baina ondo arrazoituak eta gure historia galdua osatzeko ezinbesteko kate-mailak.

Hainbat gauza ikasi genituen. Ikasi genuen Aurizperri eta Auritz bitarteko lautadetan hektarea askoko zabalera izan zuten bi herri gutxienez izan zirela erromatarren sasoian, eta  bide batez asteburu bikain bat pasatu genuen hango gastronomiaz eta ingurugiroaz disfrutatzen.

Ez da gutxi!