Bi eskas.

Toponimoa.

Bi eskas; Biescas. Bizkar hitzetik omen dator batzuen iritziz. Horrela irakur dezakegu Un paseo con Maxi por la historia de Biescas liburuan. Liburu berak adiera orijinalago bat ere badakar:  Padre Martonek, vi escas-etik datorrela dio 1749an Zaragozan argitaratutako liburu batean, eta Vicencio Blasco de Lanuza baten hitzak hartuaz, con fuerza, industria y trabajo buscamos los manjares, o mantenimientos esan nahi duela idazten du. Toponimoaren jatorri euskalduna edo aurre-indoeuroparra ez da zalantzan jartzen.

Euskal Herriko mendizaleek ondo ezagutzen dute herri txiki hau, Ordesarako edota Pantikosa, Sallent edota Formigalerako pasabide derrigorrezkoa delako. Herrigune dinamikoa, eta turismoaren onura eta diktadurara emana da.

Feria eguna.

Urtero, urriko hirugarren asteburuan udazkeneko feria ospatzen da. Oso erakargarria. Era guztietako gaztek -Gavas, Aragoi, Ipar eta Hego Euskal Herrikoak- erakusleiho zabal eta saltoki erakargarri bihurtzen dute herria. Ez dira falta Barkoxeko edo Nafarroako pateak; Aragokio lukainka eta urdaiazpikoak Txirritaren hain gustukoak; perretxiko, ardo, sagardo,…

Ondoko artzaiak ekarritako arkumeak.

Abereak ere bai.  Ganadu, zaldi, mando, ardi, ahuntz, piriniotako mastinak, baserriko tresneria…

Arztaiak feriara jeisten dira euren artaldeekin.

Artzaiak feriara jeisten dira euren artaldeekin.

 

 

 

 

 

Animazioa kaleetan. Betik dago, Zaragozatik jende dezente igo ohi delako opor sasoian eta are gehiago feria egunetan. Ez dira falta musikoak, sariketak, enkanteak, ohikoa den txahalki errea, eta beste hainbat eta hainbat kontu.

Merezi du. Ahal baduzu joan zaitez datorren urtean. Feriatik buelta bat eman eta menditik beste bat emateko adina ematen du asteburuak.

 

Mendi irteera. Le Chemin de la Mature

Aspaldi begiz jota geneukan ibilbide biribil bat egitea pentsatu dugu: Pont de Cebers, Le Chemin de la Mature, Arraseko lepoa, Etsauteko bidegurutzea, Pont de Cebers.

Le chemin de la Mature

Le chemin de la Mature

Le Chemin de la Mature, bide zorabiagarri bat  da,  Luis XVI.ren denboran haitzean zabaldutakoa basoetako egurra ateratzeko. Gida batean (ez ditut pista gehiago emango) irakurri dugu ez dela arriskutsua, baina bai kontuz ibiltzekoa, ya que en algunos puntos la senda no tiene más de tres o cuatro metros de anchura. Betik pentsatu izan dut gidak idazten dituzten askok ez dituztela azaltzen dituzten ibilbideak inoiz egin. Ez dakit bide honek lau edo hiru metroko zabalerarik inon izango ote duen. Metro eta berrogei, bi metro inguruko zabalera izango du tarte seguruenetan. Bertigorik baldin baduzu ez egin kasu gida honi. Ez zaitez joan.

Pacq-eko basoan sartu-irten luze bat egiteko aprobetxatzen dugu eguna,  onddoen esperantzatan. Ziza hori batzuk, pinutela bi eta gibelurdin bat. Arrautza nahaskia egiteko beste. Onddoek hurrengoan beharko dute.

Sei ordu ibili ondoren autoan gaude berriro. Azkar Biescasera txahalkia zain daukagu eta.

Faja de Pelayn Ordesan.

Abuztuaren hogeita bederatziko goizeko zazpi eta erdiak dira Biescasen, eta gure ordu-eremuko herri guztietan noski. Arrapataka Faja de Pelayko ibiladia egitea erabaki dut. Gosaldu, Torlara joan, eta goizeko 8:45eko autobusa hartuta Ordesarantz abiatu naiz.  Gaur Taupametro ez dator nirekin. Etxean geratzea erabaki du. Ez omen ditu inprobisazioak gustuko, eta ez da kontua nahi ez duena etortzera derrigortzea. Giroa ilun dago eta euria dago iragarrita. Hamar lagun goaz autobusean. Mendizale finak lehenago joango ziren eta turista alperren ordua ez da oraindik iritsi.

Faja de Pelay Ordesako hego paretan dago eta 1.900 m. inguruko altueran doan bide erraza eta ikusgarria da. Soasoko zirkotik edota Ordesako aparkalekutik har daiteke norabide batean edo bestean. Desnibela bera izan arren,  Ordesako aparkalekutik hartuta gogorragoa dirudi zuzen zuzenean igotzen delako. Bera aukeratu dut, aparkalekutik miradoreraino daramana Senda de los Cazadoresen gora.

Senda de los Cazadoreseko zorua.

Senda de los Cazadores

 

Hasieran orbelak geruza samur batez estaltzen du bide estua. Gora joan ahala, eta pinu eta izeiek pagoen tokia hartzen duten heinean, hartxintxar bihurtzen da bidea, baina ez da horregatik eginezin bihurtzen; erosoa izaten jarraitzen du. Lau tanta erori dira; zerbait gehiago datorren seinalea ote? ez du ematen. Gorantz jarraitzea erabakitzen dut eta  gaindi ezina dirudien harkaitz bat ikusten dut parez pare. Bideak sigi-saga, batean ezker eta bestean eskuin eginaz gainditzen du gaindiezina dirudiena. Ordu eta erdian Calcilarruegoko (hau izena) miradorean nago.

Edelweissak
Edelweissak Faja de Pelayn

Hamar eta erdiak dira. Cotatueroko zirkoari, izen bereko ur-jauziari eta Cascoari begiratu bat eman, fruitu lehor batzuk jan, eta Soasoko zirkorantz abiatzen naiz. Garbitu du. Oraingoz ez dugu euririk izango. Rododendroak eta edelweissak dira nagusi bide bazterretan. Zoragarri behar du honek ekaina-uztailean rododendroen lora gorriez mozorrotuta.

Monte perdido sutan

Monte perdido sutan

Soasoko zirkora iritsi eta nola ez, Cola de Caballo deitutako ur-jauziaren ondoan egingo dut hamarretakoa. Hamabi eta erdiak dira eta merezitako atsedena hartzen dut. Oinak ur hotzetan freskatzen ipini, presa barik eguzkiaren izpiekin lehortzen utzi, eta ordu batetan Ordesa ibarreko bidea jaisten hasten naiz.  Tabernan  zerbeza bat hartzen dudan bitartean bidea kontrako norabidean Andoni lagunarekin eta seme-alabekin egin genuenekoa datorkit gogora; ez da errepikatuko zoritxarrez. Autobusa iristen da. Hirurak dira.

Biescasen naiz, eta komuneko eta dutxako kontuak egin ondoren Coetzee-ren Jesusen haurtzaroa liburua amaitzera jarri naiz. Nobel saridun guztien lan guztiak ez dira bikainak.

Taupametro bularrean.

Nire pultsometroari Taupametro  deitzea erabaki dut. Elhuyar hiztegiak dio gaztelerazko pulsometro hitza pultsometro dela euskaraz; pulsoari berriz pultso edo taupadak, baina marcapasosari  taupada-markagailu. Bada nire pultsometroa Taupametro deituko da gaurtik aurrera. San Inazio egunean oparitu zidaten (ez dakite ondo zer egin duten), eta abuztuaren 16ko itzulia, Wallon aterpetxetik Panticosarakoa, gogorra izan zitekeelakoan (Ezta  Isa?) bularrean jarri nuen irten aurretik.

Goizeko zazpi eta erdiak ziren Arratilleko Ibarretik izen bereko lepora igotzeari ekin genionean. Polita bidea eta ezuste atsegina aurrez ezagutzen ez genuen parajea hau. Granitoa, ura, pinuak eta belarra proportzio justuan. Gora igo ahala eskisto gehiago eta berde gutxiago.  Izen bera daramaten bi lakuak igaro, eta lepoan ginen goizeko 10etan.

Arratilleko ibarreko bista bat

Arratilleko ibarreko bista bat

Begi bistan ikus daitekeenagatik bakarrik merezi du honaino igotzeak. Vignemale alde batera, bestera Grand Arratilleko  (azkenik ez dakit Arratille ala Aratille den bietara idazten baitute) tontorra, Arako Ibarra oinpean… Zoragarria. Eguraldia fresko samarra sasoirako, goizeko hamarrak zirela kontuan izanda ere.

Arako ibarra Arratilleko lepotik

Arako ibarra Arratilleko lepotik

Brazatotik itzuli ala Bramatuerotik egitea genituen bi aukerak. Bide batetik zein bestetik egin zailena geratzen zitzaigun. Eguna amaitu baino dezente lehenago frogatu genuenez bide luzeena eta gogorrena aukeratu genuen (nuen): Bramatueroko harri-mortua. Arratilleko lepotik behera, Batanseko txabolara jaitsi gabe izen bereko goi-lakura igotzea lortu genuen bidea pixka bat laburtuz. Letreroko malkar ezatsegin eta gorrotagarria genuen parez pare.

Letrero lepoko igoera nazkagarria.

Letrero lepoko igoera nazkagarria.

Taupametrok agindutako guztietan geratuz lortu genuen gainera iristea. Jaitsiera eroso bat baino ez zitzaigun geratzen. Ustez.

Seguru asko azkarrago egingo  genuen geratzen zitzaiguna   Letreroko Ibonetik Bramatuero goiko ibonera pasatzerakoan bidea galdu izan ez bagenu.  GR-11 bezala iragarrita dago bidea, baina ez duzu GRen  orientazio marka zuri-gorririk aurkituko, harripilak han hemenka baizik. Behin bidea berriro aurkituta joan eta  joan eta joan, egun amaiera arte.

Bramatueroko goi ibona Latrerotik

Bramatueroko goi ibona Letrerotik, Infiernoak ezkerrean.

Guztira 11 ordu et 35 minutu dio Taupametrok. Isak dio 12 izan zirela. Datu gehiago ere eman zizkidan Taupametrok: Minutuko taupaden maximoa  138 (pi-pi egiten du horra iristerakoan eta geratzeko agintzen dit; tira pixka bat lehenxeago), taupaden batezbestekoa egunean zehar 99, Ibilaldian erabilitako denbora 11 ordu eta 35 minutu (eztabaidak eztabaida), eta xahututako kaloria kopurua, 4.242 kilokaloria. To!

Refuge Wallon.

Wallon aterpetxea mitikotzat har daitekeen horietarikoa da. Kaserna bat dirudi. 1909 urtean inauguratua, ez ditu berrikuntza asko jaso antza denez. Ez ditu aterpetxe berriei eskatzen dizkiegun erosotasunak, ez dutxarik, ez ur berorik, eta  lau edo sei lagunentzako gela komundunen ordez, dortoir luze batzuk ditu  zapaipean. Bestelako logelak balin  baditu ez ditugu ezagutu. Aterpetxeak 120  lagunentzat du tokia eta zazpietan afaldu ondoren auzokoaren lozurrunkak entzuteko arriskuarekin zakoratuko zara, edo agian, zeu izango zara  ondokoaren belarriak zeure marruekin eztituko dituena. Aukeran…

Wallon aterpetxea

Wallon aterpetxea

Hala ere mitikoa da. Horregatik egin nahi izan diogu bisita bat aurtengo udan. Pantikosatik abiatu ginen abuztuaren 15ean, eta Batximaña, Pecicoko lakuak  eta Marcadauko lepoa gaindituta,  sei ordu inguruko ibilbidearen ondoren bertan ginen. Aterpea Marcadau haran zoragarriaren erdi inguruan dago, oihana amaitu eta larreak hasten diren gunean. Nahi izanez gero Pont d´Espagnetik ere badauka sarrera.

Tumulo bat izan behar duena  ikusi dugu glaziar-zirkuaren erdian. Ez dago seinaleztatuta, artzaintza desagertuaz doan  heinean artzain kulturak utzitako arrastoak ere ahaztea komeni dela esanaz bezala. Bost ardi baino ez ditugu zenbatu zirkoa ixten duten malkarretan belar finenak harri artean mihazkatuaz, beheko larreetako eskubideak abelburuen mesedetan galduta.

Marcadauko ustezko dolmen eta tumulua

Marcadauko ustezko dolmen eta tumulua

 

 

Aterpetxera iritsi gara, lekua hartu, eta ur hotzen (aterpetxeko arduradunek diotenez etxeko urak errekakoak baino hotzagoak omen dira) errespetuz garbitzeko imintziorik egin gabe, denbora joaten uzten dugu afaltzeko orduaren zain. Zazpietan da afaria. Hego aldeko kuadrila baten dezibelioak nabarmentzen dira beste guztien gain. Zero zarata!

Afaldu eta oraindik egun argia denez, kanpora atera gara. Hotz dago. Hobe logelan zakuan sartuta. Gora goaz. Ez dugu linternarik ekarri. Gaur egungo telefonoak nahikoa argi ematen dute eta gauaz komunera joan beharra sortuz gero linterna baten ordezko egoki bilakatu daitezke.

Izara-zakuan sartu, mantak gainera  bota eta gela iluntasunez noiz bete zain geratzen gara. Biharamonean zer egin pentsatzeko beta. Aratilleko lepotik Ara ibarrera bai, baina handik Panticosara?

Bihar argituko dugu inkognita.

Cambaleseko harana Wallon aterpetxearen inguruan

Cambaleseko arroa Wallon aterpetxearen inguruan

 

Uztailak 13an Hernioko hilerrian.

Uztailak 13. Azkenean eguraldi ona. Uztaileko euriak tomate landareak hondatu dizkit baina hor konpon!. Ez da baratzean orduak emateko eguna. Gaurko planik onena mendira joatea.

Goizeko 8ak. Jaiki, liburuak begiratu, mapak aztertu eta Herniora joatea erabakitzen dugu; Urkizutik abiatuko gar. Sekula egin gabeko ibilaldia.

Olarraindik Urkizurako bidean atentzio ematen dit  bateko eta besteko maldetan ernaldutan dauden sagastiak. Aldaba txiki eta Urkizu inguruak sagardotarako sagarrondoz beteta daude. Milaka konta daitezke. Gero sagardoa Astigarragatik datorrela esango digute!

Urkizuko Gure Toki basetxetik gora galtzada harriztatu bat ikusten dugu. Iturri baten ondoan hasten da. 1692 dio eraikinaren gainean dagoen harrietako batek. Harria beste nonbaitetik ekarria ere izan daiteke, baina zalantzarik ez iturria eta ondoko aterpea aspaldikoak direla. Kontrastea azpimarratzeko plastikozko ur-biltegi  bat eta zaborrak biltzeko plastikozko beste ontzi  bat jarri dizkiote  aurrez aurre. Argazkian ez ditut atera nahi izan.

Urkizuko iturri zaharra.

Urkizuko iturri zaharra. Beti ur berria ematen duen iturri zaharra.

 

Hoditeria ere oso egokia adin horretako monumentu batentzat. Gustua eta gure ondarearekiko errespetua eskala baten jarriz gero esparru negatiboan agertuko lirateke askotan. Kasu honetan zalantza barik. Ea Tolosako udalak zerbait egiten duen itxuragabekeria hori zuzentzeko.

Inpresio  gehiagorik gabe jarraitzen dugu eta Uraitzeko tontorra pasa ondoren Herniopeko txabolaren ondoan dagoen gurutzera iritsi gara. Bi besoetan ditu uztaiak eskegita: laukiak  eta borobilak.  Gorputzeko atal desberdinetatik pasa ezkero erreumarekin lotutako gaitzak desagertzen dira. Ez da egia izango baina badaezpada, kalterik egingo ez digulakoan beso eta bernetatik pasatzen ditugu.

Erreumak osatzen dituzten uztaiak eta gurutzea

Erreumak osatzen dituzten uztaiak eta gurutzea.

 

Aurrera egiten dugu azken aldapari helduaz uztaien onurak igarri gabe. Bere denbora beharko du honek ere!

Urkizuko iturrikoenaren ondoren beste atsekabe bat: Hernio gurutzez eta oroitarriz beteriko gailurra dela ikustea. Hilerri bat dirudi. Betik izan dira, baina oraingoan gurutzeez gain beste monumentu batzuk ere ikusi ditugu. Hilarriak eta eskulturak nonahi hildakoen errautsak bertan aireratu direla adierazteko.

Hernioko gurutze eta ikurrak.

Hernioko gurutze eta ikurrak.

 

Zer esango dizuet bada, gai honetaz lehenago ere hitz egin eta idatzi da. Mendi tontorrak ikur partikularrez betetzeko eskubiderik ba al daukagu?

Hildakoen errautsak ondoen lurpean daudela iruditzen zait, lurra aberastuz. Lau elementuetatik errautsak ez dira ez su, ez ur, ez aire. Izatekotan lur dira. Pulvis erit et in pulveris reverterit esaten dute kristauek. Edo horrelako zerbait.

Baina tira, nire iritziak ez du zertan beste batzuenekin bat etorri behar. Beste kontu bat da errauts hustuketa bakoitza oroitarri batekin edota metalezko eskulturarekin betiko han uztearena. Ez zait ondo iruditzen. Arrazoi asko eman ditzaket, beste batzuk kontrakoak izango dituzten bezala. Ur pixka bat edan, sagar bat eta laranja bat erdibana jan besterik ez dugulako ekarri, eta beheranzko bidea hartzen dugu.

Brasil trialilalilalilali

Duela urte asko  Azkoagainera joan nintzen  Errenteriako lagun batekin. Arrasatearrak zetozen Aloñaren kontra jokatzera. Leinztarrak, uholdeka beste sasoi batzuk baitziren, Brasil trialilalilalilali kantatzen beren mutilak animatzeko. Zazpi gol inguru sartu zizkiguten. Ez dakit orduko emaitza ere ez ote zen izan 1 eta 7koa.

Gutxitan joaten naiz futbolera eta zaila egiten zait telebistaz partida bat oso osorik ikustea. Gustuko dut, ez dut lotsarik aitortzeko, eta atzo Brasil eta Alemaniaren artekoa ikusteko asmoarekin, eta morbo pixka batekin, eseri nintzen telebista parean  Angela eta Dilmaren mutilak parez pare ikusteko. Zerbait gerta zitekeen susmoarekin.

Eta galanta gertatu zen.  Gaurko egunkarietan era guztietako interpretazioak irakur daitezke.

Atzo futbolaren eliteak ikusteko aukera izan genuen. Auskalo zelaian zeuden guztien artean zenbat milioi irabazten dituzten urtero. Eibarreko Futbol taldearekin  gogoratzea ezin saihestu; milioi gutxi kutxan, baina umiltasuna, lana eta diziplina ardatz goi mailara igotzeko gai izan den taldea.

Diotenez, eibartarrak bilbotarrak bezalakoak dira baina diruarekin. Antza, foballerako ez dute gorde poltsikotan soberan dutena, baina bigarren mailako aurrekontu txikiena izan arren lehen mailara igotzeko gauza izan  dira. Seguru asko eibartar gehienek nahiago zuketen lan gabeziak behera egitea eta herriko gazteek lana aurkitzea, edota hainbat urtetan gure herria narrastu duen bortizkeriari behin betiko amaiera ematea, edo errepublikak monarkia ordezkatzea, edota erabakitzeko eskubidea gauzatu ahal izatea.  Baina espainiar ligako lehen mailan jokatzearekin konformatu beharko  dira beste horiek guztiak ahaztuta.

Ezaugarri eredugarriak erakutsi dituzte urte askoan: talde lana, diziplina, ilusioa eta umiltasuna. Goi mailako liga horretan  berriz, handinahia, zarrastelkeria, ustelkeria eta beste hainbat –keria.

Futbolaren bi aurpegiak: Brasil eta Alemania munduko lehiaketan, eta  Eibar, eta Zaragoza edo Valentzia Espainiako ligan. Ligari dagokionean, batzuk diru gutxirekin maila gorenean eta gora eta behera ibiltzeko lotsa gutxirekin, besteak leporaino zorpetutako klubak pakistandar bati edo mexikar bati saldu ezinik. Bi aurpegi.

Egia esan apustua eginda nuen Eibarrek ez zuela lehen mailan jokatuko ez ziotelako utziko. Penaltiek eta  maletek desitxuratu izan dute maila batetik bestera igarotzeko bidea. Ez da horrelakorik izan eta orain azken baldintza bete nahian ari dira Eibartarrak:  kapital handitzea lehen maila jokatu behar badute. Berrogeita hamar mila euro falta dituzte oraindik. Iritsiko al dira?

Gehiago pentsatu barik, bigarren final erdia ikusteko prestatu beharra daukat: Argentina eta Holandaren artekoa. Seguru gaurkoan ere handiak ikusiko ditugula.

El Ibon de Perico

Muere montañero inglés en el Ibón de Perico.

Pecicoko lakua Gran Facharen azpian. Lameteoqueviene bolgetik hartua

Pecicoko lakua Gran Facharen azpian. Lameteoqueviene bolgetik hartua

Atzoko albistea da. Galiziatik Aragoirainoko digital guztietan irakur dezakezu. Bateon batek letra bat gaizki idatzi eta titularrean eta albistean agertzen den toki izena oker zabaldu da ekialdetik mendebaldera, ukitu barregarri bat emanaz albisteari ez balitz pertsona baten istripu eta heriotzaren berri ematen duela.

El Ibon de Perico aizu!

Pecicoko lakua edo ibona argazkian agertzen dena da. Udan bisitatzea espero dut, eta tira; 78 urteko Ingeles  gixajuak baino suerte hobea izateko esperantzarekin.  Hala ere ez zegoen gaizki adin horrekin paraje horietara igotzeko gauza zen gizona. Miresgarria benetan!

Buxargüelotik gora

IMG_0937 (1024x768)

Buxargüeloko zubi ospetsua Torlatik Gavarnierako bidean, Ara ibarrean

 Ekainaren 14a.

9:08: Buxargüeloko (1.388) zubi ospetsua. Fresko. Hala ere praka motzetan eta kamiseta hutsean ekiten diogu eguneko eginkizunari:Puerto Biello d´Espezierasera igotzera dugu helburu, handik Gabarnía edo Buxargüeloko portura pasatu eta bueltan San Nicolasera jaisteko asmotan. Sei ordu inguruko ibilaldia izango da.

Sigi-saga, gora egiten dugu goizeko freskuran. Neke gabe. Elektrika Konpainiaren poste eta txabolara iristen gara eta errekaz bestaldera igaro beharra dago; errekaren eskuinaldera. Ur asko dakar eta elur-zubi bat erabiltzen dugu alde batetik bestera igarotzeko. Zorionez ez du arazorik gu bion pisuari eusteko.

Lapazosako ibon neguko arrastoak gainean.

Lapazosako ibona neguko arrastoak gainean.

Lapazosako Ibona  da gure hurrengo helburua, eta bidea elektrika konpainiako txabola inguru horretatik abiatzen den arren, mapari kasu eginaz goragotik hartu dugu. Errekasto baten eskuin aldetik. Ez gure, baizik eta bere (errekaren) eskuin aldetik.

Zela edo hala egiten dugu gora errekaren ibilbidea ordokian zehar leunduta datorren zabalguneraino. Pittin bat gorago ikusten dugu lakua. Oraindik elurra eta izotza ez zaizkio urtu. Fresko baino hotz dago, iparraldetik sartzen den haizearen eraginez.  Eskerrak txabolan alkandora jantzi dugun.

Gorako bidean jarraitzen dugu Puerto Biello d´Espezierasera (2.334) iritsi arte.

Pico de Entrepuertos

Punta o Puertorako bidea lainopean

Laino eta hodeiak trinkoagoak dira hemen,  ipar isurialdean. Maiz ematen den fenomeno da hegoalde eguzkitsua eta Iparralde lanbrotsuaren arteko kontrastea . Ez da euri arriskurik. Ipar aldetik mendi lerrora igotze diren ohiko lainoak dira, baina iparraldeko maldak ikusten dugun arteraino elurtuta daudenez, Gabarnía o Buxargüeloko portutik bereizten gaituen mendia igotzea pentsatu dugu. Punta o Puerto (2.476) aragoieraz edo Pico de Entrepuertos gazteleraz deitzen diote mapek. Ez da desnibel handirik eta hegiz hegi joatea pentsatu dugu. Laino artean eta aurrekoei beste arropa geruza bat gehituta, zamarra lodi bat, aurrera egiten dugu laino artean; hotzak, baina ez da luzez izango.  

 

Puerto de Buxargüelon hamarretakoa egin eta 15ak eta 6 minututan San Nicolasen gaude. Buxargüelokoan aragoieraz, Bujaruelokoan gazteleraz.

Portutik behera, parean Otal eta Tendenera; barrenean Ara ibarra

Portutik behera, parean Otal eta Tendenera; behean Ara ibarra

 

Asko asko pozik nago!

Lau t´erdiko finala hastear dago eta butakan eseri naiz zirraragarria dirudien partida ikusteko asmoarekin. Ez dut plan hoberik aurkitu larunbat iluntzerako. ETB sat-en saskibaloi partida bizi bat ari dira ematen Ilunbetik. Unicajakoek aurrera egin dute markagailuan arbitroen laguntzarekin. Horrela ulertzen dute behintzat Ilunbeko ikusleek, eta baita neuk ere nire jarlekutik zaleen txistu eta orroek kutsatuta.

Ezin biak batera ikusi eta tarteka ETB1era jotzen dut berehala saskibaloikora itzultzeko kirol zapinga eginaz. Magia kontua behar du, baina markagailua parekatzea lortu duten gureek.

Berriro pilotara Mz. De Irujo agintzen hasi da, baina Aimarren huts bati beste batekin erantzuten dio Juanek. Hala ere gehiago dira oraingoz Aimarren hutsak.

Gipuzkoa Basketek aurrea hartu dio Unicajari eta amaiera bero baten eskaintzari ezin uko egin. Katetik katera keinuka, biekin batera jokatzen dut saskibaloiari kasu gehiago eginaz orain.

Amaitu da partida gureen garaipenarekin. Zoramena Ilunben. Kazetariak Doblasi egin nahi dio elkarrizketa, eta nire harridurarako ea euskaraz ausartuko den galdetzen dio pibot kantabriarrari. Galderak euskaraz egiteko erantzuten dio eta horrela hasten dira. Kazetariak euskaraz digante kantabriarrak gazteleraz. Eta kanpotarra euskara ikasten saiatzen ari dela ikusirik, burura datorkit sasoi batean pilotalekutan ikusten genituen pilotari euskaldun bik, euskara transmititzeari uko egin, eta gaur beren seme pilotari erdaldunak pilotalekutan ikusten ditugula eskerrik asko edo gabon triste bat esateko gai ere ez direla, edo are okerrago, jarrera konsziente batez euskaraz hitz egiteari eta jakiteari uko egiten diotela ez dakit zeren izenean.

Azkeneko galdera egin behar diote Doblasi eta unea nola bizi duen  galdetu dio kazetariak. Asko, asko pozik nago erantzun dio Doblasek.

Handia! Behin egonda nago Ilunben duela urte dezente. Granadaren aurkako partida bat zela uste dut. Andy Handia! Irakur zitekeen pankarta batean Andy Panko aipatuz. Doblas Handia! atera zitzaidan. Lehen mailako jokalari kantabriarra kazetariari galderak euskaraz  egiteko gonbitea eginaz eta ahal duenean ahal duen moduan euskaraz erantzunaz.

Eta pentsatzen dut ostikoka ibilitako txakurrak baino gutxiago behar izaten dugula euskaldunok gustura egoteko.  Gure hizkuntzarekiko, eta beraz gurekiko, errespetuzko jarrera sotilena aski dugula solaskidea miretsi eta txalotzeko. Horrela izanda ere, eskerrik asko Doblas.

 

Ikus-entzunezkoen rallya eta Mendi hamabostaldia Oñatin

Une txarrak ari da bizitzen kulturaren mundua, kultura  hitzaren esanahi zabalenean hartuta. BEZaren igoerak eta diru-laguntza publikoen murrizketek eragin handia izan dute kulturaren profesionalengan. Besteak, herritarren ekimenetatik sortutako kulturak, gogor eusten die ekonomiaren ekaitzei.

 Aloña Mendiko mendi sailak azaroaren  6an  hasi eta 29an amaituko den hamabostaldi bikaina antolatu du (Oñatin hamabostaldiak  egun gehiago izaten dituzte, monjetara eguraldi on eske eramaten diren  arrautza dozenek bezala). Dennis Urubko kazajoarekin emango zaio hasiera, eta tartean, 22an hain zuzen, Baltistan Fundazioak lurralde menditsu haietan egiten duen lana ezagutzeko aukera izango dute Kultur Etxera hurbiltzen direnek. Kirola, kultura eta lankidetza uztartuko ditu Aloña Mendik hiru aste luzeko hamabostaldian.

Ez da aurtengo azaroan dugun kultur ekitaldi bakarra. Hilaren 16an laburmetraien rallya izango dugu. Hau antolatzen  ere ari da norbait  lanean! Egitaraua ezagutu nahi duenak, edota parte hartu nahi duenak, sarean ditu ordu, baldintza  eta jakin beharreko guztiak. Bi minutu baldin badauzkazu eman promozioko ikus-entzunezkoa ikusten.  Merezi du.

Gauza gehiago ere izan ditugu denbora laburrean. Lope 500 hamabostaldi amaitu berria ere aipatu beharra dago. Baita urte luzeetan zehar  antolatu den zinekluba, eta herritarrek antolatzen dituzten beste hainbat ekimen. Honek erakusten digu kulturarekin konprometitutako herritarrak asko direla gure artean, eta laguntza txiki batzuekin ikaragarrizko lana egin daitekeela herri bati kultur eskaintza oparoago bat eskaintzen.