Sei hilabete pasa dira zuri azken posta idatzi nizunetik eta hementxe naiz berriro, duela sei hilabete esandakoa betetzen, agindutakoak bete egin behar izaten dira eta. Hori da ikasi behar duzun lehenengotariko gauza bat esaten duzuna betetzeko dela. Baina hori ikasi aurretik beste gauza asko ikasi behar dituzu. Poliki poliki.
Aitortu behar dizut erabat nagituta nabilela bloga elikatzeko kontuarekin. Duela urtebete pasa hasi nintzen nire burua diziplinatu nahian, baina geroz eta gehiago kostatzen zait idaztea. Pentsa! Zure zorion post hau urtebetetze egunaren bixamonean ari naiz idazten! Lanak ere nahiko lotua nauka aspaldian. Ea udazkenerako gauzak aldatzen diren
Bada hori da ikasi behar duzun gauzetariko bat; hain nagia ez izaten. Biberoia hartzeko ere lo harrapatu behar izaten zaitu amak eta eserita jartzen zaitugunean, zela edo hala, baina betik amaitzen duzu etzanda. Hori ez da ganoria! Badakit azken egunotan hasi zarela eserita denbora gehiago egoten eta hori oso ondo dago.
Gau igande goiza da. Eguraldi txarra dago atzokoaren aldean, atzoko ere zelabaitekoa izan zen arren. Euria goitik behera ari du eta ezin sagarrondoak inaustera joan. Ez da sasoi onena Jagoba Errekondok dioenez. Gaur goizean sartu da ilargia ilgoran eta inausketa mota hau ilbeheran egin behar omen. Egurra ganbaratik jaitsi eta berogailua pizten saiatu naiz arrakasta handi barik. Haritz zati eder batzuk ekarri nituen baina ez dute hartzen. Noizean behin arte zati batzuk botatzen dizkiot eta horiek bai. Horiek ondo, baina haritzak…
Mahlerren 3. Sinfonia jarri dut lagun egiteko. Ikaragarria da Jessye Norman hau. Donostian ere egonda omen dago kantuan. Ez dut zuzenean ikusi, baina kantuan entzutea zirraragarri da.Hau esaten dizut uste dudalako kantua asko gustatzen zaizula zuri ere.
Hor jarraitzen du haritz zahar horrek. Garrek errebotatu egiten dutela ematen du. Mahlerren sinfoniaren 6.mugimendua amaituaz doia eta oraindik ez dizut atzokorik kontatu. Elkartean bildu ginen bazkaltzeko. Etxekoak eta bilbotarrak, hamahiru lagun. Zenbaki txarra baina gauzak ondo joan ziren (oraintxe dirudi sua hartzen ari dela egur zatia). Egunen batean ikusiko dituzu argazkiak. Opariak ere egon ziren, zure ama poztu, baina zure interesik piztu ez zuten jantziak gehien bat. Baina oso politak denak.
Nik zerbait jostagarriagoa daukat gordeta zuretako: jolas bat. Leap frog etxekoa. Habilidades de aprendizaje: habilidades motoras finas, animales, vocabulario (gazteleraz) dio kaxan. Erdiak egia balira…
Ea bada etortzen animatzen zaren. Etxea bero-bero izango dut zatozenerako. Haritz madarikatu horren sua hartzen badu.
Beno. Urte askotarako eta mila laztan.
Orain aspiragailua pasatzera. Gero arte.