Argentina; inpresioak

Azaroan Argentinara bidaiatzeko aukera izan dugu. Lurralde laua edo menditsua, aberatsa edo pobrea, lehor edo hezea, kontrastez betea. Oraingoan,  ezagutzen ez genuen Patagoniara joan nahi  izan dugu eta hego aldean mamitu da gure bidaia. Andeetako mendi eta glaziarrak, haizeak leundutako lautada amaigabeak edota Atlantiko hotza.

Eta jendea. Patagoniako lehen inmigrante galestarren, ipar amerikarren, edota euskaldunen ondorengoak, maputxeekin eta  gaurko barne etorkinekin edota Kolonbia edo hego Ameriketako beste lurralde batzuetatik etorritakoekin nahasketa  poliedrikoan.

Inpresioa izan zen (Impression soleil levant), Claude Monetek margotu zuen lehen mihise inpresionistari jarri zion  izenondoa. Pintzelada labur, markatu eta anarkikoen bidez goizeko argitasunak bere erretinan sortzen zuen irudi azkarra adieraztea lortu zuen. Inpersionistek lurralde honetako argitasuna ezagutu izan balute, emaitza beste bat zatekeen seguru asko, baina hori beste kontu bat da.

 

Fitz Roy; gelako leihotik goizeko 5:30ean jasotako inpresioa

Fitz Roy; gelako leihotik goizeko 5:30ean jasotako inpresioa

Neuk ere inpresionista izatera jokatu nahi dut  bidaia honen oroitzapenak ahazten ez zaizkidan bitartean. Gehien bat neure neurona ahulez ez naizelako jada fidatzen. Aurrekoan Alberto lagunarekin autoan nindoala ez nintzen gai izan abuztuan bi egunetan zehar Pirinioetan egin genuen ibilbide osoa azaltzeko. Izenak ez zetozkidan burura lehen bezala. Gero blogean kontsultatuta gogoratu nintzen Bachimaña, Arratille eta Letrero zirela esan nahi baina ezin geratu nintzen izenak.

Blog hau  nire memoriaren luzapen eramangarria izatea nahi nuke. Ez dut albisterik argitaratzen; ez naiz kazetaria. Nire inpresio, iritzi, gertaera eta emozioen biltegi ibiltaria nahi dut nirekin batera, iragana galdutakoan zer garen jakiteko zailtasunak izan behar ditugulako. Ah! Eta bateon bati erabilgarri suertatzen bazaizkio hobe. Ez dizkiot royaltiak eskatuko

Abenduaren erdi alde honetan hartzen  dut lehen aldiz  nire inpresioak ordenagailuaren tripetara kargatzeko  aukera. Ea hurrengo egunetan, hartu behar ditudan Gabon oporretan,  idatziak blogean ordenatzerik dudan.