Uztailak 13. Azkenean eguraldi ona. Uztaileko euriak tomate landareak hondatu dizkit baina hor konpon!. Ez da baratzean orduak emateko eguna. Gaurko planik onena mendira joatea.
Goizeko 8ak. Jaiki, liburuak begiratu, mapak aztertu eta Herniora joatea erabakitzen dugu; Urkizutik abiatuko gar. Sekula egin gabeko ibilaldia.
Olarraindik Urkizurako bidean atentzio ematen dit bateko eta besteko maldetan ernaldutan dauden sagastiak. Aldaba txiki eta Urkizu inguruak sagardotarako sagarrondoz beteta daude. Milaka konta daitezke. Gero sagardoa Astigarragatik datorrela esango digute!
Urkizuko Gure Toki basetxetik gora galtzada harriztatu bat ikusten dugu. Iturri baten ondoan hasten da. 1692 dio eraikinaren gainean dagoen harrietako batek. Harria beste nonbaitetik ekarria ere izan daiteke, baina zalantzarik ez iturria eta ondoko aterpea aspaldikoak direla. Kontrastea azpimarratzeko plastikozko ur-biltegi bat eta zaborrak biltzeko plastikozko beste ontzi bat jarri dizkiote aurrez aurre. Argazkian ez ditut atera nahi izan.
Urkizuko iturri zaharra. Beti ur berria ematen duen iturri zaharra.
Hoditeria ere oso egokia adin horretako monumentu batentzat. Gustua eta gure ondarearekiko errespetua eskala baten jarriz gero esparru negatiboan agertuko lirateke askotan. Kasu honetan zalantza barik. Ea Tolosako udalak zerbait egiten duen itxuragabekeria hori zuzentzeko.
Inpresio gehiagorik gabe jarraitzen dugu eta Uraitzeko tontorra pasa ondoren Herniopeko txabolaren ondoan dagoen gurutzera iritsi gara. Bi besoetan ditu uztaiak eskegita: laukiak eta borobilak. Gorputzeko atal desberdinetatik pasa ezkero erreumarekin lotutako gaitzak desagertzen dira. Ez da egia izango baina badaezpada, kalterik egingo ez digulakoan beso eta bernetatik pasatzen ditugu.
Erreumak osatzen dituzten uztaiak eta gurutzea.
Aurrera egiten dugu azken aldapari helduaz uztaien onurak igarri gabe. Bere denbora beharko du honek ere!
Urkizuko iturrikoenaren ondoren beste atsekabe bat: Hernio gurutzez eta oroitarriz beteriko gailurra dela ikustea. Hilerri bat dirudi. Betik izan dira, baina oraingoan gurutzeez gain beste monumentu batzuk ere ikusi ditugu. Hilarriak eta eskulturak nonahi hildakoen errautsak bertan aireratu direla adierazteko.
Hernioko gurutze eta ikurrak.
Zer esango dizuet bada, gai honetaz lehenago ere hitz egin eta idatzi da. Mendi tontorrak ikur partikularrez betetzeko eskubiderik ba al daukagu?
Hildakoen errautsak ondoen lurpean daudela iruditzen zait, lurra aberastuz. Lau elementuetatik errautsak ez dira ez su, ez ur, ez aire. Izatekotan lur dira. Pulvis erit et in pulveris reverterit esaten dute kristauek. Edo horrelako zerbait.
Baina tira, nire iritziak ez du zertan beste batzuenekin bat etorri behar. Beste kontu bat da errauts hustuketa bakoitza oroitarri batekin edota metalezko eskulturarekin betiko han uztearena. Ez zait ondo iruditzen. Arrazoi asko eman ditzaket, beste batzuk kontrakoak izango dituzten bezala. Ur pixka bat edan, sagar bat eta laranja bat erdibana jan besterik ez dugulako ekarri, eta beheranzko bidea hartzen dugu.