Aloñatik Tolosara begira.

Hain gurea den euri horrek ari du goiz honetan. Leiho guztiak zabaldu ditut umeltasunak eta freskotasunak etxeko zirrikitu guztiak bete ditzaten.

Atzo ez. Atzo eguraldi bikaina izan genuen eta zure etxekoekin Aloñara igo ginen berriro zurekin egoteko.  Lehen bi belaunaldi ginenak orain hiru. Ume txikienak bizkarrean hartu, eta gora lehenago bezala. Ez zen diskurtsorik edo hitz  ponposorik egon. Ez genuen mendian plakarik edo oroitarririk jarri. Ez zenituen onartuko. Bihotzean eta gogoan eramaten dena ez dago zertan harri edo burdin bihurtuta mendi puntan utzi. Bekatutxo bakar bat egin genuen, autoz Duru azpiko aparkalekuraino joatea. Oinez ere ez dakiten txikiak egonda ulertuko duzula ziur nago. Argazkia ere egon zen unea betik gogoan izan dezagun. Gero saldak, txistorrak… badakizu!

Etxera iritsi eta bakardadean lehengo argazkiei begiratzeari ekin nion. Irudietan agertzen ziren  beste batzuk era joanak direla gogoratu nintzen: Iñaki, Juan Luis… Dozena erdi bat bazarete bide hori goizegi hartutakoak. Batzuk istripuz, bateon bat bere borondatez eta beste batzuk zu bezala  gaixotasunak jota.

Mahlerren Das Lier von der Erde (Lurraren kanta) jarri nuen musika aparailuan. Badakit zuri gehiago gustatzen zitzaizula opera, baina niri konposizio honen azken zatia (Adioa) ikaragarria iruditzen zait. Zirraragarria. Barreneraino sartu eta negar malkoak kanpora jaurtitzen dizkizun horietakoa. Dramatikoa.

Argazkiak ikusten urte askoko pasadizoak datozkit. Munia, seme-alabekin Perdidokoa, Gavarnieko paretan ur jauziaren azpian busti busti eginda,  herriko umeekin antolatzen genituen  irteerak, eta nola ez, Gipuzkoako haurren ibilaldia antolatu genuenekoa, biok Aloñako puntan  geundela ekaitza hasi, eta txingorra, elurra eta oinaztuen menpean irratia hartu eta haur guztiak Durutik Arantzazura zuzenean jaitsi zitezela agindua eman behar izan  genuenekoa. Eta beste asko: Aralarko 14 ordu zuk hain maitatuak…

Oroitzapenak utzi eta Adio horren zati bat itzuli nahi izan dizut. Mahlerrek txinatar poeta bati kendu omen zion eta nik berari. Adioaren Hasiera eta amaierako bertsoak dira soilik. Badakizu nire ingelesa  oso eskasa dela, baina esanahia gorde dudala uste dut. Gustatuko zaizkizu.

Eguzkia mendi ostean ezkutatu da.
Arratsaldeak ibarrak estali ditu
freskotasunez beteko itzalekin.

Begira! ilargiak zilarrezko itsasontzi bat dirudi
Zeruko laku  urdinaren gainean.
Pinu beltzen atzealdean haize zirraragarri bat  sumatzen dut!
Kantari, errekastoak iluntasuna zeharkatzen du
eta loreek kolorea galtzen dute ilunabarraren argitasunean.
Lurra  lo datza eta eztiki  hartzen du arnasa.

Desira guztiak amets bihurtu dira.
Jende nekatua etxerantz ari da itzultzen,
ahaztutako zoriona eta iragandako gaztetasuna
ametsetan aurkitzera!

Txoriak loak hartzen ditu euren abarretatik eskegita.
Mundua lo geratzen ari da.
Haize leuna freskoa da nire pinuen itzaletan.
Han naiz ni nire lagunaren zain;
Azken agurra emateko.

Nire aberrirantz abiatuko naiz, nire etxera.
Ez naiz gehiago galduko erbestean.
Nire bihotza lasai dago bere orduaren zain!

Nonahi lur maitea loratuko da udaberrian
eta berdatuko da berriro!
Nonahi eta betiko, urrutiko zeruertzek urdin egingo dute dirdira.

Betiko… betiko…

A! Errealak uno dos galdu zuen  atzo. No hay manera Andoni!

Oñatin inora ez daraman bidegorria.

Aretxabaletatik edo Bergaratik bazatozte, bidegorri dotore batetik etortzeko aukera izango duzue. Berria, ondo seinaleztatua eta laua ahal den heinean. Gauza ederra da txirrinka gainean edo oinez arrisku barik ibili ahal izatea. Eta osasungarria. Arlo honetan Europako herri aurreratuenen artean gaudela esango neuke. Kostata, baina lortu dugu.

Zer egingo zenuke bidegorria horrela amaitzen dela ikusita?

Zer egingo zenuke bidegorria horrela amaitzen dela ikusita?

Oñatira iristen zarenean arazo larri batekin egingo duzu topo. Bapatean, bidegorriak markatzen duen bidea amaitzen da, zirkulazio seinale gezidun batek esango dizu bidegorriak iradokitzen duen bidetik jarraitu behar duzula,  eta beste batek beste aukera, Kale Zaharrean gora jarraitzea debekatuta dagoela. Lasai! Segi debekatutik. Kale Zaharrean arauak betetzen badituzu dontsu edo inuzente baten parean geratuko zara.

Bidegorri hori eta bere amaiera harrigarria abuztuan margotuta dago eta ez neukan honi buruz ezer idazteko asmorik pentsatzen nuelako lehenago edo beranduago margotzen jarraituko zutela horrela jasota baitago Oñatiko udaleko mugikortasuneko ekintza planean. Asmoa hori bada, pedagogia egiten hasteko une ona ere bazela pentsatzen nuen.

Kaleko tabernetako terrazetan sarri entzuten da: Hara! Nora doia hori?; ikusi duzu beste horrek daraman abiada? Zuk ez duzu ikusi arratsaldeko fabriketako txanda amaitzen denean kalean gora kontrako noranzkoan igotzen den txirrindulari uholdea!

Astean adineko emakume batek (laurogei eta hamar pasa izan behar ditu gure ama zena baino zaharragoa baita), egunen baten horreittako batek aurrian eruango gaittu eta hor fango dira gure egunak bota dost txirrindulari batek gu bioi iskin egin ondoren.

Orduan animatu naiz hau idaztera, are gehiago, ikusita udal zinegotziek  (pluralean) arauak errespetatzen eredu izan behar direnek, debekatutako noranzkoan gora egiten dutela txirrindutik jaitsi ere egin barik. Nekez egin daiteke pedagogia araua ezartzen dutenek araua hausten badute.

Ez dakit zein den Udalaren asmoa. Edo mugikortasun planak dioena aurrera eramatea, edota Kala Zaharrean txirrinduak bi noranzkoetan onartzea. Bigarrena bada, eskatuko nioke lehenbailehen egitea, bidegorria argi markatzea, autoen tokia ere garbi uztea, eta oinezkoei geratuko zaigun zatitxoa ere, ondo markatuta uztea defentsa bezala baliagarri gerta dakigun.

Neurea eta beste inorena ez da azken pasarteko iritzia.  Beste guztian asko gatoz bat.

Asiako liztorra Zubillagan

Duela hamar bat egun Joan nintzen nire erlak nola zeuden ikustera. Uda arraro samarra egin du eta banuen kezka txiki bat. Kezka disgusto bihurtu zen erlauntza baten ataka parean Asiako liztor madarikatua hegan ikusi nuenean. Airean geldi antzean, zentimetro gutxi batzuetan ezker-eskuin, gora eta behera mugituaz irten edo sartzen ari ziren erlak harrapatu nahian.

Zetorrena harrapatu ezin eta bigarren bati egiten zioen eraso. Hau ere ezin harrapatu, eta atakari begira geratzen zen ateratzen ari zena harrapatzerik ba ote zuen. Kale berriro. Baina halako batean bati heldu, zuhaitz baten abar batera igo, eta hegazti harrapakari bat bailitzan geratzen zen, edo erlea jaten, edota erlea hilda zegoela ikusi arte gorpua bere umeei jaten emateko. Bat batean beste liztor bat, eta hirugarren bat beste erlauntza baten parean. Hura amorrua!

Tranpak ikusi, eta berriztatu beharra zutela konturatu  nintzen. Hurrengo egunean jarri nituen berriro, baina alperrik. Don Simon ardo zuria eta Calsberg garagardoaren nahasketa azukretua ez dute gustuko antza. Liztor hauek nahiago erle-okela. Mutur finak benetan. Gauza ote dira ardo on bat eta Don Simon bereizteko?

Inguruetan ibili nintzen liztor-habiaren bila, baina inguruko zuhaitzak hostozabalak direnez, haritz, haltz, sagarrondo… ezin izan nuen aurkitu.

Liztorra lauki artean erlak harrapatzen

Liztorra lauki artean erlak harrapatzen

Martitzenean (irailaren 2an) joan nintzen erleek aurtengo udaberrian  egindako eztia biltzera (lapurtzera). Han zebiltzan liztorrok oraindik. Unea (erlak aztoratu eta ehunka ateratzen dira erlauntza eta laukietatik) ederki aprobetxatzen saiatu ziren. Lanak amaitu eta erreka bazterretako zuhaitzetan ibili nintzen habi bila. Platano, intxaurrondo, haltz, guztiak hostozabalak. Ezin izan nuen ezer ikusi. Bistan dago Zubillagan Asiar liztorren kabi bat dagoela baina ezin jakin non.

Inork habia ikusiko balu abisua eman beza mesedez Oñatiko udaletxean.

Telefonoak onak dira hitz egiteko

Telefonoarekin egindako argazkia.

Faja de Pelayn Ordesan.

Abuztuaren hogeita bederatziko goizeko zazpi eta erdiak dira Biescasen, eta gure ordu-eremuko herri guztietan noski. Arrapataka Faja de Pelayko ibiladia egitea erabaki dut. Gosaldu, Torlara joan, eta goizeko 8:45eko autobusa hartuta Ordesarantz abiatu naiz.  Gaur Taupametro ez dator nirekin. Etxean geratzea erabaki du. Ez omen ditu inprobisazioak gustuko, eta ez da kontua nahi ez duena etortzera derrigortzea. Giroa ilun dago eta euria dago iragarrita. Hamar lagun goaz autobusean. Mendizale finak lehenago joango ziren eta turista alperren ordua ez da oraindik iritsi.

Faja de Pelay Ordesako hego paretan dago eta 1.900 m. inguruko altueran doan bide erraza eta ikusgarria da. Soasoko zirkotik edota Ordesako aparkalekutik har daiteke norabide batean edo bestean. Desnibela bera izan arren,  Ordesako aparkalekutik hartuta gogorragoa dirudi zuzen zuzenean igotzen delako. Bera aukeratu dut, aparkalekutik miradoreraino daramana Senda de los Cazadoresen gora.

Senda de los Cazadoreseko zorua.

Senda de los Cazadores

 

Hasieran orbelak geruza samur batez estaltzen du bide estua. Gora joan ahala, eta pinu eta izeiek pagoen tokia hartzen duten heinean, hartxintxar bihurtzen da bidea, baina ez da horregatik eginezin bihurtzen; erosoa izaten jarraitzen du. Lau tanta erori dira; zerbait gehiago datorren seinalea ote? ez du ematen. Gorantz jarraitzea erabakitzen dut eta  gaindi ezina dirudien harkaitz bat ikusten dut parez pare. Bideak sigi-saga, batean ezker eta bestean eskuin eginaz gainditzen du gaindiezina dirudiena. Ordu eta erdian Calcilarruegoko (hau izena) miradorean nago.

Edelweissak
Edelweissak Faja de Pelayn

Hamar eta erdiak dira. Cotatueroko zirkoari, izen bereko ur-jauziari eta Cascoari begiratu bat eman, fruitu lehor batzuk jan, eta Soasoko zirkorantz abiatzen naiz. Garbitu du. Oraingoz ez dugu euririk izango. Rododendroak eta edelweissak dira nagusi bide bazterretan. Zoragarri behar du honek ekaina-uztailean rododendroen lora gorriez mozorrotuta.

Monte perdido sutan

Monte perdido sutan

Soasoko zirkora iritsi eta nola ez, Cola de Caballo deitutako ur-jauziaren ondoan egingo dut hamarretakoa. Hamabi eta erdiak dira eta merezitako atsedena hartzen dut. Oinak ur hotzetan freskatzen ipini, presa barik eguzkiaren izpiekin lehortzen utzi, eta ordu batetan Ordesa ibarreko bidea jaisten hasten naiz.  Tabernan  zerbeza bat hartzen dudan bitartean bidea kontrako norabidean Andoni lagunarekin eta seme-alabekin egin genuenekoa datorkit gogora; ez da errepikatuko zoritxarrez. Autobusa iristen da. Hirurak dira.

Biescasen naiz, eta komuneko eta dutxako kontuak egin ondoren Coetzee-ren Jesusen haurtzaroa liburua amaitzera jarri naiz. Nobel saridun guztien lan guztiak ez dira bikainak.

Taupametro bularrean.

Nire pultsometroari Taupametro  deitzea erabaki dut. Elhuyar hiztegiak dio gaztelerazko pulsometro hitza pultsometro dela euskaraz; pulsoari berriz pultso edo taupadak, baina marcapasosari  taupada-markagailu. Bada nire pultsometroa Taupametro deituko da gaurtik aurrera. San Inazio egunean oparitu zidaten (ez dakite ondo zer egin duten), eta abuztuaren 16ko itzulia, Wallon aterpetxetik Panticosarakoa, gogorra izan zitekeelakoan (Ezta  Isa?) bularrean jarri nuen irten aurretik.

Goizeko zazpi eta erdiak ziren Arratilleko Ibarretik izen bereko lepora igotzeari ekin genionean. Polita bidea eta ezuste atsegina aurrez ezagutzen ez genuen parajea hau. Granitoa, ura, pinuak eta belarra proportzio justuan. Gora igo ahala eskisto gehiago eta berde gutxiago.  Izen bera daramaten bi lakuak igaro, eta lepoan ginen goizeko 10etan.

Arratilleko ibarreko bista bat

Arratilleko ibarreko bista bat

Begi bistan ikus daitekeenagatik bakarrik merezi du honaino igotzeak. Vignemale alde batera, bestera Grand Arratilleko  (azkenik ez dakit Arratille ala Aratille den bietara idazten baitute) tontorra, Arako Ibarra oinpean… Zoragarria. Eguraldia fresko samarra sasoirako, goizeko hamarrak zirela kontuan izanda ere.

Arako ibarra Arratilleko lepotik

Arako ibarra Arratilleko lepotik

Brazatotik itzuli ala Bramatuerotik egitea genituen bi aukerak. Bide batetik zein bestetik egin zailena geratzen zitzaigun. Eguna amaitu baino dezente lehenago frogatu genuenez bide luzeena eta gogorrena aukeratu genuen (nuen): Bramatueroko harri-mortua. Arratilleko lepotik behera, Batanseko txabolara jaitsi gabe izen bereko goi-lakura igotzea lortu genuen bidea pixka bat laburtuz. Letreroko malkar ezatsegin eta gorrotagarria genuen parez pare.

Letrero lepoko igoera nazkagarria.

Letrero lepoko igoera nazkagarria.

Taupametrok agindutako guztietan geratuz lortu genuen gainera iristea. Jaitsiera eroso bat baino ez zitzaigun geratzen. Ustez.

Seguru asko azkarrago egingo  genuen geratzen zitzaiguna   Letreroko Ibonetik Bramatuero goiko ibonera pasatzerakoan bidea galdu izan ez bagenu.  GR-11 bezala iragarrita dago bidea, baina ez duzu GRen  orientazio marka zuri-gorririk aurkituko, harripilak han hemenka baizik. Behin bidea berriro aurkituta joan eta  joan eta joan, egun amaiera arte.

Bramatueroko goi ibona Latrerotik

Bramatueroko goi ibona Letrerotik, Infiernoak ezkerrean.

Guztira 11 ordu et 35 minutu dio Taupametrok. Isak dio 12 izan zirela. Datu gehiago ere eman zizkidan Taupametrok: Minutuko taupaden maximoa  138 (pi-pi egiten du horra iristerakoan eta geratzeko agintzen dit; tira pixka bat lehenxeago), taupaden batezbestekoa egunean zehar 99, Ibilaldian erabilitako denbora 11 ordu eta 35 minutu (eztabaidak eztabaida), eta xahututako kaloria kopurua, 4.242 kilokaloria. To!

Refuge Wallon.

Wallon aterpetxea mitikotzat har daitekeen horietarikoa da. Kaserna bat dirudi. 1909 urtean inauguratua, ez ditu berrikuntza asko jaso antza denez. Ez ditu aterpetxe berriei eskatzen dizkiegun erosotasunak, ez dutxarik, ez ur berorik, eta  lau edo sei lagunentzako gela komundunen ordez, dortoir luze batzuk ditu  zapaipean. Bestelako logelak balin  baditu ez ditugu ezagutu. Aterpetxeak 120  lagunentzat du tokia eta zazpietan afaldu ondoren auzokoaren lozurrunkak entzuteko arriskuarekin zakoratuko zara, edo agian, zeu izango zara  ondokoaren belarriak zeure marruekin eztituko dituena. Aukeran…

Wallon aterpetxea

Wallon aterpetxea

Hala ere mitikoa da. Horregatik egin nahi izan diogu bisita bat aurtengo udan. Pantikosatik abiatu ginen abuztuaren 15ean, eta Batximaña, Pecicoko lakuak  eta Marcadauko lepoa gaindituta,  sei ordu inguruko ibilbidearen ondoren bertan ginen. Aterpea Marcadau haran zoragarriaren erdi inguruan dago, oihana amaitu eta larreak hasten diren gunean. Nahi izanez gero Pont d´Espagnetik ere badauka sarrera.

Tumulo bat izan behar duena  ikusi dugu glaziar-zirkuaren erdian. Ez dago seinaleztatuta, artzaintza desagertuaz doan  heinean artzain kulturak utzitako arrastoak ere ahaztea komeni dela esanaz bezala. Bost ardi baino ez ditugu zenbatu zirkoa ixten duten malkarretan belar finenak harri artean mihazkatuaz, beheko larreetako eskubideak abelburuen mesedetan galduta.

Marcadauko ustezko dolmen eta tumulua

Marcadauko ustezko dolmen eta tumulua

 

 

Aterpetxera iritsi gara, lekua hartu, eta ur hotzen (aterpetxeko arduradunek diotenez etxeko urak errekakoak baino hotzagoak omen dira) errespetuz garbitzeko imintziorik egin gabe, denbora joaten uzten dugu afaltzeko orduaren zain. Zazpietan da afaria. Hego aldeko kuadrila baten dezibelioak nabarmentzen dira beste guztien gain. Zero zarata!

Afaldu eta oraindik egun argia denez, kanpora atera gara. Hotz dago. Hobe logelan zakuan sartuta. Gora goaz. Ez dugu linternarik ekarri. Gaur egungo telefonoak nahikoa argi ematen dute eta gauaz komunera joan beharra sortuz gero linterna baten ordezko egoki bilakatu daitezke.

Izara-zakuan sartu, mantak gainera  bota eta gela iluntasunez noiz bete zain geratzen gara. Biharamonean zer egin pentsatzeko beta. Aratilleko lepotik Ara ibarrera bai, baina handik Panticosara?

Bihar argituko dugu inkognita.

Cambaleseko harana Wallon aterpetxearen inguruan

Cambaleseko arroa Wallon aterpetxearen inguruan

 

Iritsi da ebazpena

Iritsi da bai, zain ninduen Enplegu eta Gizarte Segurantzaren Ministerioko gutun ziurtatua, eta berarekin batera orain ohikoa bihurtu den gogobetetasun galdeketa horietako bat.

Gogobetetasun galdeketa aparte utzita Ministerioaren erantzunean jarri dut arreta guztia.   Ez da dokumenturik gehitu behar, ez dago tramiterik faltan, ezta biharamonean itzuli beharrik ere. Guztia behar bezala aurkeztu nuenez, erretiratu berri bat naiz abuztuaren 1eko datarekin. Momentuz, eta Erretiro Sistema Publikoak eusten dion bitartean estatutik kobratuko dut nomina hilero trukean ezer egin gabe.

Nola ez aitortu funtzionarioen arreta eskisitoa  Ministerioak baietzarekin erantzun badizu erretiro eskaerari? Galdekaten  hamar jarriko diot adeitasun handiz hartu ninduen funtzionarioari; ez gutxiago.

Momentuz beraz, eta Erretiro Sistema Publikoak eusten dion bitartean estatutik kobratuko dut nomina hilero trukean ezer egin gabe. Seguru nago eraikinak ez diola bere horretan eutsiko piramide bat den heinean, eta erortzen utzi (Beste batzuk erortzen ikusi ditugun bezala: Madoff, Sofico Renta…) edo berregituraketa sakonak egin beste irtenbiderik ez dela izango epe ez hain laburrean. Orduan ikusi behar nola geratzen garen oraingo erretiratuok. Bitartean firin-faran ibili, egun guztiak desberdinak izan  daitezen saiatu, mendian ibili, suzko erruedak ikusi, Erreala eta Eibarri gertutik jarraipena egin, arreta gauza intraszendenteetan jarri, eta arrain freskorik jan ezin dudanez, oheratu aurretik ez dadila arraulta parea zartaginan falta. Ahal dela txorizo edo lukainka muturrarekin.

Hala bedi!

 

 

 

Bielsako poltsa

Bielsa Huescako Pirinioetako herri txiki bat da. Zabala hedaduraz baina 500 biztanle baino ez ditu, eta udalerriak 300 inguru. Beste bizilagunak, Parzan, Chisagües eta inguruko auzoetan barreiatuta bizi dira. Hamaika kilometrora dauka  Frantziarekin lotzen duen tunela, eta udan ohikoa da frantziar herritarren eten gabeko sartu irtena, edariak, tabakoa eta oro har Pirinioen hegoaldean merkeagoak diren merkantzien bila.

Bielsa abiapuntu garrantzitsua da mendizaleentzat. Pinetarantz eta hemendik Monte Perdido, Añisclo edo Muniara, Ordizetoruntz eta hortik Biados aldera, mila irteera eta paraje eder aurkituko dituzu hara bazoaz. Irteera eta irteera bitarte tarte bat erabil ezazu Bielsako museoa ikusteko.  Txikia eta xumea tamaina horretako herri bati dagokion bezala, baina esanahi sakonekoa.

Bere lurrari eta ohiturei atxikitako herri bat ezagutzeko aukera izango duzu ordu eta erdiko bisitaldian. Horrela esan ziguten eta denbora hori behar izan genuen museoko hiru plantak ikusteko. Lehena Pirinioak eta inguruneari eskainia, hirugarrena bertako inauteriari eta  etnografiari, eta bigarrena, zirrara gehien eragiten duena, hogeita hamaseiko gerlan herria zorigaiztoko, eta zorigaitzez ospetsu egin zuen gerla-gertakizun bati:  Bielsako poltsa.

1938. urteko otsailean isolatua geratu zen Bielsako aranean errepublikar armadaren 43. Dibisioa. Frankistek inguruko aran eta bailara guztiak hartuta Frantziara alde egitea beste aukerarik ez zitzaien geratu bertako biztanleei. Apirilaren hasieran elurra goi-mendietan, oinez, Frantziarako bidea hartu zuten haur, gazte eta zahar, emakume eta gizon, askorentzat betirako desterrua izango zenari hasiera emanaz. Sei mila bat lagun izan omen ziren Bielsako portu zaharretik elur artean muga pasa zutenak.

Bielsako herritarrak Frantziarako bidean. 37ko apirila

Bielsako herritarrak Frantziarako bidean. 37ko apirila

Ekainaren 16an erori zen  Bielsako poltsa, 43. Dibisioa Frantziara igaro zenean. Aurretik hegazkin frankistek ez zuten etxerik zutik utzi Bielsan eta Parzanen.  Bielsako biztanleentzat  erbestea etxe eta hazienda guztiak galdu ondoren.

Bielsa bonbardaketaren ondoren

Bielsa bonbardaketaren ondoren

Hango herritarrek  ez dituzte gertaera haiek ahaztu nahi. Memoria historikoari toki bat egin diote eta  museo interesgarri bat mantentzen dute udaletxean.  43. Dibisoaren balentriak toki  nabarmena dauka. Herritarren sufrimenduak, hildako gazteek (hogei inguru izan ziren), erbestetik sekula itzuli ez zirenek , edota itzuli eta ezer gabe beren bizitza berregiten hasi behar izan zutenek ezer gutxi.

Bielsara bazoaz ez itzuli museoa ikusi gabe. Umila baina esanguratsua da. Kontuan izan arratsaldeko 5etatik 9etara dagoela zabalik bakarrik.

Bukatu da bukatu da; Bukatu da akabo.

Atzokoa izan zen nire azkenengo lan eguna, baldin eta oporretako  azken eguna azken lan eguntzat har badaiteke.  Garbiago esanda, atzo amaitu ziren nire lan kontratuen lotura  eta konpromisoak,  eta gaurtik aurrera, libre, okerrik ezean, beste egoera batean izango naiz.

Hobea diote askok. Ederra izan behar du lanera joan barik hil amaieran bankuko kontuan soldata jasotzea, ederra izan behar duen bezala eskuturrean erlojua lotu gabe ibili ahal izatea. Erloju biologikoaren mendean bakarrik, eguna norberaren eran antolatuaz, beti igande, beti jai.

Atzean hogeita hemezortzi urte. Aurpegi eta izaera desberdin asko. Jarraitzen dutenak eta bidea utzi dutenak. Eta betiko geratu zirenak. Momentuak, garrantzitsuak eta aspergarriak. Bizipenak, hutsuneak, arrakastak eta porrotak.  Bizipozak eta etsipenak. Onerako edo txarrerako ukatu edo desegin ezin dugun bidea. Betiko gurekin geratuko dena, jakinaren gainean hartutako  erabakien segida. Horiek guztiak egin gaituzte; ezin beraz inori garenaren errurik bota.

Hogeita hemezortzi urte euskararen munduan. Lehenengo irakaskuntzan ondoren komunikabideenean. Ez da meritu bat, hautapen bat baizik. Duela hogeita hemezortzi urte lehen lana eskaini zidatenean  hartutako erabakitik eratorritakoa,  orduan jakin gabe beste urte guztiak ere eremu horretan emango nituenik.

Beste edozein bezain erakargarri eta aberasgarria, ez diru emaitzen ikuspegitik, baina bai  ezagutu zenezakeen jendearengatik. Ez hain onak ere bai, baina orokorrean proiektuekin konpromisoa erakusten duen jendea ezagutu dut: prestua, leiala eta emankorra. Baita politikak eraginda edozein proiektu desitxuratzeko gai zena ere, denetik baitago gure munduan besteetan bezala.

Urte hauetan guztietan ez dut ezagutu diruzalerik edo azkar aberastu  beharraz itsututa bizi zenik. Ez dut ezagutu pertsona fidakaitzik; ala bai? Edozein kasutan gehiago izan dira balio positiboak soberan zituztenak negatiboek janda bizi zirenak baino. Oroitzapenak geratzen dira: makila bat, argazkiak, bertsoak,.. horiexek dira esparru hau uztean zurekin eramaten dituzun gauza materialak.

Aurretik ez dakit zenbat urte. Lehenengoa niretzat  izango da. Egoista izateko eskubidea daukat. Ni neu eta nire inguruabarrak naiz zioen filosofo espainolak. Neure burua orain arteko inguruabarretatik isolatu nahi dut. Gertukoenak, afektiboenak, bizitzakoak  nirekin jarraituko dute. Lanekoak, politikoak, gizarte konpromisoak aparte uzten saiatuko naiz lehen urte honetan. Lehengoekin jarraitu bai, berririk hartu ez. Oñati, Donostia eta Pirinioak izango dira nire erreferentzia geografikoak. Aspaldi mesanotxean baztertu nituen Rayuela eta Quosque Tandem nire lehen bidelagunak.

Horrela ekingo diot nire abentura berriari. Eskuturrean erloju barik nahiz eta aldika begi ertzarekin begiratu, bide berriak deskubritzeko grinarekin.

Blog hau nirekin eramango dut laneko zamen oroigarri. Bidean aspertzen ez banau.

Kale Zaharreko kontuak

Goiena.net-en argitaratu denez bizilagunok eta merkatari-tabernek ez dugu berdin hartu udalak kalean autoak sartzeko ordutegia murrizteko erabakia hartu izana.

Kale Zaharreko bizilaguna naiz eta ondo ezagutzen ditut kale honetan bizi izateak sortzen dizkigun arazoak eta eragozpenak. Kalea irekita dagoen uneetan lanean, eta erosketak egin ondoren kargatuta etxera gatozenean, poltsak oinez eraman beharra; haur txikiekin goizeko lehen orduan etxetik irten behar dugunean bebarruko ate parean kafea hartzera geratu denaren autoa traban; haurrak ustez oinezko kale batetik doazenean paretik kankailu bat bizikleta gainean abiadura neurtu barik. Zapatu gau eta jai bezperatako goizeko zazpiak arteko beheko tabernako musika jasan beharra udalak hartu beharreko neurriak hartzen ez dituelako. Prebarikazioa ( Delito que cometen los funcionarios públicos al faltar, a sabiendas o por ignorancia inexcusable, a las obligaciones y deberes de su cargo.)deitzen zaio honi.

Hel nakixon  oinezko kaleko arazoari besteaz hitz egiteko denbora izango da eta. Bizilagunek hainbat bilera izan ditugu udal ordezkariekin kaleko peatonalizazioaren eta gaueko zarataren inguruan.

Uste dugu kalea oinezkoentzat bihurtzen denean, alde eta aurkako guztiekin egin behar dela eta zamaketa lanetarako soilik zabaldu behar dela; bertako merkatari eta bizilagunen zamaketa lanetarako alegia. Tabernariek eta dendariek diote horrek egundoko galerak sortzen dizkietela salmentak jaitsiko direlako. Kanpoko esperientziei begiratuz gero ikus genezake ez dagoela erlazio zuzen bat trafikoaren eta dendetako salmenten artean. Donostian San Martin kaleak  eta inguruak trafiko handikoak dira eta denda eta taberna dezente daude. Berdin Loiola kalean edo Bulebarrean oinezkoentzat izanagatik.

Salmentek zerikusi zuzenagoa izaten dute zerbitzuaren kalitatearekin kaleko trafikoarekin baino.  Erosketen eta trafikoaren arteko erlazio zuzena eta bakarra dagoenik esaten duen ikerketarik ez dut ezagutzen. Ez da egongo ere, gure kaleko hainbat dendariri ez zaileko batere gustatzen  euren denda aurrean inork autoa  aparkatzea uztea beste inori gustatzen ez zaion bezala. Horregatik hartzen dute euren aurrealdeko kale zatia iragarki eta kartelez betetzeko eta autoak beste batzuen bebarru aurretara usatzeko.

Kaletarrok ulertzen dugu ona dela zerbitzuak gertu edukitzea baldin eta bizikidetza arauak betetzen badira. Horregatik eskatu diogu udalari, kaleak oinekoentzat izan daitezela eguneko 24 orduetan. Merkatariek eta bizilagunek zamaketa lanetarako eskubidea beharko genuke baldintza hauetan beste hiri batzuetan gertatzen den bezala, baina kalekoa ez denak ez du zertan sartu oinezkoen kale batera. Merkatariek galera handirik ez dezaten izan Kale Zahar inguruan errotazio azkarreko aparkalekuak egiteko proposatu diogu udalari, Zazpibidetan (Horrela da Jerardo?) eta Aita Madinaren hasieran, gehienez 15´-30´ko denboraldira  mugatuta. Aparkaldi luzeagotarako berriz, epe motzera edo ertainera Olaiturrin lurrazpiko aparkaleku bat egitea gaineko estalkia jolasleku bezala utziaz orain dagoen legez. Ez luke inbertsio handirik behar.

Gure kalean denondako lekua dago baina bizikidetzako arauak adostea ezinbestekoa da. Beti ere, auzotarren eskubideak errespetatuaz. Lo egiteko eta osasunekoa ere bai. Osasun psikikoa barne.

Horregatik aldarrikatzen ditugu bentako oinezko kaleak eta zarata bariko espazioak.