Juanmi e Illarramendi ya habían perforado las redes gallegas, con dos grandes “txitxarros”, antes de que comenzara la primera tanda de la Bandera de la Concha (Angel López, periodista, Donostia; Mundo Deportivo)
Angel Lópezek ez du aitzakirik ez jakiteko ordurako Kontxako estropadetako lehen lehia, neskena, ondo amaituta zegoela, eta beraz, Kontxako estropadak Erreala jokatzen hasi baino dezente lehenago hasita zeudela.
Nik majo gozatu nuen nesken estropadarekin Errealaren partida aurretik eta mutilenarekin Errealak bi gol horiek sartzsen zituen unean. Hernaniko neskak itsasoratu aurretik Hondarrabiko mutilak iritsi arte ez nintzen telebista aurretik mugitu; gogoratu ere ez bazkaltzeko ogia erosteko kalera joan beharra neukala.
Estropada zaleek (eta zale ez direnek) ikusi genituen bi estropadetako hiru txandak betiko gogoratuko ditugu Castrok badia barruan hegan eginaz Oriori bandera kendu zion estropada bikain hura gogoratzen dugun bezalaxe.
Neskek eta mutilek Puntak gurutzatu eta badia uzteko erakutsi zuten ausardia, hiru metroko olatu nahasiak menderatzeko xahutu zuten indarra eta trebezia, traineruak zuzen mantentzeko patroi eta hankekoek egin zuten lana, ziabogak hartzeko orduan erakutsitako maisutasuna, azkenera arte eskaini ziguten kirol-emozioa eta ETBk emandako irudiak gogoan gordetzeko modukoak dira.
Baina lehenengo estropadako neskek, lehiara irten eta olatuen gainean dantza egiteko erakutsi ziguten ausardia eta trebezia, izan ziren gehien harritu nindutenak eta zirrara berezi bat eragin zidatenak. Agian lehenengo aldiz ikusten nuelako horrelako egoera baten aurrean hamalau nesken talde bat, eta zalantzarik gabe gure belaunaldian ezinezkoa zelako horrelakorik pentsatu ere egitea.
Azpimarratu behar da espektakulu bera eman zigutela bi estropadetako protagonistek, ausardia bera erakutsi zigutela parte hartu zuten hamasei traineruek, abilezia bera erakutsi zigutela Nerea Perez eta Gorka Aranberrik eurek lematutako traineruak garaipenera eramaten, emozio eta poz berdinak Orioko mutilek eta Pasaiako neskek, etsipen bera Errenderiako neskek eta Bermeoko mutilek, baina, eta hemen dago desberdintasun bakarra, garailearentzat 24.000€ gizonen estropadan eta 15.000€ neskenean lan berdinak egin eta emozio berdinak transmititu ondoren. Mutilentzat %60 gehiago. Informazio hau baieztatu nahi izanez gero jo Donostia Kulturako webgunera.
Donostiako udalak generoaren araberako desberdintasunik onartzen ez duen hitzarmena badu, zinegotziek izan emakume izan gizonezko irizpide berdinen arabera jasotzen badituzten euren lan-sariak, zer dela eta hiriko ikur diren iraileko estropadetan desberdintasun hori sarietan? Ala egindako milia eta metroen arabera kalkulatzen dira sariak?