Erata ez da ospe handi ez txikiko mendia. 2003 metro baino ez ditu eta Piriniotako mendi-pusken aurrean hori ez da ezer. Alperrik bistak ( Perdido, Tendeñera, Cotiella, Midi d’Ossau…), edo beste dohainak, aurkezpen txarteletik altuera bakarrik hartzen denean meritu bakartzat. Urtero joan ohi gara, behin baino gehiagotan ere bai, izan Cotefabloko tunelaren ekialdeko irteerako parkinetik abiatuta, izan Yéserotik igota, edo gaurkoan bezala ibilbidea Espierren hasita. Barbenuta eta Espierre 1.200 metro inguruko garaieran dauden bi herrixka auzo dira, politak eta egoki berriztatuak bereziki bigarrena. Espierrek eliza erromaniko txiki, irmo eta oso zaindu bat dauka; Baseliza baten tamainakoa. Merezi du ikustea kanpotik bada ere, gehienetan itxita egoten baita. Barbenutan berriz mahasti txiki bat dago landatuta duela lau bat urte, eta aurten atera omen dute merkatura bertako ardoa. Oso botila gutxi, mahastiak ez baitu hektarea erdia gaindituko, eta ondorioz garestia. Emaitza ezin da inolaz ere ardo merkeen geruzan sailkatu.
Espierretik Eratara igotzeko hiru orduko ibilaldia dago gutxi gora behera. Lehenago harlauzez estalitako bide zahar bat zen abiapuntua, eta orain ere han izango da bidea, baina pista zabal batetik markatzen dute hasiera. Gaurkoan ere ez dago jenderik ibilbidea hasteko prest. Motxilak hartu eta bagoaz biok tipi-tapa oinez.
Bidea erosoa da, baina zoritxarrez tarteka txirrindulariek botatako gel-elikagai ontzi hutsez zipriztindua. Itzulerarako utziko ditugu.
Gaur guk inoiz egin gabeko bide bat egingo dugu. Pista aurrera joan ahala lehen bidegurutze garrantzitsuan hegoaldera (eskuinera) irtetzen duen abarra hartuko dugu. Hegoaldera ere egiten du bira aurrerago, mendebaldera gero, eta poliki poliki mendi-lerroaren hegia hartzen du. Hona iritsita ekialdera joan beharko dugu hegiari jarraituz eta Ainielleko herri abandonatua gordetzen duen sakanaren gainean norabidea berriro aldatuta San Benitoren baseliza pasata Eratako gailurrera iritsiko gara.
Jazoera aipagarri gehiagorik gabe, azeri lotsagabe bat gurutzatu zaigula ezpada (lehenago errepidean eperra izan da gurutzatu zaiguna), iritsi gara abiapuntura bost orduko joan-etorria osatuz.
Txirrindularien zabarkeria.
Bizikleta oso garraiobide ekologikoa dela esan ohi da, eta horrela beharko luke fabrikatze eta garraioak behar dituzten lehengaiak eta eragiten dituzten zakarrak kontuan hartuko ez bagenitu, baina badauka alderdi ez hain ekologiko bat, hain zuzen, munduko lasterketa garrantzitsuenetan ikusten dugun hori, hau da, txirrindularitzaren munduak errepide eta bazter guztiak hondakinez beteta uzteko duen ohitura zabar hori.
Antza, beren idoloena egitea maite dute hainbat txirrinduzalek eta dozena bat jel-hontzi jaso behar izan ditugu itzulerako bidean.
Aurtengoan neska lirain musuemalieen parafernalia guztia ezabatu dute hainbat antolakundek emakumeen erabilera desegoki hau arazo barik baztertu daitekeela erakutsiz. Hondakinen gaira itzuliz eta esaten den bezala zabor onena sortzen ez dena bada, edota sortu beste irtenbiderik ez dagoenean hondakin onena biodegradagarria dena egia bada, zergatik ez hasi dagoeneko neurriak hartzen?
Mendian edo hirian ez genuke ezer bota behar lurrera, noski, baina edukiontzi hauek bota beharra izanez gero ere, zergatik ez derrigortu iraungitze data bat izatera barruan gordetzen dituzten elikagaiek duten bezalaxe?. Likidoak gorde behar dituzten edukiontzietan ez da hain erreza izango noski, baina ezin al dira barra energetikoak edo jelak adibidez ontzi biodegradagarrietan bildu? Eta bereziki, zergatik ezin dugu kaleaz edo mendiaz gozatu sortzen ditugun hondakinak modu egokian kudeatu gabe?
dav