Auritzen erromatarren arrastoei jarraitzen.

Aurizperrin ikus daitezkeen milarioak

Aurizperrin ikus daitezkeen milarioak

 

Lagunok, gaztetan hainbeste ordu konpartitutakoak, urtean behin edo bi aldiz biltzeko ohitura hartu dugu. Kontu zaharrak gogoratu eta berriak ikasi, egunero dugulako zerbait ikasteko aukera. Urteak aurrera joan ahala gauza eta kontzeptu berriak asimilatzeko gaitasuna geldotuaz joaten da. Badirudi giza-ordenagailuaren diskoa beteta, ez dagoela ideia edo ezagutza gehiagorako tokirik, baina amore eman ordez, ezagutzen ez ditugun gauzekiko kuriositatea eta ikasnahia gorde eta zaindu beharra dago. Horretan saiatzen gara.

Azken irtenaldian erromatarrekin egin dugu topo. Egia da aspaldi, erromatarrak guretik ez zirela pasatu edota ez gintuztela menderatu zioen lelo zaharra, ez dakit abertzaletasun espainiarraren edo euskaldunaren mitoa, sinetsi egin genuela, baina erori ere aspaldi erori zitzaigula beste teoria batzuk ezagutu ahala.

Aurreko asteburuan egindako ikustaldiek, erromatarren aztarnen norabidean jarri gintuzten. Rafa gure lagunak, Iturissa aurkitu dutela uste du (arrazoi sakonak ditu hori sinesteko), eta Ibañetatik Iturisan barna Artze ibarretik pasatuaz Irunberrira zeraman galtzadaren arrastoa nondik nora joan zitekeen azaldu zigun. Teorizazio bat da, baina ideia hori bidean aurkitutako miliarioek  justifikatzen dute.

Ustezko Iturisako kata bat

Ustezko Iturisako kata bat.

Erromatar galtzadaren arrastoak

Erromatar galtzadaren arrastoak

Igandean, ibilalditxo bat antolatu zuten Aurizperriko Errobi kanpinetik Saraguetaraino ustezko erromatar galtzada jarraitzeko.  Dozena bat lagun ginen joateko. Ahoz ahokoak lan handia egin, eta goizeko bederatzietan inguruetako eta kanpoko 100 lagun inguru ginen ibilaldiari ekiteko prest.

Eguraldia lagun osatu genuen ibilbidea, Juanmarik eta Rafak emandako azalpen guztiak bete-betean sinetsita. Teoriak izango dira, baina ondo arrazoituak eta gure historia galdua osatzeko ezinbesteko kate-mailak.

Hainbat gauza ikasi genituen. Ikasi genuen Aurizperri eta Auritz bitarteko lautadetan hektarea askoko zabalera izan zuten bi herri gutxienez izan zirela erromatarren sasoian, eta  bide batez asteburu bikain bat pasatu genuen hango gastronomiaz eta ingurugiroaz disfrutatzen.

Ez da gutxi!

This entry was posted in kultura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude