Eskeko ulerkorra.

Estropada bigarren igandea Donostian. Eguerdian Alde Zaharrera joan naiz lagunengana ordu horretan ohikoa den jardueran murgiltzeko. Kale Nagusia eta San Jeronimok bat egiten duten gunean sarri aurkitzen dudan eskekoa ikusi dut. Badakit zer dagoen. Berez ez da eskale bat gaixo psikiko bat baizik, baina koitaduak ezin du ezagun bat ikusi kafe bat hartzeko edo ogitarteko bat jateko eskatu gabe. Euro pare batekoa izaten da eskaera.
Ohi duen bezala zuzenean etorri zait. Nik diru xeherik ez poltsikoan eta oraingoan dirurik gabe harrapatu nauela esaten diot. Lagunen kontura ari naizela basoerdiak hartzen gaineratzen dut, eta froga gisa patrikan ditudan txanpon eskasak ateratzen ditut. 50 zentimokoa da handiena, eta eskuan luzatzen diot. Berak ezetz, nik baietz, azkenean hartu egiten du.
Bitartean lagunek aurrerantz jarraitu dute eta banoa haien atzetik. Bat batean esku bat nabaritzen dut bizkarrean ahots isil batek belarrian xuxurlatzen didan bitartean:
Lasai egon, badakit diruz gaizki zabiltzala eta.
Eskeko ulerkorra.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude