Animaliei tratu txarra ematea edo arrazoirik gabeko oinaze edo mina eta larritasuna sor diezaiekeen edozein gauza egitea debekatuta dago Euskal Autonomia Erkidegoan 6/1993 animaliak babesteko legea onartu zenetik, bere 4.2 atalak xedatzen duenez. Legea ez da atzo goizekoa, 1993an onartu baitzuen Legebiltzarrak Jose Antonio Ardanza Lehendakari zela.
Atal berak debekatzen ditu zakur eta oilar borrokak, eta animaliak kalean hiltzea, beharrezko edo ezinbesteko izan ezik.
Lege hau eskuan, aurre egin behar izan zitzaien -eta debekatu-, animaliak erdigunean zituzten hainbat ikuskizun edo ohitura basatiri. Lekeitioko antzarraren sufrimenduak, egiazkoa ez den ordezko batek pairatu behar izaten ditu gaur, eta beste adibide bat agertzearren, Osintxuko Kofraixetan hiltzen zen txahala berdin hiltzen da, baina jai gunetik urrun. Mutikoak ginenean kalean egiten zen txerri hilketa ere ez da jada ezaguna gaurko mutikoentzat nahiz eta lukainka edo odolosteak dastatzeko aukerarik ez zaizkien falta, eta gutxi izango dira ahari talkak ikusteko aukera izan duten herritarrak. Zer esan, zakur eta oilar borrokez legean espresuki debekatuak.
Bere momentuan onartutako legeak lorpen interesgarriak izan ditu animaliei eskaintzen diegun tratuan. Inork ez ditu gogoan beste sasoi batzuetan ohikoak izanik, gaurko jendarteak krudelkeria basatitzat hartuko lituzkeenak. Zerbait irabazi dugu horretan.
Tradizioko zezenketa kasuetan (sokamuturra, entzierroak…) ganadua zauritua, kolpatua eta gaizki tratatuta den ikuskizunik egiteko ez da inola ere baimenik emango; dio legearen beste atal batek.
Baina zezenketei -ez tradiziozkoei – buru zer? Bada espresuki geratzen dira legearen eragin esparrutik at, eta dakigunez hauetan baimenduta dago tradiziozko zezenketetan debekatzen dena, hots, ganadua zauritzea, kolpatzea, gaizki tratatzea eta akabatzea.
Orduko Legebiltzarra ez zen ausartu zezenketetako gehiegikeriei mugak jartzen, eta geroztikoek ere ez diote erronka horri heltzerik nahi izan. Are gehiago, urteak joan arren berdin berdin jarraitzen dugu Azpeitia, Bilbon edo Iruñean, eta legealdi batez Donostian kirtenkeria hau debekatua izan bada ere, lehengotara itzuli gara Gobernu berriarekin.
Espainian antza beste haize batzuk jotzen dute. Kanariar Irletan eta Katalunian debekatuta daude animaliaren heriotzarekin amaitzen diren zezenketak, eta hainbat eskualdetan debekatzeko proposamenak ari dira agertzen, edo gutxienez, erreferendumak egitekoak.
Gurean, tradizioan oinarrituta , ez eztabaidarik, ez erreferendumik. Aitzitik, antzarrarena edo Osintxuko Kofraixak tradizioan oinarrituak izan arren debekatuta.
Itxurakeriak bai, hemen manifestazioak eta han ez, baina 1993ko legea aldatzea edota eztabaida piztea gutxienez, Legebiltzarrari dagokio eta benetan animalien aurkako tratu txarrak arbuiatzen dituztenek ez lukete herritarren ekimenen zain egon behar Lege zaharra aldatzeko proposamenak egiteko.
Legebiltzarreko eztabaidak, eta argazkia, oso interesgarriak izan zitezkeen.