Kaixo Markel:
Gaur goizean ohetik jaiki naizenean Diputatu Nagusiaren hautaketa ekitaldian gaur bertan izan behar zela irakurri dut. Hautatua izateko aukera guztiak dituzunez gutun hau idaztea erabaki dut presaka eta zalapartaka.
Agian ausartegia irudituko zaizu, baina nere zergak Gipuzkoan ordaindu, bertan jaio eta bizi, eta botoa emateko eskubidea bertan gauzatzen dudanez, hurrengo lau urteetan lurraldeko gobernua kudeatzeko ardura izango duzun horri hainbat eskaera edo proposamen egiten ausartuko naiz. Edozein pertsonari zor zaion begirunearekin noski, eta beste herritar askok , ezker, eskuin, berde edo urdin, idazten dudanarekin bat egiten dutela uste osoan.
Lehenengo Markel (utziko didazu ponte-izena erabiltzea aurretik ere ezagutu baitugu elkar), instituzioaren duintasuna berreskuratzeko ahalegina eskatuko nizuke. Gaizki egingo nuke zurea zalantzan jartzen, zure ondradutasunaren alde eskua sutan jartzeko gai den horietakoa bainaiz. Baina badakizu zu eta Eneko Goia politikoki epaituak eta zigortuak izan zaretela duela gutxi Batzar Nagusietan. Herritarrek ez diote antza jaramon asko egin epaiketa politiko horri, edo ez dute sinetsi leporatzen zitzaizuena. Hauteskunde sasoia, obrak bi aldiz ordaindu izana ezin sinetsi, Kontuen euskal epaitegiaren txostenik eza,…
Esan dezakezu epaitegietan dagoen gai bat dela, baina ondo legoke, niri iritziz, epaiaren zain egon gabe Diputatu Nagusiaren eta Foru Aldundi beraren ohorea berreskuratzeko ahaleginak egitea, gai honen inguruan egia azalduaz herritarrei, nahi den bidea erabiliaz, ez baita itxurosoa zalantzapean dagoen Diputatu Nagusi bat gobernatzen edukitzea.
Bigarrenik, zure aurreko agintaldian, 2010ean hain zuzen, herritarren partaidetzarako eskubidea onartu zenuten Foru Arau bidez, eta baita herri kontsultak egitea partaidetzako eskubidearen zati bezala.
Gipuzkoan azken urteotan, taberna, elkarte, bizartegi eta ile-apaindegietan, kaleetan, egunez eta gauez, sutsu eztabaidatu den gai bat izan dugu: zaborren kudeaketa zikloaren itxiera madarikatua. Batzuek errauskailua infernuak bidalitako tresna pozoitsua dela zabortegiak hobesten, besteek zabortegiek naturari egiten dioten kaltea itzuli ezina delako errauskailuaren abantailak lehenetsiz. Horrela daramagu urte mordoxka bat eta bi legealdi baino gehiago, eztabaida instituzioetatik kalera jaitsita, makina bat bazkalondo, digestio eta txikiteo hondatzen.
Arazoa teknikoa da nire ustez. Erraz neurtu daitezke sistema baten eta bestearen arrasto ekologikoak eta koste ekonomikoak. Gai korapilotsu hau askatzeko kontsulta bat antolatzea iruditzen zait bide egokiena, programak ahaztuta, herritarrei orain arte ukatu zaizkien eskubideak eskainiaz. Arazoari behin betirako irteera emango zenioke horrela. Zure denboran onartutako Foru Araua tresna egokia denez, ausardia eskatuko nizuke gai honetan; txosten tekniko independente bat eskatu eta informazio prozesu baten ondoren antola ezazu herri kontsulta bat. Gipuzkoarrok nahi duguna egin bedi Gipuzkoan.
Hirugarrenik, gazteen langabeziari jaramon egitea. Ez dakit noraino den hau Foru Aldundiaren eskuduntza, ezta horretan eragiteko ahalmen handirik duzuen ala ez. Eskatuko nizuke baina, ahalegin guztiak egitea, eragin dezakezun toki guztietan helburu hau lehen premiako eginkizuna dela azpimarratuaz, eta neurriak eta aurrekontuak proposatzea eta onartzea. Hau da gizarte politiketan egin daitekeen politika aurrerakoiena, justuena eta errentagarriena.
Eskatzen hasita beste mila gauza eska ditzaket baina ez diet ematen lehen hirurei ematen diedan garrantzia.
Eska diezazuket euskarazko hedabideei erdarazkoei eskaintzen zaien beste publizitate zabaltzea Aldunditik eta Aldundipeko enpresetatik (urteetan nire etxea izan zenaren aldeko zerbait eskatu beharra era badaukat). Eska diezazuket errepideak erabiltzerakoan gipuzkoar guztiak berdinak izan gaitezela eta berdin ordain dezagula Beasaindarrek eta Oñatiarrek. Eska diezazuket baso politika eraginkor eta jasangarria, eta beste hainbat. Eska diezazuket ahal dakit zer.
Orain artekoekin geratzen naiz. Gutxi baina esanahi handikoak dira niretzat. Badakit guztiei kasu egiten ezin zarela ibili, baina hemen doazenekin herritar askok bat egiten dugula iruditzen zait. Ez dakit ze hitzartu duzuen PSErekin. Agian gai hauek beste norabide batean lotuta dauzkazue dagoeneko. Niretzat dezepzio txiki bat izango litzateke.
Besterik gabe, adeitasun osoz, konpromiso eta lotura politikorik ez duen herritar batek idatzia diskurtsoak eta bozketak ezagutu aurretik.