Aretxabaletatik edo Bergaratik bazatozte, bidegorri dotore batetik etortzeko aukera izango duzue. Berria, ondo seinaleztatua eta laua ahal den heinean. Gauza ederra da txirrinka gainean edo oinez arrisku barik ibili ahal izatea. Eta osasungarria. Arlo honetan Europako herri aurreratuenen artean gaudela esango neuke. Kostata, baina lortu dugu.
Oñatira iristen zarenean arazo larri batekin egingo duzu topo. Bapatean, bidegorriak markatzen duen bidea amaitzen da, zirkulazio seinale gezidun batek esango dizu bidegorriak iradokitzen duen bidetik jarraitu behar duzula, eta beste batek beste aukera, Kale Zaharrean gora jarraitzea debekatuta dagoela. Lasai! Segi debekatutik. Kale Zaharrean arauak betetzen badituzu dontsu edo inuzente baten parean geratuko zara.
Bidegorri hori eta bere amaiera harrigarria abuztuan margotuta dago eta ez neukan honi buruz ezer idazteko asmorik pentsatzen nuelako lehenago edo beranduago margotzen jarraituko zutela horrela jasota baitago Oñatiko udaleko mugikortasuneko ekintza planean. Asmoa hori bada, pedagogia egiten hasteko une ona ere bazela pentsatzen nuen.
Kaleko tabernetako terrazetan sarri entzuten da: Hara! Nora doia hori?; ikusi duzu beste horrek daraman abiada? Zuk ez duzu ikusi arratsaldeko fabriketako txanda amaitzen denean kalean gora kontrako noranzkoan igotzen den txirrindulari uholdea!
Astean adineko emakume batek (laurogei eta hamar pasa izan behar ditu gure ama zena baino zaharragoa baita), egunen baten horreittako batek aurrian eruango gaittu eta hor fango dira gure egunak bota dost txirrindulari batek gu bioi iskin egin ondoren.
Orduan animatu naiz hau idaztera, are gehiago, ikusita udal zinegotziek (pluralean) arauak errespetatzen eredu izan behar direnek, debekatutako noranzkoan gora egiten dutela txirrindutik jaitsi ere egin barik. Nekez egin daiteke pedagogia araua ezartzen dutenek araua hausten badute.
Ez dakit zein den Udalaren asmoa. Edo mugikortasun planak dioena aurrera eramatea, edota Kala Zaharrean txirrinduak bi noranzkoetan onartzea. Bigarrena bada, eskatuko nioke lehenbailehen egitea, bidegorria argi markatzea, autoen tokia ere garbi uztea, eta oinezkoei geratuko zaigun zatitxoa ere, ondo markatuta uztea defentsa bezala baliagarri gerta dakigun.
Neurea eta beste inorena ez da azken pasarteko iritzia. Beste guztian asko gatoz bat.