Bielsa Huescako Pirinioetako herri txiki bat da. Zabala hedaduraz baina 500 biztanle baino ez ditu, eta udalerriak 300 inguru. Beste bizilagunak, Parzan, Chisagües eta inguruko auzoetan barreiatuta bizi dira. Hamaika kilometrora dauka Frantziarekin lotzen duen tunela, eta udan ohikoa da frantziar herritarren eten gabeko sartu irtena, edariak, tabakoa eta oro har Pirinioen hegoaldean merkeagoak diren merkantzien bila.
Bielsa abiapuntu garrantzitsua da mendizaleentzat. Pinetarantz eta hemendik Monte Perdido, Añisclo edo Muniara, Ordizetoruntz eta hortik Biados aldera, mila irteera eta paraje eder aurkituko dituzu hara bazoaz. Irteera eta irteera bitarte tarte bat erabil ezazu Bielsako museoa ikusteko. Txikia eta xumea tamaina horretako herri bati dagokion bezala, baina esanahi sakonekoa.
Bere lurrari eta ohiturei atxikitako herri bat ezagutzeko aukera izango duzu ordu eta erdiko bisitaldian. Horrela esan ziguten eta denbora hori behar izan genuen museoko hiru plantak ikusteko. Lehena Pirinioak eta inguruneari eskainia, hirugarrena bertako inauteriari eta etnografiari, eta bigarrena, zirrara gehien eragiten duena, hogeita hamaseiko gerlan herria zorigaiztoko, eta zorigaitzez ospetsu egin zuen gerla-gertakizun bati: Bielsako poltsa.
1938. urteko otsailean isolatua geratu zen Bielsako aranean errepublikar armadaren 43. Dibisioa. Frankistek inguruko aran eta bailara guztiak hartuta Frantziara alde egitea beste aukerarik ez zitzaien geratu bertako biztanleei. Apirilaren hasieran elurra goi-mendietan, oinez, Frantziarako bidea hartu zuten haur, gazte eta zahar, emakume eta gizon, askorentzat betirako desterrua izango zenari hasiera emanaz. Sei mila bat lagun izan omen ziren Bielsako portu zaharretik elur artean muga pasa zutenak.
Ekainaren 16an erori zen Bielsako poltsa, 43. Dibisioa Frantziara igaro zenean. Aurretik hegazkin frankistek ez zuten etxerik zutik utzi Bielsan eta Parzanen. Bielsako biztanleentzat erbestea etxe eta hazienda guztiak galdu ondoren.
Hango herritarrek ez dituzte gertaera haiek ahaztu nahi. Memoria historikoari toki bat egin diote eta museo interesgarri bat mantentzen dute udaletxean. 43. Dibisoaren balentriak toki nabarmena dauka. Herritarren sufrimenduak, hildako gazteek (hogei inguru izan ziren), erbestetik sekula itzuli ez zirenek , edota itzuli eta ezer gabe beren bizitza berregiten hasi behar izan zutenek ezer gutxi.
Bielsara bazoaz ez itzuli museoa ikusi gabe. Umila baina esanguratsua da. Kontuan izan arratsaldeko 5etatik 9etara dagoela zabalik bakarrik.