Atzokoa izan zen nire azkenengo lan eguna, baldin eta oporretako azken eguna azken lan eguntzat har badaiteke. Garbiago esanda, atzo amaitu ziren nire lan kontratuen lotura eta konpromisoak, eta gaurtik aurrera, libre, okerrik ezean, beste egoera batean izango naiz.
Hobea diote askok. Ederra izan behar du lanera joan barik hil amaieran bankuko kontuan soldata jasotzea, ederra izan behar duen bezala eskuturrean erlojua lotu gabe ibili ahal izatea. Erloju biologikoaren mendean bakarrik, eguna norberaren eran antolatuaz, beti igande, beti jai.
Atzean hogeita hemezortzi urte. Aurpegi eta izaera desberdin asko. Jarraitzen dutenak eta bidea utzi dutenak. Eta betiko geratu zirenak. Momentuak, garrantzitsuak eta aspergarriak. Bizipenak, hutsuneak, arrakastak eta porrotak. Bizipozak eta etsipenak. Onerako edo txarrerako ukatu edo desegin ezin dugun bidea. Betiko gurekin geratuko dena, jakinaren gainean hartutako erabakien segida. Horiek guztiak egin gaituzte; ezin beraz inori garenaren errurik bota.
Hogeita hemezortzi urte euskararen munduan. Lehenengo irakaskuntzan ondoren komunikabideenean. Ez da meritu bat, hautapen bat baizik. Duela hogeita hemezortzi urte lehen lana eskaini zidatenean hartutako erabakitik eratorritakoa, orduan jakin gabe beste urte guztiak ere eremu horretan emango nituenik.
Beste edozein bezain erakargarri eta aberasgarria, ez diru emaitzen ikuspegitik, baina bai ezagutu zenezakeen jendearengatik. Ez hain onak ere bai, baina orokorrean proiektuekin konpromisoa erakusten duen jendea ezagutu dut: prestua, leiala eta emankorra. Baita politikak eraginda edozein proiektu desitxuratzeko gai zena ere, denetik baitago gure munduan besteetan bezala.
Urte hauetan guztietan ez dut ezagutu diruzalerik edo azkar aberastu beharraz itsututa bizi zenik. Ez dut ezagutu pertsona fidakaitzik; ala bai? Edozein kasutan gehiago izan dira balio positiboak soberan zituztenak negatiboek janda bizi zirenak baino. Oroitzapenak geratzen dira: makila bat, argazkiak, bertsoak,.. horiexek dira esparru hau uztean zurekin eramaten dituzun gauza materialak.
Aurretik ez dakit zenbat urte. Lehenengoa niretzat izango da. Egoista izateko eskubidea daukat. Ni neu eta nire inguruabarrak naiz zioen filosofo espainolak. Neure burua orain arteko inguruabarretatik isolatu nahi dut. Gertukoenak, afektiboenak, bizitzakoak nirekin jarraituko dute. Lanekoak, politikoak, gizarte konpromisoak aparte uzten saiatuko naiz lehen urte honetan. Lehengoekin jarraitu bai, berririk hartu ez. Oñati, Donostia eta Pirinioak izango dira nire erreferentzia geografikoak. Aspaldi mesanotxean baztertu nituen Rayuela eta Quosque Tandem nire lehen bidelagunak.
Horrela ekingo diot nire abentura berriari. Eskuturrean erloju barik nahiz eta aldika begi ertzarekin begiratu, bide berriak deskubritzeko grinarekin.
Blog hau nirekin eramango dut laneko zamen oroigarri. Bidean aspertzen ez banau.
Zorionak eta gozatu