Duela urte asko Azkoagainera joan nintzen Errenteriako lagun batekin. Arrasatearrak zetozen Aloñaren kontra jokatzera. Leinztarrak, uholdeka beste sasoi batzuk baitziren, Brasil trialilalilalilali kantatzen beren mutilak animatzeko. Zazpi gol inguru sartu zizkiguten. Ez dakit orduko emaitza ere ez ote zen izan 1 eta 7koa.
Gutxitan joaten naiz futbolera eta zaila egiten zait telebistaz partida bat oso osorik ikustea. Gustuko dut, ez dut lotsarik aitortzeko, eta atzo Brasil eta Alemaniaren artekoa ikusteko asmoarekin, eta morbo pixka batekin, eseri nintzen telebista parean Angela eta Dilmaren mutilak parez pare ikusteko. Zerbait gerta zitekeen susmoarekin.
Eta galanta gertatu zen. Gaurko egunkarietan era guztietako interpretazioak irakur daitezke.
Atzo futbolaren eliteak ikusteko aukera izan genuen. Auskalo zelaian zeuden guztien artean zenbat milioi irabazten dituzten urtero. Eibarreko Futbol taldearekin gogoratzea ezin saihestu; milioi gutxi kutxan, baina umiltasuna, lana eta diziplina ardatz goi mailara igotzeko gai izan den taldea.
Diotenez, eibartarrak bilbotarrak bezalakoak dira baina diruarekin. Antza, foballerako ez dute gorde poltsikotan soberan dutena, baina bigarren mailako aurrekontu txikiena izan arren lehen mailara igotzeko gauza izan dira. Seguru asko eibartar gehienek nahiago zuketen lan gabeziak behera egitea eta herriko gazteek lana aurkitzea, edota hainbat urtetan gure herria narrastu duen bortizkeriari behin betiko amaiera ematea, edo errepublikak monarkia ordezkatzea, edota erabakitzeko eskubidea gauzatu ahal izatea. Baina espainiar ligako lehen mailan jokatzearekin konformatu beharko dira beste horiek guztiak ahaztuta.
Ezaugarri eredugarriak erakutsi dituzte urte askoan: talde lana, diziplina, ilusioa eta umiltasuna. Goi mailako liga horretan berriz, handinahia, zarrastelkeria, ustelkeria eta beste hainbat –keria.
Futbolaren bi aurpegiak: Brasil eta Alemania munduko lehiaketan, eta Eibar, eta Zaragoza edo Valentzia Espainiako ligan. Ligari dagokionean, batzuk diru gutxirekin maila gorenean eta gora eta behera ibiltzeko lotsa gutxirekin, besteak leporaino zorpetutako klubak pakistandar bati edo mexikar bati saldu ezinik. Bi aurpegi.
Egia esan apustua eginda nuen Eibarrek ez zuela lehen mailan jokatuko ez ziotelako utziko. Penaltiek eta maletek desitxuratu izan dute maila batetik bestera igarotzeko bidea. Ez da horrelakorik izan eta orain azken baldintza bete nahian ari dira Eibartarrak: kapital handitzea lehen maila jokatu behar badute. Berrogeita hamar mila euro falta dituzte oraindik. Iritsiko al dira?
Gehiago pentsatu barik, bigarren final erdia ikusteko prestatu beharra daukat: Argentina eta Holandaren artekoa. Seguru gaurkoan ere handiak ikusiko ditugula.