Europako legebiltzarrerako hauteskundeek irabazleak eta galtzaileak izan dituzte. Batzuk pozik eta beste batzuk kezkati. Datorren urtekoek argituko digute batzuen gorakadak eta besteen porrotak sendotzen diren ala maiatzean loreak ernaldu eta igartzen diren bezala gaur irabazle direnak bihar galtzaile diren eta alderantziz.
Emaitzek utzi diguten irakaspen bat eta geure burua abertzaletzat dugunok kontuan hartu beharko genukeena da, galtzaileak estatuko partiduak izanagatik, euren galera ez dela etorri abertzaleen esparrura eta ondorioz bi multzo soziologikoen botoak antzera jarraitzen dutela. %51,69 izan da EAJ eta EH Bilduren portzentajeen batura EAEn eta % 30 inguru Nafarroan. Zer esan nahi du honek? Ba gurean (Hego Euskal Herrian) dauden blokeak oreka egonkorrean daudela eta boto abertzaleak ez duela gora egiten.
Boto estatala aztertuz gero berriz, erabakitzeko eskubidearen alde egon daitezkeenen botoek- eta hemen Ahal dugu eta IU-Eki hartzen ditugu kontuan- gora egin dute, estatu arrazoien aitzakiari irmo heltzen diotenen kaltetan.
Dirudienez kontsultaren aldekoak gehiago izan gaitezke, abertzale ez den esparruko hainbatek ondo ikusiko lukeelako, eta noski estatus politiko berri bat ere onargarria gerta dakiekeelako. Euskal Herria estatu independente gisa antolatzearen aldeko bozka eman genezakeenak aldiz, gutxiengoan egon gaitezke Nafarroako efektuaren ondorioz, baina baita ere boto abertzalea ematen duen batek baino gehiagok atzera egin dezakeelako Espainiatik banatzeak eragiten duen beldurragatik.
2105ean boto abertzalea 2014ko europarretan baina puntu batzuk handiagoa izango da seguru asko hauteskundeak tokikoak diren neurrian, eta erabakitze eskubidearen aldekoak gehiengo indartsuagoak osatu ahalko dituzte gure herri, hiri eta Aldundietan, beti ere Podemosekoek euren programan gaiari buruz 5.7. puntuan diotena mantentzen badute.
Legebiltzarrak berriro aldarrikatu du autodeterminazio eskubidea. Gure esku dagoren ekimena gainean daukagu. Kontsulta gertuago egon daiteke, baina galdera ondo adostu beharko da aukera abertzale batek aurrera egingo badu beharrezkoa izango baita abertzale zalantzatiek eta ez abertzaleen multzo garrantzitsu batek proposamenarekin bat egitea. Gaur egun gehiengo politikoa gertuago ikusten dela, beharrezkoa izango da gehiengo sozial handi bat lortzea.