Aurreko zapatuan Donostiako Gipuzkoa Solidarioak antolatu zuen erakusketako stand batean egotea egokitu zitzaidan. Standa GKE batena izanik, elkartasunarekin lotura duen materiala zegoen bertan. Tartean Yo soy Malala liburua.
Liburuak atentzioa ematen zuen eta batek baino gehiagok erosi nahi izan zuen. Malala Yousafzai, muga guztiak gainditu dituen fenomeno bihurtu da. Fenomeno eta eredu baikorra. Horregatik bakarrik merezi du irakurtzea miresmena irabazi duen neskatxa borrokalari honek argitaratutako liburua. Irakurterraza da eta oso gordina.
Jaio nintzenean gure herrixkako biztanleak gure amaz errukitu ziren eta inork ez zuen nire aita zoriondu. Esaldi esanguratsu horrekin ematen dio hasiera liburuari. Esaldia latza izanik, latzagoa da talibanen lurraldean neskei egokitzen zaien bizitza moldea. Ez dut Swat ibarra ezagutzen baina bai mapan oso urruti ez dagoen Hushe ibarra, eta bertan izan naizen pare bat alditan ez dut emakumerik ezagutu; ez dira existitzen. Ez dira eskolaratzen ez dute lanik egiten ostatu, denda edo azoketan. Ahalik eta azkarren ezkon araztea da gurasoen xedea. Baltistan Fundazioak egindako lanari esker oraintsu hasi dira neskak eskolara joaten, eta hori Hushe ibarrean ez dagoela horren aurka egiten duen taliban mugimendurik. Oraingoz.
PNUDek (Garapenerako Nazio Batuetako Programak) argitaratutako Giza Garapenari buruzko txostenaren arabera Hego-Asia da txiro dimentsioaniztun gehien duen eskualdea. 186 herrialdek osatzen duten sailkapenean Pakistan 145. da, Swateko ibarrarekin muga egiten duen Afganistan 172., eta India 134.
Txirotasun dimentsioaniztun indizeak etxalde eta familiei eragiten dizkien hainbat aldagai aztertzen ditu: ur edangarria eskura izatea, janariak prestatzeko erabiltzen den erregaia, osasun zerbitzuen gertutasuna, edota familiek dituzten ondasunak, eta etxebizitzak eraikitzeko arauak dira horietako batzuk.
Nuklear bonbarik izatea edota armada eta armamentuan egindako gastua ez du zorionez neurtzen, baina neurtuko balu herrialde hauek (Pakistan eta India bereziki), berez ez dagozkien postu aurreratuetan agertuko lirateke.
Liburua irakurriaz konturatzen zara euskaldun izatea beti nekeza eta batzuetan aspergarria bada, zein nekezago, zailago eta gogorragoa den herri horietan neska jaio izatea.
irakurtzea gomendatzen dizuet, aurreiritziak baztertuta, eta boom editorialok zerbait ezkutatzen dutela pentsatu barik, beti ez delako horrela izaten.