Uda oporren amaieran esan zidan lagun batek Fagorren benetako egoera oso larria zela; ordura arte kaleratutakoa baino askoz larriagoa. Kasu eginda ere ez nuen uste hainbesterainokoa izango zenik.
Eskualdeko eta Euskal herriko traktore izateaz gain gauzak egiteko beste filosofia batean oinarritu da Fagor. Munduan zehar eredu sozial bihurtu den ikuskera izan da. Baina eredu sozialak ez daude krisien erasoetatik libre, eta zazpi buruko munstroak Arrasateko dragoia garaitu du momentuz behintzat.
Eredu bakoitzak bere berokiak ditu krisiari aurre egiteko. Kooperatibei dagokionez beti goraipatu izan dira soldatak berregokitzeko duten malgutasuna edota baten lan soberakinak beste batean birkokatzeko duten gaitasuna. Hau guztia ez da nahikoa izan kasuan, eta konkurtsora deitu beste irtenbiderik ez du izan. Orain, futbol zaletuek igandero entrenatzaile izatera jokatzen duten bezala, estratega izatera jokatzen dugu arazoa bere sakontasunean ezagutuko bagenu bezala, zer dagoen gaizki eta zer ez zen inoiz egin behar azpimarratuz tabernako edo kaleko berbaldietan. Fagor gurean sortua da eta islatzen duen mezua ikaragarri ederra da: Bospasei gaztek hutsetik sortutako ekimena, herri eta hein batean eskualde batek elikatutako egitasmoa, berrikuntza eta arriskuei aurre egiteko harrotasuna, demokrazian oinarritutako eredu justuagoa, elkartasunaren paradigma…
Hori guztia eta gehiago, baina krisiak ez dio barkatu. Haize ufadek eta marrumek itsasontziaren masta nagusia hautsi dute hondoratzeko beldurra eskifaian zabalduaz, eta beldurrak geldiarazten gaitu eta erabakiak hartzeko argitasuna ilundu egiten du. Horrela erabakiak hartzen direnerako aukera asko galtzen dira bidean.
Seguru asko arazoa ez da finantzarioa bakarrik, ez da injekzio finantzario batekin konpontzen, eta egitura merkatuaren beharretara egokitu ezean etorkizun iluna izango du horizonte hurbilean. Salba daitekeen enplegua ziurtatuko duen bideragarritasun plan bat ezinbestekoa da finantzazio plan batek bakarrik ezin duelako arazo ekonomiko bat estali.
Gipuzkoan ikur diren beste enpresa batzuk ere pasa dira egoera honetatik. Irizar eta Erreala dira azken adibideak, baina CAF bera ere ez da beti ibili gaur egun bezala. Balentziaga edo Zamakona untziolak dira aurrekoekin batera krisi sakonetik bideragarritasun plan on batekin atera daitekeela erakusten duten beste eredu batzuk.
Ez dute erronka makala Fagorreko kudeatzaile eta bazkideek balore kooperatiboak baztertu gabe esku artean duten arazoari buelta eman nahi badiote. Kapital elkarte batek ERE bat eska dezake langileentzat eta berregituratzeari ekin. Bide horiek itxita daude jabe eta administratzaileentzat. Kooperatibek, eta kasuan Fagorrek beste bide batzuk urratu beharko dituzte aurrera egin daitekeen guztiarekin aurrera egin ahal izateko. Dagoeneko berandu ez bada,eta urak pasa ondoren presa eraikitzeari ekin ez badiote.
Asma bezate guztion onerako izango baita.