Fiskalitateaz hitz egiten dugunean zerga-bilketaz eta gastu publikoaren banaketaz hitz egin beharko genuke, baina gehienetan, eta are gehiago oraingo egoeran, sarrera publikoak kosta ahala kosta mantendu beharragatik zerga-bilketa nola handitu bihurtzen da eztabaidagai nagusia. Eta horretan ari omen dira EAEko alderdi politikoak, bakoitza bere proposamenak mahai gainean.
Betik irakurri eta entzun izan dugu Euskal Herriko presio fiskala Europako estatu aurreratuenetakoa baino baxuagoa dela. Sarri errakuntza batekin lagunduta joan ohi da baieztapena. Presio handiagoa badute, gehiago ordaintzen dutelako da (ez gehiagok), beraz tipo handiagoak dituztelako.
Hau ez da horrela. Gutariko bakoitzaren ahalegin fiskala europar aurreratu baten mailakoa da.
KPMGk sarean eskegitako txostena begiratzen badugu, ikusiko dugu Europan bi estatuk bakarrik dutela Espainiak (%52) baino tipo marginal altuagoa: Danimarka (%55,4) eta Suedia (%56,6) dira. Gurean, tipo marginala igotzeko tartea egon daiteke ez delako Espainiakora iristen.
Baina Kataluiniaren kasua hartzen badugu, 2012an Suediaren mailako tipo marginala (%56) izan arren, ez dute lortu hango presio fiskalik edo zerbitzu publikorik. Oraintsu irakurri dugunez 2012an baino 5.500 langile publiko gutxiago ditu Generalitateak eta osasun zerbitzuen eta beste hainbat zerbitzuen aurkako kritika zorrotzak entzun izan ditugu azken hilabeteetan.
El Paísek igandean zioenez BEZaren tipoa Europar batasunaren batez bestekoaren mailan zegoen 2012an (%21 eta %21.13), eta sozietateetako Europako batez bestekoaren gainetik (%30a, %22.6aren aurka).
Gauzak horrela, garbi dago antzeko sistema fiskalek ez dutela presio fiskal bera bermatzen. Zeintzuk izan daitezke arrazoiak? Oso ezagunak: Gizartearen maila guztietan sustraiak ederto bota dituen iruzurra, ezkutuko ekonomia (beste iruzur mota bat), demaseko langabezia eta hobariak.
Badago non lan egin zergak igo gabe. Pertsona fisikoen zerga edo BEZa igotzeak ondorio kaltegarriak dakarzkio ekonomia errealari. Herritarrek diru erabilgarri gutxiago badute gutxiago gastatuko dute, merkatarien eta industriaren kaltetan. Langabezia areagotuko da eta gutxiago izango gara (dira) zergak ordainduko ditugunak (dutenak), amaiera gabeko kate negatiboa elikatuaz.
Koiunturara egokitutako fiskalitatea beharko dugu, baina zerga-bilketa areagotu nahi bada, iruzurrari egindako jazarpenetik, ezkutuko ekonomia bistaratzetik eta hobarietan aldaketak egitetik etorri beharko da. Ez ordaintzen dugunoi ahalegin handiago bat eskatzetik .