Maria Gordoa

http://www.kutxateka.eus

Maria Gordoaren argazkia erruz agertu zaigu azken hilabeteotan 1918ko Eusko Ikaskuntzaren I. Kongresuaren aitzakian. Maria Gordoa, Juan Gordoa  orduko alkatearen alaba, aukeratu zuten agintariek sokako lehenengo neska, eta Bizkaiko Aldundiko presidentearen emaztea atzesku neska biltzarraren amaieran diputatuek eta beste hainbat ordezkarik enparantzan dantzatu zuten soka-dantzarako. Olaiturrik ere eskaini dio protagonista paper garrantzitsu bat, urtero bezala aurten ere egin duen antzerki lanean, hain zuzen, 1918ko Biltzarraren inguruan idatzi eta antzestu dutena Inazio Irizar eta lagunek.

 

Maria neska gaztea zen Biltzarra egin zenean, hogei urte inguru  izango zituen, baina argazkietan ez da agertzen adinari dagokion freskotasunarekin  edo irribarrearekin. Serio asko argazki batean aurreskulariaren oinei begira, eta besteetan ere, antzeko jitearekin solemnitateak horrela eskatuko zuelako seguruenez.

Maria Gordoa

Gure tia Mariari -amaren izeba zenez Oñatin eta inguruetan aita-amen osaba-izebak beti izan ohi dira guretzat tia edo tio-, ez zitzaion bizimodu erraza egokitu. Juan Ignacio Echeberriarekin ezkondu zen, eta gerlak alargun utzi zuen 1937ko urtarrilaren 4an Bilbon milizanoek Larrinagako presondegian sartu zirenean. Bere senarra eta bi anaiak, kartzelako patioan eguzkia hartzen ari ziren neguko arratsaldeko eguzkiaren epeltasunaz gozatuz  milizianoak eta beste hainbat herritar sututa sartu zirenean goizez hegazkin naziek Bilbo bonbardatu izanaren mendeku gisa. Senarra eta anaia bat galdu zituen tiroz erailda, eta beste anaia zaurituta utzi zuten hildako plantak egin, eta horrekin batera milizianoek komunean ezkutatuta zegoen gixajo bat bizirik aurkitu zutenean.

Zer egiten zuen Juan Ignaciok han? Juan Ignacioren errua karlista ezagun baten alabarekin ezkondu izana izan zen. Juan Gordoa, Oñatiko alkatea 1918ko kongresua ospatu zenean harrera ekitaldian gaur egun galduta dagoen harrera diskurtsoa euskaraz egin zuen bera, karlista zen ideologiaz orduko Oñatiko eta Euskal Herriko jendartean beste asko ziren bezalaxe.

Juan Ignaciok, bere koinatu biak bezala,  Larrinagan amaitu zuen matxinatuak Oñatira Udanatik sartzen ari zirela, milizianoek  zerrenda beltzak eskuan hainbat lagun atxilotzen hasi zirenean. Bere aitaginarreba zen helburua baina bila joan zitzaizkionean, familiak ezkutatu egin zuen eta helburua lortu ezinik,  hainbat karanbolaren ondoren Juan Ignacio eta bi koinatuak hartu zituzten atxilo Oñatiko Kontzejuan. Denak zibilak ziren.  Handik Larrinagara, kartzelari erasoa, eta ezagunak diren urtarrilaren 4ko gertaera tamalgarriak.  

Juan Echeberria bere lehengusu-lehengusinekin

Tia Maria Txantxilplistin bizi izan zen, eta han hazi zen bere seme gaztea, Juan, bere lehengusu-lehengusinekin.  Mutikoa nintzela gogoan ditut plazako Ibarrondoneko liburudendaren gaineko pisu batean. Gero, semeak Donostia inguruan lana aurkitu eta hara jo zuten ama-semeak.

Gogoan dut oraindik tia Maria. Emakume serioa, irribarre gutxikoa baina goxua eta maitagarria. Bizitzak ez zion barre-algaratan ibiltzeko arrazoirik eman.

Gertaerak Gerrako garrak Oñatin liburuan  jasotzen dira, baina okerren batzuekin hiru hauek ez zituztelako Larrinagara eraman Unibertsitatetik hartuta, etxetik joan baitziren Oñatiko udaletxeraatxilo zegoen osaba batengatik galdezka. Osaba aske utzi, baina galdezka joandako hirurak hartu  zituzten atxilo.

Gauza hauek, gerlako edozein kontu bezala, tabu izan dira gurean eta Euskal Herriko etxe gehienetan, bereziki sufrimendua pairatu behar izan dutenetan, izan batzuen izan besteen biktima. Horrela gure kondaira nagusia osatzen duten tankera horretako historia txiki asko galdu dira betiko. Guztiek beharko lukete toki bat gure memoria historikoan.

Balio bezate lerro hauek 2018ko kongresuaren argazkietan agertzen den neska dagokion memoriaren txoko horretan kokatzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude