Makrokiroldegia

Carmen Sánchez-Miranda NBE-Habitateko buru da Espainian. El Paiseko Espacio eco-k, Ecoembeserekin lankidetzan egin zioten elkarrizketa  bat argitaratu zuen azaroaren 7an.

Kazetariak aukeratutako titular desegokiak elkarrizketa  irakurtzera eraman ninduen,  eta  titulua aparte utziaz oso gauza interesgarriak esaten zituela ikusi ahal izan nuen.

Hiri barneratzaileagoen eta jasangarriagoen alde egiten du besteak beste:  bizitza mapa guztian duen hiriaren alde, ez bakarrik erdigunean duenaren alde hain zuzen.

Orain arteko eredua ere kritikatzen zuen: “Alde batetik logela-hiriak; bestetik erosketa ahalmen handia duen jendea ingurune oso isolatuetan.  Hemen batzuk bizi gara, hemen beste batzuk. Horrek jendartearen kohesio galera dakar. Errepikatu ezin diren gauzak dira”

Hiriak feminista izan behar dutela ere badio, ”feministak, biztanleen arteko parekotasuna bultzatzen duten heinean” . “Emakumeek hiriaren alderdi guztien diseinuan parte handiagoa har dezatela bultzatuz”.

Hori guztia dio eta gauza gehiago. Gustoen irakurri ditudanak ekarri ditut noski. Leku desberdinetan kritikatu izan dut Oñatin azken lau hamarkadetan  garatu izan den eredu makrozefaloa (buru handi bat Kale Zaharra eta Plazaren inguruan eta gorputz ahula beste guztian, zerbitzuei dagokionean bederen), eta elkarrizketa honetan  nire ideiekin bat egiten duen aditu bat aurkitu dut. Edo nik bereekin.

Zoritxarrez ez dirudi epe motzean gauzak aldatuko direnik Oñatin, Azken Kontzejupetik-en (horrela dator izena), azarokoan,  makrokiroldegia handitzeko hartutako erabakiaren ingurukoak  irakurrita.

Seguru nago kirol zerbitzuak herriko beste auzo (ez landa-auzo) batzuetara eraman ordez makrokiroldegia handitzen jarraitzea hautatzeko arrazoi indartsuak egongo direla, agian ekonomikoak, ahal dakit, baina uste dut etorkizuneko Oñatiri buruz gogoeta egiten ari garen aroan, aukera bat galdu dugula orain artekoa zalantzan jarri eta sikiera beste eredu batzuk aztertu eta eztabaidatzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude