Kirol profesionalari diru laguntzak

 

Aurreko asteko albistea da. Garden eta ezer ezkutatu barik agertu da hedabideetan. Bizkaiko Foru Aldundiak 3,7 milioiko zorra barkatu dio Bilbo Basketi eta gainera 1,2 milioi eman dizkio diru-laguntza moduan. Ahaldun Nagusiak berak eman du honen berri eta oposizioko alderdiek hasiera batean zarata pixka bat egin duten arren (oposizioan daudenez dagokiena) azkar isildu dira. Hain garbi azaltzea eta oposizioa hain azkar isiltzea, bizkaitarrek gauza hauek beste era batera bizi dituztela pentsa arazi dit.

Duela gutxi esan zidaten Hernaniko Rugby taldeak estatuko lehen mailara igo ondoren diru-laguntza handiagoa eskatu ziola herriko udalari, baina honek ezetz. Mailaz igo arren ez ziola gehiago emango.

Bi muturrak ditugu Hernaniko udala eta Bizkaiko Foru Aldundia. Batek ez dio gehiago eman nahi talde amateur bati eta besteak zorrak barkatu eta diru-laguntzak ematen dizkio talde profesionalari.

Ez nago kirolariak diruz laguntzearen aurka, baina zalantzak ditut bankuetako eta kutxetako zuzendariek irabazten duten adina irabazten duten profesionalez osatutako talde bati diruz laguntzearen egokitasunaz eta zilegitasunaz. Desegokia iruditzen zait lehiaketak  desitxuratzen direlako, eta injustua, bankuen kasuan bezala, gehien irabazten dutenek inork agindu dien gehiegikeria kobra dezaten egiten diren dohaintzak direlako, beste herritar guztiek eskotera jarritako dirutik, Ogasuna guztiok garelako.

Are okerrago, kobratuko dituzten euskoeuroak dolar bihurtu eta gurean gastatu eta inbertitu ordez beste herrialde batzuetara joango direlako gu pobretuz eta beste batzuk aberastuz. Ados; ekonomia osoarekin alderatuta kopuru txikiak dira baina honetan agintariek zorrotzak izan beharko lukete.

Bizkaiaren izena munduan zehar zabaldu  dutelako merezi omen dute laguntza hori. Pentsatzea ere! Seguru Bilbo Basketen partidak Europan zehar ikusi dituzten gehienek oraindik bere buruari galdezka ari direla Bizkaia aseguru etxe baten izena ala  autoentzat piezak egiten dituen fabrika batena ote den.

Ez da justua gainera, enpresak, ikastetxeak eta beste eragileak  araudi zorrotz bati atxikita egotea eta kirol talde profesionalek barra librea edukitzea. Enpresa baten kasuan hartzekodunen konkurtsoa deituta beharko zukeen eta ikastetxe bat balitz aspalditik zegokeen diru-laguntzarik jaso gabe Ogasunarekin metatutako zorragatik.

Europatik Espainiako futbol talde profesionalak jasotzen dituzten diru-laguntzak aztertzen hasi omen dira. Ea kirol profesional guztietara zabaltzen diren ikerketak eta dopin finantzarioa betiko amaitzen den.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude