Eskertzekoa da galdetzea eta galdetzen digutenez nire iritzia emango dut.
Oñati, herri polita da, ondare historiko patrimonial, kultural eta naturarekiko garrantzitsu batekin, industriala, pinuzalea, euskalduna eta abar eta abar.
Bai, egia da Oñati oro har toki egokia dela bizitzeko, polita bisitan etortzen zaizkigun kanpotarrek esaten dutenez, eta hau berezko garapen kontrol gabeko baten ondorio baino, neurri handi batean, Oñatiko udalek ezarritako hirigintza politikei ere zor diegula, onerako eta txarrerako.
Egia da ere, herriaren ongizatea industriaren gainean bermatzen dela hein haundi batean eta honen ordaina, porlana, indutrialdeak eta landa-eremuen atzerakada geratu gabea izan direla, zelabaiteko desorekak eraginaz, baina aberastasunaren aldetik Gipuzkoako herri aberatsenetako bat izatera iritsiz.
Egia da ere nekazari jardueraren galerarekin esparru gehienak pinuz bete direla, gustatu ala ez, hau delako lurrei gutxieneko probetxu bat ateratzeko modua, baina hala ere, natura-ondare garrantzitsu baten jabe dela eta nahiko ondo zaindua.
Egia da ere, kultuta eta historia patrimonio garrantzitsu baten jabe dela…
Eta abar…
Aurreko guztia onartuta, eta guztiak kontuan hartu beharko dira HAPO berri bat idazterakoan, onartu behar dugu hirigintzaren ikuspegitik azken urteetako garapena ez dela oso harmonikoa izan, eta kale-auzoen arteko desoreka garrantzitsuak eragin dituela. Hona konstatazio kritiko batzuk inork kontuan hartu nahi baditu
1.- Herrigune historikoaren arazoak. Esango dut herrigune historikoa gainbeheran dagoela beste auzo batzuk gorantz datozen hein berean. Hau ez da Oñatiko berezitasun bat bizkotxoa eta txokolatea bezala, baizik eta gure herri eta hiri guztietan (eta guretik kanpo) gertatzen ari den fenomeno bat. Gure herrigune historikoak hustutzen eta zahartzen ari dira.
1.1. Taberna gehiegi: Oñatikoari dagokionez Gislaneko lanaren ondorioen artean hau azpimarratzen du Kontzeju aldizkariak: “Ostalaritza establezimenduak metatzen diren guneetan etxe hutsen kopurua handiagoa dela jasotzen du azterlanak, ela ildo horretan oreka lortzea ezinbestekoa dela, auzoaren bizigarritasun egoki baterako”. Azken batean, azterketak dioskuna da ezin dela lortu bizitza-kalitate gutxieneko bat ostalaritza zerbitzuen hazkunde gehiegizko baten inguruan. Araudia betearazteaz gain, eta badirudi alkateari GOIENA telebistako saioan entzundakoagatik gaiari serio heltzekotan direla eta bazen ordua, zerbait pentsatu beharko da etorkizunari begira ostalaritzako negozioaren deszentralizazioa eta deslokalizaioa eragiteko onurak eta kaleak herrian zehar barreiatuz. Donostian egin duten bezala, Herrigune historikoa gune saturatu izendatzea izan daiteke neurri batbeste neurri batzuekin konbinatuta. Hori iritsi bitartean araudiak zorrotz bete arazteak auzotarren bizi-kalitatean eragin positiboa izango du noski.
1.2. Eraikuntzako arautegi zurrunegia: Indarrean dauden araudiekin oso zaila da auzotarrak etxeen erabateko birgaitzeari ekitea eta egiten diren konponketa partzialek ez dituzte sahiesten eraikin zaharren deserosotasunak. Egitura zaharrak, efizientzia energetiko txikiak, igogailurik ez gehienetan, asko dira bizi-kalitate eskasean eragiten duten arazoak eta guztiak ditugu alderdi historikoko gune askotan. Ez da harritzekoa auzo zaharren ordez herritarrek Bidebarrieta edo San Martin edo Ugarkalde bezalako tokiak aukeratzea bizi izateko. Iruditzen zait herrigune historikoa dagoenetan kontserbatzearen zama ezin dela utzi bertako bizilagunen gain bakarrik, eta diru-laguntzen programa espezifiko batez aparte, birgaitze-araudi malguagoak beharko liratekeela baldin eta alderdi historikoa bizi-toki erakargarri bihurtu nahi badugu.