Ara Ibarrean barrena

Maiatzaren 29a da. Eguraldi iragarpena ez da oso txarra eta dirudienez euri pittin bat egingo badu ere, ez da oztopo izango Ara Ibarrean zehar joan-etorri bat egiteko.

 

Ordu betera Ordisoko txabolan gaude. Parean izen bereko ibarra zabaltzen da. Erreka indartsu dator eta elur-jausi bat ere ikus daiteke eski pista beltz baten irudi.

 

Ibar barrenean Vignemale, eta Moskowa printzearen korridorea ikus daitezke laino artean. Bigarrena ikusteko irudimen pixka bat behar badugu ere.

Vignemale Ara Ibarrean barrena

 

Ara ibaia indar handiz ari da jaisten eurien eta elurren ondorioz. Zer izango ote da elurra urtzen hasten denean.

 

Duela bi urte zaragozar mendizale bat galdu zen Ara Ibarrean Apirilaren 23an. Ehunka lagun aritu ziren bere bila. Zibilak, eta militarrak ere bai. Hauetako batek bizitza galdu zuen amildegian behera erorita. Galdutakoa gorpu agertu zen urte bereko urrian, bidetik nahiko urruti, eta Moskowa printzearen korridoretik gertu.

 

 

 

 

 

 

 

Lagunek metalezko eskultura-oroigarri jarria zuten zubia pasata Ara Ibaiko eta Gavarnieko bideak bereizten diren tokian gutxi gora behera. Natura Kanposantu bihurtzeko ohitura ulertezina! Militarrek, gutxiago ez eta plaka bat jarri zuten bide-ertzean euren lagunak bizitza galdu zuen tokian.

Gaur baten batek mutilaren aldeko eskultura kentzea erabaki du. Zulo bat harriz beteta geratzen da lehenago oroigarria izan zen tokian.

 

Militarraren plakak berriz bere tokian jarraitzen du.

 

 

Mirestekoa da  mendian galdutako pertsona bat aurkitzearren bere bizitza arriskuan jartzen  duenaren ekimena, bere lana izan ala ez, berdin militarra, zibila edo apaiza bada.

Baina jokaera hau, hots, baten oroigarria kentzea eta bestearena ez, ez al da pertsonak bere lanbide edo izaeraren edo beste irizpideren baten arabera bereiztea?

Galdetu egiten dut.