2.- Kale-auzoen arteko desorekak:
“Poligono berri guztiak, gainera, aski aseturik aurkitzen dira. Izan ere, hasieran egitekotan ziren etxe-kopurua altu samarra izan arren, bukatu aurretik, hura gehitu egin zen: Errekalden bi aldiz (1.966 eta 1.971.ean) eta behin Olakuan (1.974.ean) eta San Lorentzon (1.971.ean)”
Honela dio Oñatiko Historia eta Arte Bilduma (1.982) liburuko sarreran Felix Ugarte zenak. Pasarte horri gehitu behar zaio hori guztia egin zela auzootan inolako zerbitzu publiko edo azpiegitura kultural, kiroleko edo osasunekorik aurreikusi gabe.
Ondorioak:
1.1. Zerbitzu publikoen konzentrazioa. Zerbitzu publikoen banaketak zapaburu edo espermatozoide baten itxura hartu du. Buru handi bat Erdigune historikoan eta buztan luze bat, geroz eta meheagoa, San Lorentzo-Olatik Ugarkaldera San Martinen amaitzeko.
Hau udal politika konsziente baten ondorio izan da. Duela urte asko sektore batzuetatik kritikak entzun ziren polikiroldegia, anbulatorioa eta beste hainbat zerbitzu berri hektarea koadro gutxitan zentralizatzearen aurka. Bide hau lehenetsi eta indartu zen ondorengo urte guztietan eta gaur duguna da, sendagilearengana joateko, eskolara edo kirola egitera joateko, bataiatzeko, lurperatzeko, ziurtagiriak eskatzeko, zinemara edo teatrora eta bertsolaritara edo tabernara joateko, edo udaltzainengana galdu ditugun giltzak jaso ote dituzten galdetzera jotzeko, derrigor erdigune historikora joan beharra dagoela. Batzuk guztia eskura eta gehiengo batek nahitaez mugitu beharra herritarren desplazamendu edo lekualdatzeak behar baino gehiago gehituz. Eredu hau jasangarriagoa da? Erosoagoa herritarrentzat? Deszentralizatzea hibea litzateke? Dagokion foroan eztabaidatzeko gaia da hurrengo urtetako Oñatiko hirigintzako arauak eztabaidatzeko orduan.
Erdigune historikoan ditxosozko tabernez gain, Ikastola eta Institutua dugu. Instituto soziojuridikoa eta MU; artxiboak, Kanposantua eta Eliza, Polikiroldegia eta Santa Ana Aretoa, zinema eta liburutegia, udala bera eta ludoteak, udaltzainak… Eta argi, Azkoagainen ordezkoa garbigunearen (ahaztu zaidan beste zerbitzu bat) ondoan aurreikusita zegoen. Ezin izan denez han egin, momentuz, ez dago beste alternatibarik futbolak Azkoagain saturatzea baino, eta beste kirol batzuetarako (atletismoa adibidez) egon zitezkeen azpiegitura eskasak (Ibarran) urte batzuetarako galdu dira. Edo erdigunetik gertu edo inon ez, bihurtu da Oñatiko hirigintzako goiburu nagusia.
Ez zaigu burutik pasatu ere egiten gutxieneko zerbitzuen onurak eta zamak auzoz-auzo bana daitezkeenik. Ezta estali gabeko piszina dotore batzuk San Lorentzon egin daitezkeenik Eltziaren inguruan, San Lorentzo-Olate, Ugarkalde eta San Martin auzoetako herritar multzo oso handi batetik gertu, herri barruko joan-etorriak murriztuz. Ez da inor joango esaten da horrelakoetan. Ikusiko genuke piszinetara joaten diren ala ez.
Garbi dago urte askoan eraiki dena ezin dela gauetik goizera ezabatu baina auzoak (logela-auzoak) biziberritu nahi baditugu udalak politika deszentralizatzaileak bultzatu beharko ditu HAPOetan edo ez dakit non dotazio publiko berrietarako lurrak eta politika egokiak aurreikusiz.
1.2. Merkataritza eta beste zerbitzu batzuen falta auzo askotan. Merkataritza eta ostalaritza erdigunean konzentratu dira bizilagun askoko logela-auzoak bazter utzita. San Martinen esaterako ez dago ogia edo esnea erosteko denda bakarrik, ezta kafe bat edo basoerdi bat hartzeko establezimendurik edo auzotarrak biltzeko egoitzarik. Ugarkalden, oker ez banaiz taberna bat da dagoen negozio bakarra. Ondorioz auzo horietako jendarte-bizitza ez da existitzen. Auzotarrak ez dira biltzen ez dutelako biltzeko edo aisialdi konpartiturako tokirik.
Uste dut udaletik egoera hori iraultzeko politikak aurreikusi beharko liratekeela kontsumo kooperatibak bultzatuz, zergatan hobariak jarriz eta laguntzak luzatuz, merkataritza-kaleetako negozioentzat kalterik gabe auzoetan gutxieneko zerbitzuak bermatzeko.
Gaur egun, entzunda dudanez, badaude arkitekturan desoreka hauen kontra eta auzo bizien alde egiten duten teoria eta taldeak. Ondo legoke hauetako batzuei entzutea eta ikastea.
3.- Kale-auzoen existentzia ez da aintzakotzat hartzen. Kale-auzoen arteko errealitateak oso desberdinak dira Oñatin. Seguru asko eta inori ezer kendu gabe landa-auzoen artean dauden desberdintasunak baino handiagoak izango dira herri barruko auzoen artekoak.
Errealitate hau kale-auzoen existentzia eta deberdintasunak alegia, onartu beharra dago Oñati hobe bat nahi badugu. Udalak herritarren gehiengoa bizi den guneetan sortzen diren arazoak ezagutu eta erantzun egokiak emateko bideak onartu beharko lituzke.
Orain artekoak inork kontuan hartu nahi baditu egindako ekarpen umil batzuk baino ez dira. Nik neuk, indarrean dugun eredu hau baino beste bat lehenetsiko nuke. Erdigunean ditugun dotazio publiko batzuk beste auzo batzuetara lekualdatzeko prozesu bat hasi, Eltziaren iguruan zerbitzu publiko indartsuak ezarriaz adibidez, Eltziak berak eskaintzen dituen aukerak indartzeko eta sinergiak aprobetxatuz herritar multzo haundi bati auzoan bizitzeko aukerak eskaintzeko.
Aurrekoa adibide bat da. Baina tira; ez da aditu batena. Zer egin? Eratuko diren eztabaida-taldeen proposamenetatik eta adituen iritzietatik jasotakoekin Oñati berri bat (edo betikoa hobea bada) eraikitzen hasteko oinarriak onartu eta ezarri, beti ere orain artekoa zalantza jarriaz, kritikoka izanaz, seguru asko egindakoa ez delako egin zitekeen planteamendu bakarra, ezta onena.
Egoki iruditzen al zaizu urteetan kudeatzaile izan zinen Goienak albiste bezala jartzea zure iritziak? Beste boglari guztiek baino jainkoago sentitzen al zara horrela?
https://goiena.eus/oinati/
Kaixo Kale zaharreko poteatzaile. Ez neukan idazten duzunaren barri nahiz eta jakin sarean idatzitako guztiak duela “arrisku” hori.
Galdera pare bat egin dizkidazu eta ez daukat erantzuteko arazorik baldin eta nirekin (Kale Zaharrean jaioa eta sarri ardo bat edo beste bertan hartzen duena) hitz egin nahi baduzu. Ezagutzen nauzu eta zeure burua aurkeztu baino ez duzu egin behar, baina susmua dut nahiago duzula anonimatotik ibili.