La Fageda.

La Fageda d´en Jordá La Garrotxan dagoen pagadi (Faig pagoa da katalanez) berezi bat da, ez dagoen bakarra delako, baizik eta lur bolkanikoan hazi den bakarra delako. La Garrotxan, Olot hiriburu duen eskualdean ez dira zuhaitz ugarienak, gurean ere ez noski, baina baso-dibertsitate handiagoa dute han: artadi, artelatz-basoak, gaztainadi, harizti edo pinudiak aurki daitezke espezie bakoitzak bizitzeko behar dituen baldintzak eskaintzen dituzten esparruetan.

Fageda d’en Jordák bisita asko jasotzen ditu. Eskola-taldeek, naturazaleek, ibiltari, korrikalari edo turista soilek urratzen dituzten hango ibiladi markatuak. Bertan, errepidetik gertu eraiki zuten pagadiari bere poesia bat  eskaini zion Joan Maragall poeta katalanaren omenezko gune edo oroitarri bat.
Pagadiaren barruan, buruko gaixotasunen bat zutenak psikiatrikoetatik atera eta bizimodu normalizatua -ahal zen heinean- eskaintzeko asmoarekin  joan den mendeko larogeigarrengo hamarkadan sortutako La Fageda Fundazioaren instalakuntzak daude. La Fageda masia zahar batean kokatzen den egitasmo sozial eta  integratzailea da. Buruko gaixotasunen bat edo ezgaitasun intelektualen bat dutenekin batera beste hainbat lagun ari dira lanean 300 langileren kopurua osatu arte. Fagedak behitegi bat dauka eta esnekiak, izozkiak eta  marmeladak ekoizten ditu nagusiki, pertsonen, ingurunearen eta animalien errespetuak ardatz hartzen dituen eredu jasangarrian oinarrituta.

Su-mendien ibilbidea egitera bazoaz izan kontuan La Fagedak merezi duela sartu-irten bat. Jogurten bat eta marmelada batzuk erosteko aukera eskaintzen dizu, eta bide batez proiektu integratzaile bati laguntza emateko aukera aurkituko duzu.

Alor fisikora itzuliaz interes geologikoko itzuli bat emateko aukera eskaintzen dizu Olot eta Santa Pau artean dagoen inguru honek.  Olot inguruan ohikoena da sumendiei bisita egitea. Itzuli honetan Croscat eta Santa Margarida sumendietatik itzulia egingo dugu lau ordu baino gehiago erabiliaz  Croscatekora propio joan eta Santa Margaridakora jaitsi nahi bada.
La Fageda eta Joan Maragallen monumentua ikusi nahi izanez gero ibilbideak denbora gehiago eskatzen du, noski, baina merezi du.

Oñatiko aldaketen inguruan zer iritzi duzu? Galdetzen digu Oñatiko Udalak. II

2.- Kale-auzoen arteko desorekak:

“Poligono berri guztiak, gainera, aski aseturik aurkitzen dira. Izan ere, hasieran egitekotan ziren etxe-kopurua altu samarra izan arren, bukatu aurretik, hura gehitu egin zen: Errekalden bi aldiz (1.966 eta 1.971.ean) eta behin Olakuan (1.974.ean) eta San Lorentzon (1.971.ean)”

Honela dio Oñatiko Historia eta Arte Bilduma (1.982) liburuko sarreran Felix Ugarte zenak. Pasarte horri gehitu behar zaio hori guztia egin zela auzootan inolako zerbitzu publiko edo azpiegitura kultural, kiroleko edo osasunekorik aurreikusi gabe.

Ondorioak:

1.1. Zerbitzu publikoen konzentrazioa. Zerbitzu publikoen banaketak zapaburu edo espermatozoide baten itxura hartu du. Buru handi bat Erdigune historikoan eta buztan luze bat, geroz eta meheagoa, San Lorentzo-Olatik Ugarkaldera San Martinen amaitzeko.

Hau udal politika konsziente baten ondorio izan da. Duela urte asko sektore batzuetatik kritikak entzun ziren polikiroldegia, anbulatorioa eta beste hainbat zerbitzu berri hektarea koadro gutxitan zentralizatzearen aurka. Bide hau lehenetsi eta indartu zen ondorengo urte guztietan eta gaur duguna da, sendagilearengana joateko, eskolara edo kirola egitera joateko, bataiatzeko, lurperatzeko, ziurtagiriak eskatzeko, zinemara edo teatrora eta bertsolaritara edo tabernara joateko, edo udaltzainengana galdu ditugun giltzak jaso ote dituzten galdetzera jotzeko, derrigor erdigune historikora joan beharra dagoela. Batzuk guztia eskura eta gehiengo batek nahitaez mugitu beharra herritarren desplazamendu edo lekualdatzeak behar baino gehiago gehituz. Eredu hau jasangarriagoa da? Erosoagoa herritarrentzat? Deszentralizatzea hibea litzateke? Dagokion foroan eztabaidatzeko gaia da hurrengo urtetako Oñatiko hirigintzako arauak eztabaidatzeko orduan.

Erdigune historikoan ditxosozko tabernez gain, Ikastola eta Institutua dugu. Instituto soziojuridikoa eta MU; artxiboak, Kanposantua eta Eliza, Polikiroldegia eta Santa Ana Aretoa, zinema eta liburutegia, udala bera eta ludoteak, udaltzainak… Eta argi, Azkoagainen ordezkoa garbigunearen (ahaztu zaidan beste zerbitzu bat) ondoan aurreikusita zegoen. Ezin izan denez han egin, momentuz, ez dago beste alternatibarik futbolak Azkoagain   saturatzea baino, eta beste kirol batzuetarako (atletismoa adibidez) egon zitezkeen azpiegitura eskasak (Ibarran) urte batzuetarako galdu dira. Edo erdigunetik gertu edo inon ez, bihurtu da Oñatiko hirigintzako goiburu nagusia.

Ez zaigu burutik pasatu ere egiten  gutxieneko zerbitzuen onurak eta zamak auzoz-auzo bana daitezkeenik. Ezta  estali gabeko piszina dotore batzuk San Lorentzon egin daitezkeenik  Eltziaren inguruan,   San Lorentzo-Olate, Ugarkalde eta San Martin auzoetako herritar multzo oso handi batetik gertu, herri barruko joan-etorriak murriztuz. Ez da inor joango esaten da horrelakoetan. Ikusiko genuke piszinetara joaten diren ala ez.

Garbi dago urte askoan eraiki dena ezin dela gauetik goizera ezabatu baina auzoak (logela-auzoak) biziberritu nahi baditugu udalak politika deszentralizatzaileak bultzatu beharko ditu HAPOetan edo ez dakit non dotazio publiko berrietarako lurrak eta politika egokiak aurreikusiz.

 

1.2. Merkataritza eta beste zerbitzu batzuen falta auzo askotan. Merkataritza eta ostalaritza erdigunean konzentratu dira bizilagun askoko logela-auzoak bazter utzita. San Martinen esaterako ez dago ogia edo esnea erosteko denda bakarrik, ezta kafe bat edo basoerdi bat hartzeko establezimendurik edo auzotarrak biltzeko egoitzarik. Ugarkalden, oker ez banaiz taberna bat da dagoen negozio bakarra. Ondorioz auzo horietako jendarte-bizitza ez da existitzen. Auzotarrak ez dira biltzen ez dutelako biltzeko edo aisialdi konpartiturako tokirik.

Uste dut udaletik egoera hori iraultzeko politikak aurreikusi beharko liratekeela kontsumo kooperatibak bultzatuz, zergatan hobariak jarriz eta laguntzak luzatuz, merkataritza-kaleetako negozioentzat kalterik gabe auzoetan gutxieneko zerbitzuak bermatzeko.

Gaur egun, entzunda dudanez, badaude arkitekturan desoreka hauen kontra eta auzo bizien alde egiten duten teoria eta  taldeak. Ondo legoke hauetako batzuei entzutea eta ikastea.

3.- Kale-auzoen existentzia ez da aintzakotzat hartzen. Kale-auzoen arteko errealitateak oso desberdinak dira Oñatin. Seguru asko eta inori ezer kendu gabe landa-auzoen  artean dauden desberdintasunak baino handiagoak izango dira herri barruko auzoen artekoak.

Errealitate hau kale-auzoen existentzia eta deberdintasunak alegia, onartu beharra dago Oñati hobe bat nahi badugu. Udalak herritarren gehiengoa bizi den  guneetan sortzen diren arazoak ezagutu eta erantzun egokiak emateko bideak onartu beharko lituzke.

Orain artekoak inork kontuan hartu nahi baditu egindako ekarpen umil batzuk baino ez dira. Nik neuk, indarrean dugun eredu hau baino beste bat lehenetsiko nuke. Erdigunean ditugun dotazio publiko batzuk beste auzo batzuetara lekualdatzeko prozesu bat hasi, Eltziaren iguruan zerbitzu publiko indartsuak ezarriaz adibidez, Eltziak berak eskaintzen dituen aukerak indartzeko eta sinergiak aprobetxatuz herritar multzo haundi bati auzoan bizitzeko aukerak eskaintzeko.

Aurrekoa adibide bat da. Baina tira; ez da aditu batena. Zer egin? Eratuko diren eztabaida-taldeen proposamenetatik eta adituen iritzietatik jasotakoekin Oñati berri bat (edo betikoa hobea bada) eraikitzen hasteko oinarriak onartu eta ezarri, beti ere orain artekoa zalantza jarriaz, kritikoka izanaz, seguru asko egindakoa ez delako egin zitekeen planteamendu bakarra, ezta  onena.

 

Oñatiko aldaketen inguruan zer iritzi duzu? Galdetzen digu Oñatiko Udalak. I

Eskertzekoa da galdetzea eta galdetzen digutenez nire iritzia emango dut.

Oñati, herri polita da, ondare historiko patrimonial, kultural eta naturarekiko garrantzitsu batekin, industriala, pinuzalea, euskalduna eta abar eta abar.

Bai, egia da Oñati oro har toki egokia dela bizitzeko, polita bisitan etortzen zaizkigun kanpotarrek esaten dutenez, eta hau berezko garapen kontrol gabeko baten ondorio baino,  neurri handi batean, Oñatiko udalek ezarritako hirigintza politikei ere zor diegula, onerako eta txarrerako.

Egia da ere, herriaren ongizatea industriaren gainean bermatzen dela hein haundi batean eta honen ordaina, porlana, indutrialdeak eta  landa-eremuen atzerakada geratu gabea izan direla, zelabaiteko desorekak eraginaz, baina aberastasunaren aldetik Gipuzkoako herri aberatsenetako bat izatera iritsiz.

Egia da ere nekazari jardueraren galerarekin esparru gehienak pinuz bete direla, gustatu ala ez,  hau delako lurrei  gutxieneko probetxu bat ateratzeko modua, baina hala ere, natura-ondare garrantzitsu baten jabe dela  eta nahiko ondo zaindua.

Egia da ere, kultuta eta historia patrimonio garrantzitsu baten jabe dela…

Eta abar…

Aurreko guztia onartuta, eta guztiak kontuan hartu beharko dira HAPO berri bat idazterakoan, onartu behar dugu hirigintzaren ikuspegitik azken urteetako garapena ez dela oso harmonikoa izan, eta kale-auzoen arteko desoreka garrantzitsuak eragin dituela. Hona  konstatazio kritiko batzuk inork kontuan hartu nahi baditu

1.- Herrigune historikoaren arazoak. Esango dut herrigune historikoa gainbeheran dagoela beste auzo batzuk gorantz datozen hein berean. Hau ez da Oñatiko berezitasun bat  bizkotxoa eta txokolatea bezala, baizik eta gure herri eta hiri guztietan (eta guretik kanpo) gertatzen ari den fenomeno bat. Gure herrigune historikoak hustutzen eta zahartzen ari dira.

1.1. Taberna gehiegi: Oñatikoari dagokionez Gislaneko lanaren ondorioen artean hau azpimarratzen du Kontzeju aldizkariak: “Ostalaritza establezimenduak metatzen diren guneetan  etxe hutsen kopurua handiagoa dela jasotzen du azterlanak, ela ildo horretan oreka lortzea ezinbestekoa dela, auzoaren bizigarritasun egoki baterako”. Azken batean, azterketak dioskuna da ezin dela lortu bizitza-kalitate gutxieneko bat ostalaritza zerbitzuen hazkunde gehiegizko baten inguruan. Araudia betearazteaz gain, eta badirudi alkateari GOIENA telebistako saioan entzundakoagatik gaiari serio heltzekotan direla eta bazen ordua,  zerbait pentsatu beharko da etorkizunari begira ostalaritzako negozioaren deszentralizazioa eta deslokalizaioa eragiteko onurak eta kaleak herrian zehar barreiatuz.  Donostian egin duten bezala, Herrigune historikoa gune saturatu izendatzea izan daiteke neurri batbeste neurri batzuekin konbinatuta. Hori iritsi bitartean araudiak zorrotz bete arazteak auzotarren bizi-kalitatean eragin positiboa izango du noski.

1.2. Eraikuntzako arautegi zurrunegia:  Indarrean dauden araudiekin oso zaila da auzotarrak etxeen  erabateko birgaitzeari ekitea eta egiten diren konponketa partzialek ez dituzte sahiesten eraikin zaharren  deserosotasunak. Egitura zaharrak, efizientzia energetiko txikiak, igogailurik ez gehienetan, asko dira bizi-kalitate eskasean eragiten duten arazoak eta guztiak ditugu alderdi historikoko gune askotan. Ez da harritzekoa auzo zaharren ordez herritarrek Bidebarrieta edo San Martin edo Ugarkalde bezalako tokiak aukeratzea bizi izateko. Iruditzen zait herrigune historikoa dagoenetan kontserbatzearen zama ezin dela utzi bertako bizilagunen gain bakarrik, eta diru-laguntzen programa espezifiko batez aparte, birgaitze-araudi malguagoak beharko liratekeela baldin eta alderdi historikoa bizi-toki erakargarri bihurtu nahi badugu.