Eskerrik asko Aretxabaleta.

Argazkiko haurrek ez dakite euskaraz Marcillako alkateak edota beste hainbatek bezala, baina Aretxabaletako herritarrei eskertu nahi izan diete euskaraz, jakin ez arren, beren udalak emandako diru-laguntzaren bidez eskola berri batez gozatu ahal izana.

 

Munawar eskola berriko ikasleak. Barrenean Masherbrum mendia.

Aurtengo Kilometroak Ikastolen jaiaren harira oso irakaspen argigarriak dakartza Baltistan Fundazioak  Felix Iñurrategiren oroimenez sortu eta Aretxabaletan bertan egoitza soziala duen GKEak, Aretxabaletako udalak, Hushe Ibarreko (Baltistan) Felix Foundation Baltistan GKEak, eta bertako eskola bateko komunitateak (guraso eta irakasleek) idatzitako istorio hau. Fundazioak 2006an Hushe Ibarrean egin zuen ikerketa baten bidez  baieztatu ahal izan zuen  nesken %35a baino ez zela eskolatzen ezta beheko mailetan ere, eta neska eta mutilak kontuan hartuta %52 inguru zela eskolatzen zirenen portzentajea, beti ere beheko mailetan.

Jakin zuten ere, guraso talde bat oso kezkatuta zegoela Estatuak eskaintzen zuen hezkuntzaren maila kaskarrarekin, eta benetan nahi zietela eskaini hezkunzta duin bat euren seme-alabei  gurasoak ere protagonista izango zituen eskola berri bat sortuz. Historia honetako protagonistek elkar-lanea hasi ziren eta hasieran batean bi gela baino, ez komunik ez jolaslekurik, ez zituen eskola kaxkar bat, 500 inguru  hezten dituen eskola bihurtu zuten. Felix Inurrategi Foundation Baltistanen lidertzarekin, Eskolako guraso eta irakasleen protagonismoarekin, eta Felix-Baltistan Fundazioaren finantzazio konpromisoekin. Aretxabaletan sortutako erakunde honek  irakasleen prestakuntza eta nesken eta baliabiderik gabeko mutikoen eskolak ordaindu ditu urte hauetan guztietan eredu pedagogiko bat eskaintzeaz gain. Proiektuak ondorio biderkatzaileak izan ditu Ibarrean, eta gaur egun, hamaika urte pasata,  %96aren inguruan dago eskolatze tasa behe-mailetan.  

Kontatu nahi nuen historia oraintxe hasten da. Munawar Public schoolek (horrela deitzen da lehen aipatu dudan eskolak) gela batzuk itzuli behar izan dizkio Estatuari  bereak zirelako, eta hezkuntzak Ibarrean izan duen gorakada dela eta, Estatuak herrian duen eskolarako behar omen zituelako. Eta omen azpimarratzen dut, emaitzarik utzi ez zuten negoziazioak egon zirelako beste irtenbide bat posible zelakoan.

Azkenik guraso eta irakasleek 4 gelako eraikin berri bat jasotzea erabaki zuten. Lurra bazuten, Estatuak berak utzia, baina beste ezer ez. Nola egin zuten argazkian dagoen gela hori? Aretxabaletako Udalak egindako diru-laguntza deialdian aurkeztu zuen proiektua Baltistan Fundazioak lehen-lehenik, eta 3.446€ esleitu zitzaizkion material eta obra-gaiak erosteko. Gurasoek, 2016ko azken hiruhilabetekoan neskei legozkiekeen kuotak ordaindu zituzten (kuota horiek Baltistan Fundazioak ordaintzen ditu), eta Felix Foundation Baltistaneko langileek hilabeteko soldatak jarri zituzten.  Eta lana? Bada lana 167 boluntariok egin zuten, guraso eta bestelakoek.

Gaur, lau gela berri dituzte, 3 arruntak eta laugarrena informatika gela, eta horregatik argazkiko neska-mutilek Atxabaldarrei agertzen dieten esker ona.  

Errealitateak ez dira parekagarriak, baina antzeko egoerak ere ezagutu ditugu gurean ikastolak ezereztik sortu behar izan zirenean eta oraindik ere sortu behar izaten direnean tantaka bada ere.

Egiari zor, Aretxabaletako udala ez da horrelako proiektuetan laguntza eskaini digun bakarra, eskualdeko guzti-guztiek erantzun izan baitigute, gehiago edo gutxiago, proiektu bat  aurkeztu izan diegunean.

Oraingoan baina, aretxabaldarrak  publikoki eskertu nahi izan dituzte Machuluko ikasleek, eta euren bozgorailu lana baino ez dut egin.  

Eskerrik asko Aretxabaleta.

Berri gehiago hemen.

 

Oñatiko mendi martxa, Tiago eta beste lagun batzuk.

Nork luzeago eta gogorragoko sasoi honetan, benetan eskertzekoa da Oñatiko mendi zale talde batek, maratoi, mila bertikalak eta horiek guztiak  ahaztuta, edozein ibiltarik gozatuz egin dezakeen mendi martxa diseinatzea eta antolatzea. Horregatik bakarrik merezi dute gure animoak eta aitortza. Zorionak eta eskerrik asko.

Gaurko martxak izan duen beste aipagarria Tiagori egindako omenaldi xume eta zirraragarria izan da. Omenaldiak aitortza bat merezi dutenei edota maite ditugunei, hobe esanda, maite izan ditugunei  egiten dizkiegu. Tiagorekin batera hainbat lagun izan ditut gogoan ekitaldian eta ekitaldi aurretik.

Honen berri izan nuenean Frantziar Pirinoetan nenbilen Hendaiatik Mediterraneorainoko bidea osatu nahian, eta omenaldiak animatu ninduen martxan parte hartzera.  Egunak luze jotzen du, eta pentsatzeko, oroitzapenak gogora ekartzeko eta ametsak irudikatzeko denbora aski izaten dugu GR-10a edo antzeko iblialdiak egiten ari garenean. Horrela, berria jasotako egunaren biharamonean, Arlesetik irten eta Paracollseko lepora igotzen ari ginela beso biak ele bana eginaz eskuak bastoi-kirtenei lotuta, gorputza motxila astunaren pean  konkortuta baina egunaren lehen orduetan burua argia, gogora etorri zitzaidan,  sekula ahaztu ez badut ere, zela etortzen zen Tiago izeneko mutikotxo bat duela hogei urte pasa, domekero, Aloña Mendiren babesean herriko haur guztientzat antolatzen genituen ibilaldietara.

Zerrendak osatu eta etorten zirenen kontrol administratiboa nirea zenez, aitortu behar dut aurreiritziren bat ere egon daitekeela esan behar dudan honetan, atentzioa ematen zidan ikusteak euskaraz doi-doi egiten zuen Tiago izeneko mutikotxo hura, domekero, isil-isilik autobusean sartu eta hainbeste Ainhoa, Mikel, Igor, Ainara eta Ikerren artean bere tokia hartu eta bere munduan sartuta zela ematen zuen eguna. Tiagok  ez zuen sekula kale egiten apuntatzea eta desapuntatzea hain arrunta den adinean

Baina Tiagorekin hasita berehala etorri zitzaidan burura urteetan ere inoiz kale egin ez zuen beste bat (gehiago ere baziren noski), zoritxarreko mendi-istripu batek eraman ziguna: Aritz Azpiazu. Honen heriotzak ikaragarri hunkitu gintuen ibiladiak eta mendi kiroltasuna bultzatzen ibili izan ginen taldekoak, eta bereziki, eta hau ere ezin ahaztuko dut, Andoni Lz. de Lacalle lagun mina. Nik alde adminsitratiboaren ardura banuen, Andoni ibilbideak proposatu eta prestatzeko arduraduna zen eta Aritz eta Tiago bezala joana zaigu, duela ia hiru urte. Ez hain gazte baina gazteegi ibilaldi horretarako.

Eta mendian gora nindoala Aitor Azkune ere etorri zitzaidan burura antolakuntza haretan beste hirurak bezala inoiz kale egin ez zuen beste bat. Domekeroko autobus gidaria.  Bi edo hiru behar zirenean beste txofer batzuk ere etortzen ziren, baina Aitorrek ez zuen inoiz kale egin.

Eta hasieran esan dudanez omenaldiak merezi izan dituztenei edota maite izan ditugunoi egiten zaizkienez, nire oroitzapen eta omenaldi txikia lau lagun hauei, izan bero, euri ala elur, sekula kale egin ez zutenak  Aloña Mendik  duela hogei urte pasa antolatzen zituen ibilaldi haietara: Tiago, Aritz, Andoni eta Aitor.    

Donostiako estropadak generoaren araberako soldaten arrakalaren isla.

Juanmi e Illarramendi ya habían perforado las redes gallegas, con dos grandes “txitxarros”, antes de que comenzara la primera tanda de la Bandera de la Concha (Angel López, periodista, Donostia; Mundo Deportivo)

Angel Lópezek ez du aitzakirik ez jakiteko ordurako Kontxako estropadetako lehen lehia, neskena, ondo amaituta zegoela, eta beraz, Kontxako estropadak Erreala jokatzen hasi baino dezente lehenago hasita zeudela.

Nik majo gozatu nuen nesken estropadarekin Errealaren partida aurretik  eta mutilenarekin Errealak bi gol horiek sartzsen zituen unean. Hernaniko neskak itsasoratu aurretik Hondarrabiko mutilak iritsi arte ez nintzen telebista aurretik mugitu; gogoratu ere ez bazkaltzeko ogia erosteko kalera joan beharra neukala.

Estropada zaleek (eta zale ez direnek) ikusi genituen bi estropadetako hiru txandak betiko gogoratuko ditugu Castrok badia barruan hegan eginaz Oriori bandera kendu zion estropada bikain hura gogoratzen dugun bezalaxe.

Neskek eta mutilek Puntak gurutzatu eta badia uzteko erakutsi zuten ausardia, hiru metroko olatu nahasiak menderatzeko xahutu zuten indarra eta trebezia, traineruak zuzen mantentzeko patroi eta hankekoek egin zuten lana, ziabogak hartzeko orduan erakutsitako maisutasuna, azkenera arte eskaini ziguten kirol-emozioa eta ETBk emandako irudiak gogoan gordetzeko modukoak dira.

Baina   lehenengo estropadako neskek, lehiara irten eta olatuen gainean dantza egiteko erakutsi ziguten ausardia eta trebezia, izan ziren gehien harritu nindutenak eta zirrara berezi bat eragin zidatenak. Agian lehenengo aldiz ikusten nuelako horrelako egoera baten aurrean hamalau nesken talde bat, eta zalantzarik gabe gure belaunaldian ezinezkoa zelako horrelakorik pentsatu ere egitea.

Azpimarratu behar da espektakulu bera eman zigutela bi estropadetako protagonistek,  ausardia bera erakutsi zigutela parte hartu zuten hamasei traineruek, abilezia bera erakutsi zigutela Nerea Perez eta Gorka Aranberrik eurek lematutako traineruak garaipenera eramaten, emozio eta poz berdinak Orioko mutilek eta Pasaiako neskek, etsipen bera Errenderiako neskek eta Bermeoko mutilek, baina, eta hemen dago desberdintasun bakarra, garailearentzat 24.000€ gizonen estropadan eta 15.000€ neskenean lan berdinak egin eta emozio berdinak transmititu ondoren. Mutilentzat %60 gehiago. Informazio hau baieztatu nahi izanez gero jo Donostia Kulturako webgunera.

Donostiako udalak generoaren araberako desberdintasunik onartzen ez duen hitzarmena badu, zinegotziek izan emakume izan gizonezko irizpide berdinen arabera jasotzen badituzten euren lan-sariak, zer dela eta hiriko ikur diren iraileko estropadetan desberdintasun hori sarietan? Ala egindako milia eta metroen arabera kalkulatzen dira sariak?

Aupa Arraun

Arraun Lagunakeko donostiar trainerua datorren igandeko ohorezko txandarako sailkatu da Kontxako emakumeen arraun lehiaketan. Urte asko dira donostiar traineru batek, izan gizon izan emakumeena, ez duela tamainako balentriarik lortu.
Meritua handiagoa da kontuan hartzen badugu inolako laguntza barik lortu behar izan dutela osteguneko sailkapen estropadan bosgarren geratu ondoren.
Arrakasta honek ez luke komentario berezirik mereziko, ez balitz Udalak, estropaden antolatzaileak, kirol meritu gutxiago duen beste traineru donostiar baten alde jokatu duelako Arraunekoak bidegabeki baztertuz.
Ez dago kirol arrazoirik, ez bestelakorik, donostiar traineru bat Kontxarako gonbidatzeko eta besteari sailkapeneko estropadako trantzetik pasa arazteko.
Donostian izugarrizko ahalegina egin da azken urteotan arraun talde lehiakor bat lortzeko. Bateratze bideotan ohikoa da tarteka arazoak sortzea eta egitate bakarraren inguruko irakurketa desberdinak agertzea, baina udala ezin da epaile izan eta are gutxiago jauntxokerian erori.
Susmoa dut serie honetako atalen bat galdu dudala, ez politikoek ez hedabideek ez dutelako ezer esan nahi izan gai honetaz. Izan daiteke ere emakumeen kirolak ez duela gizonezkoenak duen oihartzun mediatikoa. Kroniketan ikusten da.
Arrazoia bat izan ala bestea , bazterkeria nabarmena da. Horregatik, erdi donostiar honek, lehen igandean egin duzuen estropada txalotu behar du, eta ozenki eta lau haizetara esan behar du: Aupa Arraun lagunak.