Oñatiko Udalak Kale Zaharreko taberna bat itxi du hilabeterako. Ez da lehenengo aldia hau gertatzen dena. Beste bat ere itxi behar izan zuen Gabonak inguruan arauak noiznahi hausten zituelako. Arautegia zorrotz aplikatu izan balu, bi baino dezente gehiago izan beharko zuten itxitakoak.
Badirudi zerbait aldatu dela, edota aldatzen ari dela dozena bat lagun elkartzen hasi ginenetik eta bereziki Arartekora jo genuenetik bizikletek eta tabernen zaratak eta orduak ez errespetatzeak eragiten zizkiguten eskubide eta ongizate urraketa etengabeak salatuz.
Kontua da, Oñatin udalek eta funtzionario arduradunek, ez lehen ez orain, ez dutela inoiz gai honetan sartu nahi izan, arautegia bete arazteak arazoak eta haserreak baino ez zizkietelako sortzen orain alkateari bezala. “Zuek salaketa ipini Gobernu Batzordearen aurrean zuen izen eta abizenekin, eta aztertuko dugu, baina salaketa barik ezin dugu ezer egin” esaten zigun arduradun gaur erretiratuak bere eta udalaren arazoa auzotarren eta tabernarien arteko gatazka-esparrura bidaliz eta berari ogibidez eta legez zegokion ardura herritarren eskura pasatuaz.
Arduradunen utzikeria nabarmen utzi zuen Arartekoaren bulegoak gure kexen aurrean emandako erantzunak: “Oñatiko Udalak Kale Zaharrean ezarri duen araubidea –bide segurtasunari eta oinezkoentzako eremua izateari buruzkoa– betetzea bermatu behar du, eta horretarako, bere esku dauden neurri guztiak, zigortzaileak zein teknikoak, hartu behar ditu, ezarritako araubidea betearazteko.” Hau bizikleta eta aparkatze gaiaren inguruko kezken inguruan erantzun zuena, eta berdin balio duena tabernen arau hausteen gaian. Honekiko aurkeztutako kexaren erantzunik ez dugu oraindik jaso. Agian Udalak izango du.
Erantzuna eta ondorioak oso garbiak dira, eta Kale Zaharreko (eta beste edozein kaleko) bizilagunen eskubideak babesteko udalak bete behar dituen betebeharrak garbi uzten ditu.
Tabernarien gaia lehertu egin da udala bere betekizunak betetzen hasi denean. Ez dut zigor honen inguruan hitz egin nahi ez ditudalako gertaerak ezagutzen. Ulertzen dut taberna jabearen haserrea beste batzuk urte asko daramatzatelako astebururo arauak urratzen inoiz horrelako zigorrik jaso gabe, baina uste dut forma eta arau hausteak desberdin neurtzeko bidegabekeriaz eztabaidatzen baino, arazoari aurre egin eta neurriak jartzeko proposamenak egiten lagundu dezakegula gehiago.
Konponbidea prebentzioan dago beste hainbat alorretan bezala. Ulertezina da larunbat eta jai-bezpera gauetan Oñatiko tamainako herri batek gau-zaintzarik ez edukitzea. Moralkeriak aparte utzita, alkohola eta drogak gehien zirkulatzen duten orduetan areagotzen dira istripu, sexu-gehiegikeriak edota beste arau-hauste batzuk gertatzeko aukerak, eta ez da ulergarria ordu horietan horrelako zerbait jasan duen batek gure herrian gertuko babes edo laguntza publikorik ez edukitzea. Hor konpon! da herritarrok Udaletik jasotzen dugun mezu inplizitoa (lehen eta orain). Arazoren bat baldin baduzu gabaz, bilatu zuk zeure erizaina, deitu osasun zerbitzuetara, jo Bergarako ertzaintzara baina udal laguntzarik ez duzu edukiko ordu horietan oso garestia baita horrelako zerbitzu bat martxan jartzea. Hori bai, ezer larririk gertatuko denean, hurrengo egunean ez dira faltako salaketak, elkartasun mezuak, argazki politikoak eta abar.
Behin baino gehiagotan eskatu diogu udalari ordu horietan bi udaltzain jar ditzala. Ez da derrigorra bikotea porra eskuan kalez-kale ibiltzea. Nahikoa litzateke beren bulegoan dagozela jakitea erasoen edo istripuen biktimak lehen laguntza-eskea nondik bideratu dezaketen jakin dezaten.
Halabe, kontrol tresneria egoki baten bidez, uneoro kontrolatuko lukete zer zarata maila ematen duen taberna bakoitzak, noiz ixten duen, eta arau haustearen une berean lehen oharpena egiteko moduan lirateke soinua jaisteko aginduz edota taberna ixteko ordua iritsi dela gogoratuz. Seguru tabernariek ere onartuko luketela bide hau
Segurtasuna gehitzeaz bat arau hausteak saihestuko lirateke eta bizikidetzak irabaziko luke auzotar, tabernari eta udalaren arteko liskarrak desagertzeraino
Udalaren erantzuna betik izan da ezezkoa. Baina ez al du bizikidetzat aukera bat merezi? Emaiozue buruari buelta pare bat mesedez. Aztertu serio proposamena eta hoberik baduzue jarri bera martxan. Guztiok eskertuko dizuegu.