Txetx Etxeberrik Berriari emandako elkarrizketa batean Gizarte zibilak Iparraldean duen indarra eta Hegoaldekoaren dinamismo eza nabarmentzen ditu : “Argi dena da, eta modu orokorrean —ez dagokie soilik instituzioei—, gizarte zibilaren rola biziki modu desberdinean ikusia dela Iparraldetik ala Hegoaldetik. Iparraldean, azken 20-30 urteetako esperientziagatik —departamenduaren aldeko borroka, Batera, Garapen eta Hautetsien Kontseilua, Aurore Martinen eta beste euroagindu batzuen kontrako borrokak…—gizarte zibila, hautetsiak eta instituzioak elkarlanean aritzeko ohitura bat egon da, gaur egun Hegoaldean irudikatzea zaila litzatekeena, sektore batzuen aldetik bereziki, eta pentsatzen dut gure ekimenaren ikuskeran eragin ahal izan duela: ez zuen sinesgarritasun bera Iparraldean eta Hegoaldean, ez delako ohitura eta kultura bera, gizarte zibilak har dezakeen lekua, bete dezakeen rola, eta bere zilegitasunari dagokionez
Ez da denbora asko, Caroline Phillips Ipar Euskal Herriko Garapen Kontseiluko presidenteak Argiari emandako elkarrizketa batean ere, Iparraldeko eta Hegoaldeko demokrazia eredua eta kultura demokratikoaren artean ikusten zituen desberdintasunak azpimarratzen zizkigun Txetxek oraingoan dioena beste era batera azalduz:
“Hemen (Iparraldean) edozein dela instituzioetan gertatzen dena, gizarte zibilak sendo izan behar du. Bestela, teknikariak politikarien alboan aritzen dira ideiak sustatzen, gizarte zibila alde batera utziz.”
“Ez dut esan nahi Hegoaldean demokrazia ez dagoenik, baina falta dute gizarte zibilaren ordezkaritza indartsu bat, poltikaren egituretatik, instituzioetatik deslotua.”
Gizarte Zibilaren dinamismoak egin du seguru asko posible armagabetze prozesuan alderdi guztiak (eskuin muturrak izan ezik) eta gizartea bera eskutik joatea pitzadurarik gabe, Etxegarai Baionako alkate eskuindar edo zentristak (kasuan ez du garrantziarik) instituzionalki prozesua lideratzea eta egin duenaz harro egotea, eta azken batean prozesua bera arrakastaz burutzea.
Jakina beste diferentzia batzuk ere badaudela Ipar eta Hegoaldearen artean, baina biziki interesgarritzat jotzen dut Iparraldeko bilakaera politiko-instituzionalean gizarte zibilak duen partehartzea politika bera baldintzatzerainokoa. Hurrengo ondorioa Euskarak lehenengoz lurralde estatutua izatea izan daiteke.
Nafarroa ere Erkidego dinamiko bezala azaltzen zaigu. Bazterketaren aurka egoera demokratikoagora eta justuagora bidea egiteko gai izan dira lau alderdi, euren arteko desberdintasunak (gurean gaindi ezinak) behingoz behintzat bazterrean utzita.
Batek baino gehiagok esango du gurean horiek guztiak aspaldi lortuta ditugula, eta egia da neurri batean, baina egia da ere, gure politika, errepikakorra, aspergarria eta atzera begirakoa ari dela bihurtzen. Iparraldean Gizarte Zibilari zaion errespetua eta Nafarroan bertako indarrek desberdintasunak gainditzeko agertu duten ahalmena gurean txertatuko bagenitu beste oilar batek joko liguke kukurruku.
Geroz eta gehiago amorrarazten nau, itxaropen oro galdu arte, hemengo lau-urtean behineko eredu politiko/demokratikoak.