Ganbara Abesbatzak martxoaren 20rako du iragarrita J.Brahmsen Requieman Oñatiko San Migel parrokian. Aurrez bi emanaldi izango dituztenez, ordurako ondo prestatuta izango dute lana, eta huts eta akatsak, baldin baleude, ondo zuzenduta eramango dituzte.
Lehen emanaldia, hilaren 13an, Pasai Antxoko San Fermin elizan eman zuten. Entzutera joateko aukera izan nuen eta baita ondo aprobetxatu ere. Txundituta itzuli nintzen Abesbatzak agertu zuen indarraz, piano joleekin lortutako orekaz eta oro har saioaren adierazkortasunaz, espresibitateaz.
Ganbara, Bergara eta Arrasateko kantari onez lagunduta agertu zitzaigun, orfeoia izan gabe orfeoi baten prestazioekin, eta Klara Mendizabal (sopranoa) eta Ander Simal (baritonoa) bakarlarien laguntzarekin.
Klarak XX. urteurreneko kontzertuan (Carmina Burana) hartu zuen parte Zubikoa polikiroldegian. Ander Simal berriz, Ganbara abesbatzan kantuan dut gogoan orain baino lehen. Bi hauen ahotsak indar bereziz entzuten ziren San Fermin Eliza txikian. Klarak Oñatiko pilotalekuan (Pilotak frontisa jotzen duenean ateratzen duen hotsa da pilotaleku baten ondoen entzuten dena) nabarmendu ez zitzaion kalitate guztia azaleratzea lortu zuen. Ander berriz, sorpresa handia.
Arantzazu Sainz eta Eli Mendiaraz pianujoleak osagai aparta eta bazter ezina dira obra honetan. Indarra eman diezaiokete obrari horrela behar denean eta leuntasuna zuzendariak eskatzen dienean. Baina beti ere erritmoa ondoa tajutuz eta sarreren une infinitesimala ondo markatuz abesbatzari.
Abesbatza, indartsu. Sekula entzun ez dudan bezala. Beharbada elizako sabai baxuak eta nabe nagusiak sortutako tunel modukoak lagungarri izango ziren koruaren ahotsak entuleengana zuzen eta bortitz iristeko. Ozen gutiak, baina guztien gainetik sopranoenak. Ikaragarria.
Jakin gaian ezagutza eta ikasketarik ez duen entzule baten iritziak direla idatzitakoak, baina entzule asebete batenak. Izango dira gu baino objektibotasun gehiagorekin hitz egiteko gai direnak, baina niretzat musika momentua da, sentipenak, espresibitatea, zentzumenen asebetetasuna, eta horretan, Pasaiako kontzertuak eskakizun guztiak asebete zituen.
Datorren igandean Oñatin izango dira Pasaia eta Torrelavegatik itzulia egin ondoren. Espero dezagun aurreko bi saiook hirugarrena hobeto prestatzeko balio izatea, eta ez, hirugarrenerako akiturik iristeko bide luzea bihurtzea. Lehenengo aukeran sinesten dudanez, saiorako sarrerak hartuak ditut dagoeneko.
Monthly Archives: martxoa 2016
(r)en egunak.
Ez dakit urtean zehar zerbait ospatzeko edo aldarrikatzeko eguna ez den egun librerik geratuko ote den. Denak ez dira berdinak, ezta dituzten helburuen zilegitasunak. Adibide gisa, ezin dira maila berean jarri otsailaren 29a, matxoaren 8a edo martxoaren 19a, martxoaren inguruan ditugun hiru ospakizun-egunak, ezta dituzten helburuak.
Aurten, otsailaren 29an (egun arraroa) ospatu dugu gaixotasun arraroen (ez arruntak erabiltzea nahiago dute bateon batzuk) nazioarteko eguna. Zoriaren hatz erakusleak seinalatutako pertsonen eta familien egoerak, tamalgarriak batzuetan, baztertuak besteetan, jakin minez eta lastimaz begiratuak gehienetan, baina beti gaixotasun arraroa jasaten duen sendiko kidearen aldeko borrokan murgilduta, jakin arazteko edo lau haizetara zabaltzeko eguna da otsailaren 29a. Beharrezkoa gure inguruan gertatzen diren egoera desberdinak ezagutu eta gaixotasun arraroak dituzten pertsonekin egun batez sikiera enpatizatzeko.
Aste bete eskasera emakumearen eguna etorri zitzaigun, lilatoi eta ohi denez mila iritzi artikulu eta guzti. Zoritxarrez oraindik ere ospatzeko eguna, munduaren erdiari, toki askotan, gutxieneko eskubide guztiak ukatzen zaizkion bitartean, eta beste toki askotan, oraindik ere, gurasoak alabei etxerako bueltan kontuz ibiltzeko, edo behin ilunduz gero bakarrik ez etortzeko esan beharra duten bitartean, edota nagusiagoak izanik plaza zabal bat gauaz gurutzatzen ausartu ez eta taxia hartu beharra duten emakumeak dauden bitartean. Emakumearen diskriminazioaz eta dituen aurpegi guztiez hitz egin da aste honetan eta ez dut gauza berririk gehitzeko, pertsona guztiek eskubide berberen subjektu – legezko eta benetako- izan behar dutela baino.
Laster, aitaren eguna iritsiko zaigu. Udaberria hasi bezperatan, ospatzen da martxoaren 19an Jesusen aita putatibo izateko ohorea izan zuen Done Joseren omenez. Katolikoen ospakizun eguna beharko lukeena, merkatarien, saltzaile eta kate handien, aita putatiboaren semeak tenplutik airean kaleratu omen zituen berberen negozio eguna bihurtu zaigu.
Hirutik bi beharrezko ditugu oraindik. Bat soberan ateratzen zait. Asmatu zein ezabatuko nukeen egutegitik.