Udazkenean eguna laburtuaz doa eta bizitzaren zikloa beheranzko maldan hasten da neguko loaldirako prestatuaz. Usoak bero bila doaz hegoaldera. Zuhaitzek hostoen zamatik libre prestatu nahi dute negurako sarrera. Erlak dagoeneko beren biltegiak beteta dituzte. Mendi buelta bat nahikoa da prozesu hau bere indar guztiarekin ikusteko eta une batzuk gogoetari eskaintzeko. Gogoetatik kontu zaharrak etortzen dira.
Aiako Harrietara egindako ibilaldian, hego haizeak Bergarako Laboratorium museora eraman ninduen eta Vinicio Berasategi bergararra ahanzturatik ateratzeko beta eskaini zidan. Agian hego haizearen ordez euria izan bagenu ez zatekeen horrelakorik gertatuko.
Ez dut oraindik museoa ikusi baina asmatu dutela irakurri dut. Poztekoa da, eta zin dagit museoa bera, museoaren enfokea, eta bistaratutako piezak berrikustera joango naizela.
Pozik, baina tristura pixka batekin ikusiaz zein erraz ahazten diren edo baztertzen dituen historiak historiaurrean lanean aritutakoak, zein azkar ahazten ditugun gizarte zibiletik eragile eta eredu izan direnak.
Ez dakit mila saltzetako gatza era berakatza zen Manolo Cainzosek fitxatu zuen Vinicio Berasategui nekaezina Bergaran museo bat egiteko asmorako, ala alderantziz gertatu zen; hots, Viniciok Manolo Cainzos fitxatu zuela. Kontua da duela urte dezente, agian orrazi beharra ere izango nuen sasoi hartan, biak etorri zitzaizkidala ikastolako gela batean zeuden pieza guztiak ordenatu eta Bergarak merezi zuen museoa martxan jartzeko asmoarekin. Gustura hartu gonbitea eta ikastolako Zuzendaritza Batzordera eraman nuen. Gorabehera batzuk ere izan ziren, ikastolak gela handi bat utzi behar baitzuen lan horietan hasteko, eta ez da erraza izaten azpiegiturak urriak direnean ezeren truke zati garrantzitsu bat besterenganatzea. Azkenean baietz, Ikastolak ere bultzatuko zuela egitasmoa, eta baietzarekin planoak egin eta ikastolako sarreran zegoen gela handia eta bere gainekoa konpontzeko lanei ekin genion ( Uste dut Construcciones Olabarriako Esteban Ibabe izan zela buru aritu zena) Anselmo Iñurrategik egindako planoei jarraituz. Horrela bi pisuko museo proposamen bat martxan zen.
Galerak ere izan ziren bidean. Sabaipean zeuden zigor-gelak deuseztatu behar izan ziren. Bai hori ere bazegoen Errege Mintegiko eraikinean. Txikienak ez ziren bi metro koadrora iritsiko eta handienak laukoak zirela esaten badut agian gehiegikeria bat botako dut. Gaizkileak ez, baizik eta ikasleak zigortzeko erabiltzen ziren. Paretetan arkatzez egindako idatziak. Fulanito estuvo aquí dos días por el Padre tal. Bertsoak ere bai. Biko errimak gazteleraz zigor-gelei (las trenas), eta barruan bizi izandako esperientziei buruz. Ez zeuden oso egoera onean eta bota egin behar izan ziren.
Kontua da, espazioa atondu zela, bitrinak erosi zirela, eta material guztia bertara garraiatu zela, ondotxoen zeudenak bitrinetan jarrita.
Esperto batzuk kontratatu, eta txosten bat ere egin zen Errege Mintegiaren historia balio handieneko piezen argazkiekin apainduta. Hurrengo urratsak eman zain geundela udaletik iritsi zitzaigun lanak bertan behera uzteko agindua, udalak berak hartu behar zuelako museoaren ardura eta erantzukizuna.
Une horretan poza eta tristura nahastu zirela esango nuke. Mesfidantza pittin bat ere bai. Baina guztia udalaren esku geratu zen. Langileak kontratatu zituen, eta Ikastolak utzitako gelan hasi ziren lanean. Ondoren, udalak, berea balitza bezala, bigarren pisuko gela berria ludoteka gisa erabiltzea erabaki zuen. Egia esan ikastolan ere ez zen ondo erori jokatzeko modua, baina hori joanda dago eta joandako urak ez du errotarririk mugitzen.
Vinicio ekintzaile bat zen. Mila saltsatan ibilitakoa. Ikastolaren, Alkartu Nai(horrela idazten zutela uzte dut) eta UNEDen sorreran eta ahal dakit zenbat gehiagotan ibilia. Bergarar askok izango dute oraindik gizona gogoan, Bergaran gizarte ekimenak indar handia izan zuen sasoi bateko lekuko izan zelako.
Vinicio eta Manolori zor diegu piezak erreskatatzeko eta museoa martxan jartzeko intuizioa eta lehen hazia; bakoitzari berea. Ez dut uste inor eurez gogoratu denik eta neuk egitea pentsatu dut. Bizitzaren udazkenak oroitzapenak lausotu dizkit eta agian Manolok datu gehiago izango ditu gogoan. Horrela bada eskertuko nioke post honi erantzunaz bidaltzea. Nik gogoan ditut planoak gordetzen zituen karpeta gorria, eta lehen txosteneko argazkiren bat. Ez askoz gehiago.