Arantzazu ulertuaz

Arantzazuk zerbait magikoa dauka. Izan natura edo kirolagatik, kultura edo arteagatik, espiritualtasun edo erlijiotasunagatik, isiltasunagatik edo lainoa jaisten denean gordetzen dituen bazter miresgarriengatik, edo besterik ez bada basoerdi batzuk hartu, edo bazkari on bat egiteagatik bertako benta edo jatetxeetan, jende asko hurbiltzen da urteko sasoi desberdinetan.

Arantzazuko basilikaren 60 urteurrena ospatzen zela eta, hainbat ekitaldi antolatu zituen bertako fraide komunitateak hil honen 12an. Arantzazuk arkitektura erlijiosoari eskaini zion iraultza  aldarrikatu nahi izan zuten egun horretan. Oraindik bada jenderik ulertzen ez duena. Huescako herri txiki bateko bodega sotil baten hiru anaia jabeek esan ziguten behin Arantzazura etorri zirela eta gutxien gustatu zitzaiena eliza izan zela. Arkitektura erlijiosoa erromanikoarekin edo asko jota gotikoarekin bukatu bide zitzaien.

Bada Arantzazuko arkitekturaren oinarriak hobeto ulertzeko asmoarekin joan nintzen Miguel Angel Alonsok egin zuen aurkezpenera. Xabier Lizaso pianujolea tarteetan laguntzaile zuelarik, hiru zatitan azaldu zizkigun maisuki Miguelek arkitektoek egraikitakoaren esanahi ezkutua. Lehen bistadizoan ikusten ez den hori.

Asimetria aipatu zigun elementu nagusi lez, naturak ez dituelako simetriak ezagutzen. Horretarako, eraikin nagusitik aldentzen den dorre-menhirra, espazio erlijiosoaren mugarria, erabiltzen dute basilikako arkitektoek naturaren lege eta arau nagusi hori gordetzeko.

Naturak berak erabaki omen zuen Basilikarako beheranzko sarrera. Bide zaharra Goiko Bentatik sartu eta Milikuan barna iristen omen  zen konbentu eta elizara. Eskailera nagusiaren beheranzkoa, koruak berak indartzen du basilikara sartzerakoan espazioa txikiagotuaz, eta bapatean barruko bolumenaren handitasunera bultzatuaz fededuna edo bisitari soila, begiak erretaulan jartzea derrigortuta arkitekturak ez diolako beste aukerarik ematen.

Lucio Muñozek egindako erretaulak ere merezi izan zituen aipamenak. Natura higatu, hautsi eta basatiak bere baitan biltzen du Ama Birjinaren 36 zmko  irudi txikia. Egunaren argiaren arabera kolore desberdinak hartzen ditu erretaulak.

Beste hainbat azalpen ere eman zituen transeptoaz,  bertan kokatzen diren beirateez eta Basilikaren elementu bakoitzak Erretaula eta Ama Birjinaren irudia indartzeko jokatzen duen paperaz.Arantzazu

Alonso Arantzazu berriaren sortzailea da eta pentsatzen dut inok baino hobeto ulertzen dituela bere profesio kideek adierazi nahi zutena eraikina diseinautu zutenean. Horregatik gustora atera nintzen Arantzazuko arkitekturak ekarri zituen ideia berritzaile eta apurtzaileen gainetik arrazonamendu kolektibo bat zegoela ikusita. Seguru Huescako herri txiki hartako anaiek beste era batera ulertuko zutela Arantzazuko eraikina azalpen hauek jaso izan balituzte.

 

 

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude