Fitxaje ona egin du Markel Olanoren Gobernuak Hizkuntzen Berdintasunerako Zuzendari Nagusi Mikel Irizar izendatzean. Izendapenarekin batera bere lan profilaren berri eman digute hedabideek, euskarazko elkarte eta medioen alorrean egindako lan mardula barne.
Baina Irizarrek baditu horrelako postu baterako aipatu gabe geratu diren baina ezinbestekoak diren hainbat dohain. Elkarrekin lan egin izanagatik uste dut batzuk ezagutzen ditudala, eta ohikoa ez bada ere, azaltzen ausartuko naiz inori kalte egiten ez diodalakoan.
Hasteko, ez dauka militantzia edo zaletasun politiko ezagunik, eta hori ona da hizkuntzen berdintasunerako bidean aurkituko dituen buruhauste eta korapiloak askatzen joateko. Are gehiago, joera politiko eta lurralde guztietako euskaltzale guztiekin ondo konpontzeko abilezia izan du eta horrek bere alde egiten du.
Irizar baikor mugagabea da. Infinitua hobe esanda. Guztia beltz ikusten duzunean ere daltonikoa zarela konbentzituko zaituen horietarikoa. Ilun ikusten duzun hori berde edo urdin argia dela ikus arazi eta abian jarriko zaituen horietarikoa. Existitzen ez dena ere ebidentzia bihurtuko dizun fededun laikoa.
Ezerezaren metaketatik emaitzarik positiboena atera daitekeela frogatu, eta inguruko guztiak lanean jarriko dituen langileburua. Unea iritsita ez du zalantzarik izango lehen ilaran jartzeko txiro desesperatuen brigada antolatu eta martxan jartzen denean.
Nekaezina, ordurik gabeko jardule (goizeko 4etan ordenagailuaren aurrean jarri eta emailak idatzi eta bidaltzen aritzeko gai), eta bokaziozko saltzaile.
Nola ulertu aurreko dohain guztiak gabe Arrasate Press, Goiena edo Tokikom bezalako proiektuetan buru-belarri sartu eta aurrera eraman izana? Ez bakarka noski, baina bere ekarpen kementsu eta baliotsua ezinbestean behar izan duten egitasmoak guztiak.
Arazo bat ikusten diot, eta da postua lau urterako dela. Berak badaki zergatik diodan hau. Baina tira! goi mailako kirolariek bezala, esprinter izatetik fondokoa izatera pasatzeko ariketa espezifikoak eginaz gaindituko dituk hau eta parean jartzen zaizkian arazoak.
Animo Mikel. Badakik maiseatzaileak ere izango dituala, baina ekin lanari, lau urte barru oraindik ere urruti ikusiko dugun berdintasunetik gertuxeago egon gaitezen.
Hik oparitutakoetatik geratzen zaidan txakolin botila bakarra sartu dut hozkailuan izendapena ospatzeko. Iritsiko da husteko unea.
Oharra: Inork ez beza pentsa botila horiek hau idaztearen truke jaso ditudanik.
Inazio! Asko, ikaragarri estimatzen diat idatzitakoa. Hurbilean ibili gaituk, bereziki TOKIKOMen txanpan eta bazekiagu biok nolako urritasunak bizi izan ditugun toki komunikabideen esparruan. Hain zuzen, entzuten genuenean indarrak metatuta indar berria sortzen zela, guk asmatu behar izan genian ahuleziak metatuta ere -ahulezia bakarrik baigenian ugari- indarra sortu zitekeela. Eta, beltzean ere argirik badela sinetsiz lortuko diagu ahulen arteko elkartasunetik urrea ateratzea. Zinez, orain urrea -ez dirua- ugari ikusten diat elkarrekin jorratu dugun tokiko komunikazioan.
Asko, ikaragarri estimatzen diat izan dugun lankidetza eta oraingo aitortza hau. Eszeptiko bihurtzeko adinean sartuta ere, ume txikiak bezala ilusionatzen nauk aukerak ikusten ditudanean. Eta sinetsita nagok une hau -erdian den hamarkada hau- bidegurutze erabakigarria dela euskararentzat, definitu beharrean gaudela amaitzen ari den zikloa jarraitu eta gaindituko duen ziklo berri bat. Eta gogotsu sentitzen nauk horretan nire ekarpena egiteko.
Bazekiat eginkizun horretan neurri batean edo bestean laguntzaile izango zaituztedala honainoko bidean egindako lagunak. Oihartzun handia izan dik nire izendapenak, morbotik ere izan duelako, seguruenik. Zientoka mezu jaso dizkiat zorionak eta animoa emanez. Eta horrek sekulako indar txutea ematen zidak.
Mila esker hiri ere, Inazio. Nigan ikusi dituan balio horiek izan daitezela berriro baliagarri euskararen bueltan indarrak eta ahuleziak metatzeko, epe luzeko egitasmo adostu baten mesedetan. Eta on egin deiala txakolinak!