Iritsi da ordua. Aspalditik neukan buruan sartuta Piriniotako zeharkaldia egin behar nuela, eta berandu baino lehen, ez baitzaigu iada denbora asko geratzen halakoetan ibiltzeko. Hobe beraz hurrengo birsorkuntzaren zain egon gabe lehenbailehen ekiten badiogu. Bihar emango diogu hasiera lehen asteari. Euskal herriko iparraldeko bideak oinez egitea dugu helburutzat. Hedaiatik Santa Grazira zazpi egunetan.
Lehen saiakera bat izango da beste zatiak egiten hasteko moduan gauden ala ez jakiteko. Buruak nahi bai, baina gorputzaren ajeek buruari agintzen diote askotan, eta ez alderantziz, nahiago genukeen bezala.
Etxean bai. Etxean burua da nagusi. Ibilbideak prestatzerakoan informazio iturri desberdinak aztertu eta alderatzen, galtzontziloen pisua baieztatzen gutxiago duten bi pareak motxilan sartzeko, eguraldi iragarpenak begiratzen forroaren ordez txaleko bat sartuta zenbat pisu aurrezten dugun aztertzeko, aro beroa datorrela eta kapa formalaren ordez Heinekenek jazzaldian oparitzen dituen arinak eraman ezkero seguru pisu gutxiago izango dugula, eta horrela, hemendik eta handik kenduaz, frogak handik eta hemendik, arroparen pisua gutxienera jaistea izan da asteko lana. Baita lortu ere: 2,320 kg baino ez ditut eramango motxilan.
GPSa ez dakidala ahaztu. Ez diot gaurdaino baliagarritasunik aurkitu, baina arrastoa galduz gero oso ondo etorri behar zaigu oraingoan.
Prestakuntza lanetan ostirala iritsi zait konturatu ere egin gabe. Ortuari azken begiratua eman, eta aurten sano datorrela frogatu; erlei ikusialditxo bat egin zein jator ari diren lanean baieztatzeko -indartsuena laugarren altza-erdia ari da betetzen, beste batzuk berriz hirugarrenarekin ezin baina pozik egoteko moduko markak dira-, eta ikuskaritza lanak eginda banoa poltsa eskuan hartuta San Prudentzioko autobusa hartzera Donostiako bidaia egiteko. Bihar Topoa izango dugu zain Hendaiara -GR-10aren abiapuntua- joateko. Gauzak ondo, Saran egingo dugu lehen gaua.
Pena dut bihar, 27an, ezin izango naizela Pedro eta Carmenen urrezko ezteien ospakizunetara joan. Bejondeiela biei. Itzuleran izango dugu elkarrekin egoteko aukera.
Aio eta hurrengora arte.