Aspaldi ez naiz sartu blogean ezer idazteko. Nagituta nagoela dirudi, edo eginkizun gehiegi esku artean, edota diziplina galduta agian. Gaiak izan dira blogari eragin ez diodan epe honetan baina burua beste leku batzuetan nonbait. Goienarako zerbait idatzi beharrak ordenagailuaren aurrean eseri arazi nau eta astean gertatutako bitxikeria batek eman dit gaia.
Basurdeak erruz omen dabiltza Udalan Goienak berak dioenez. Udalan, eta nonahi diot. Nik ere pairatu ditut basurdeen barrabaskeriak. Orkatza ez da gutxiago, eta asteon, sagastuira udaberri hasierako lanak egitera joan naizen batean sorpresa harrigarri batekin egin dut topo. Orkatz bat lurrean etzanda, buruan eta adarretan sare bat kateatuta, eta sarea inausketaren ondar moduan lurrean geratutako abar handi batzuetan nahaspilatuta. Hilda zirudien, baina inguratu eta gertuan zebilen lagun bati deika hasi naizenean zutitu da, eta lau hanken gainean lehenengo ihes egin nahian eta ondoren saretik askatu nahian tira eta tira hasi da egoera geroz eta gehiago okertuaz. Orain alde batera gero bestera, Atzera hurrengoan bere indar guztiekin, buruarekin (eta adarrekin) saretik eta sufrimendutik askatu nahian.
Kezkatzen hasi naiz bertan geratu behar zela sinetsita, baina laguna abila izanik animalia kontu hauetan, iritsi da eta zalantza barik, animaliaren atze aldera joan da. Ni aurrean eta bera atzean, hanketatik oratu dio ausart eta lurrera bota du. Handik aurrerakoak errazagoak izan dira. Lurrean zegoela adarretatik heldu eta motxilan neraman inauskaiekin sarearen punta guztiak moztu dizkiot poliki-poliki. Bere burua aske ikusi duenean abiada bizian joan da atzera begiratu ere egin gabe.
Kostako zaio berriro sagastuira itzultzea!
Hori espero dut.