Argentinara bidaia: inpresioak. Amaiera.

Amaiera:

Azaroaren 27an Treleweko aireportuan gara Buenos Aireserako hegazkina hartu zain. Sei ordu beranduago aterako da Aerolineaseko enplegatuek greba egitea erabaki dutelako autobusetako sindikatuek deitutako grebarekin elkartasunez. Greba arratsaldeko zazpi eta erdietan amaitzen omen da, eta hortik gure hegaldiaren atzerapena. Gurea behintzat ez da bertan behera gelditu beste bi bezala. Bertan behera geratu diren hegaldietako bidaiariak etsituta ikusten ditugu. Bilbotar bikote gazta batek hurrengo goizeko 5etan izan behar du Buenos Airesen baina hegaldi gabe daude. Azkenean El Calafatera bidali zituzten handik Buenos Airesera joateko. Ezeizako aireportura parean iritsi ginen.
Antza Areolineasek sarri egiten duen jokaldia da. Bizpahiru barne-hegaldi baldin baditu programatuta, ordu desberdinetan, bete ez direnetako pasaiariak bestean edo besteetan sartu eta gastuak murrizten ditu zerbitzuak kenduta. Greba aitzakia ona da, baina geroago jakin genuenez goizeko 7:30ean amaitzen zen eta ez 19:30ean.

Trelew-en izan garen hiru egunetan familia argentinar batekin egin dugu tril. Eurak Puerto Madrynen zeuden ostatu hartuta gu ez bezala, baina noranahi joanda ere hantxe agertzen zitzaizkigun. Gizonezkoa erretiratu gazte bat da. Argentinan irakasleak 50 urterekin erretiratzen dira dioenez. Autoa alokatu digun gizon abegikor eta berritsua ere erretiratuta dago baina lanean jarraitu beharra omen du erretiroko diruarekin ezin baita hil amaierara iritsi. Hau ere aireportuan dugu lagun.
Sei orduko atzerapenarekin iritsi arren zain dugu Jean Remi Gran Dora Hotelera eramateko. Gran Doran Jorge Luis Borgesek ematen zituen orduak, Maipú kalean hoteletik gertu bizi izan zen denboran.
River eta Bocaren arteko errebantxaren amaiera ikusten dugu kale ezkinako jatetxean zerbait jaten dugun bitartean. Riverrek egin du aurrera tabernan dauden Bocazaleak depresioan eta suminduran murgilduaz.

Biharamuna azken eguna dugu Buenos Airesen. Argazki kamera gabe, erloju gabe eta diru justuarekin ateratzen gara kalera Jean Remiren aholkuak jarraituaz. Biolentzia ikaragarri hazi da Argentinan. Azken hamar urteetan 3.000 hildako izan omen dira. Berak ez du sekula arazorik izan erlojurik eta ageriko bitxi edo dirurik ez duelako kalean eramaten. Gauza bera egin dugu.

Florida kalera joan, azken dolarrak trukean eman (beltzean noski) eta tango ikuskizun bat ikusteke Argentina uztea lotsagarria litzatekeenez bat edo beste aukeratu beharrean gaude. La Viruta gomendatu zigun Jean Remik, merkea, klaseak ematen dituzte baina ez dugu astirik eta urruti dugu. Florida kaleko Borges kultur-etxean (Galerías Pacíficon) aurkitu dugu: Pasión de Tango. Hor ematen ditugu gure azken eguneko azken orduak. Merezi izan du.
Etorkizun iluna.
Argentinak, Venezuela edo Chilek, oso urte onak izan dituzte 2.007tik gaurdaino, Europa eraikuntzaren espekulazio eta burbuila finantzarioarekin batera lehertutako krisi gaindi ezinean murgilduta bizi izan den bitartean. Parean, lehengaien prezioek (soia, kobrea edo petrolioa) gora egin dute eta dirua barra-barra egon da. Argentinaren kasuan ez dakit gastuak behar adina kontrolatu ote diren. Agian horregatik agertzen zaizkizu batzuk Gobernuaren politiken alde sutsuki eta besteak aurka indar berarekin.
Baina lehengaien prezioak beherantz doaz abiadura bizian. Txinaren kontsumo beharrak apaldu direla diote, baina beste faktore batzuk ere badira. Prezio altuak direla eta, lehengai batzuen eskaintza areagotu egin da mundu zabalean, eta agian, eta hau arriskutsuagoa da ekonomia hauentzat, mendebaldeko burbuilatik ihesi lehengaien merkatuan aterpea aurkitu zuen diru espekulatzaileak merkatu hauetan  irabazteko zuena irabazita, beste burbuila batzuen bila abiatu da.
Etxeko lanak ondo egin ez dituztenek urte gogorrak dituzte aurretik. Ez dut uste Argentina etxeko lanak ondo egin dituenen multzoan egongo denik. Denborak esango digu.

Gaur jakin dugu AMIAko atentatuko eragileak babestearren Cristinaren gobernuaren aurka salaketa (bat gehiago) aurkeztu zuen fiskala, suizidatuta agertu dela.

This entry was posted in bidaiak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude