Trelew, (Lewis-en herria).
Trelewek zoritxarreko ospea irabazi zuen 1972an komando batek bahitutako hegazkinean ehun preso iraultzaile espetxetik ihes egiten saiatu zirenean. Egindako huts eta okerren ondorioz, gutxi batzuk iritsi ziren hegazkina hartzera, eta geratu zirenetatik, 19 fusilatu egin zituzten militarrek. Hamasei zerraldo geratu ziren bertan.
2014ko azaroaren hogeita lauan iritsi gara Trelewera. Astelehena, baina jai eguna da: Argentinaren soberania eguna. Berez hogeian da, baina astean zeharreko jaiak astelehenera pasatzea erabakita dute. Honela barne turismoa sustatzen dute. Bertakoek diotenez Argentina munduan jai-egun gehien daukan herrialdea da.
2014an 17 jai egun gutxienez, erlijiosoak aparte. Horiek nahiko ez eta beste hiru egun ezarri ditu funtzionarioentzat urtearen amaieran Cristina Fernandezen Gobernuak azken orduko dekretu baten bidez: abenduaren 24a, 31 eta urtarrilaren 2a. Horrela, 24tik 27ra arte, eta 31tik urtarrilaren 4ra arte, jai izan dute langile publikoek.
Pinguino eta baleak.
Kaleak hutsik eta zikin aurkitu ditugu Trelewera iritsi garenean. Busetik jeitsi eta oinez joan gara Touring Clubera (Su antiguo comedor transformado vale que le echéis un vistazo. Mirad la colección de botellas y copas de cerveza. La caja de la escalera es fantástica: Habitaciones sencillas y limpias… dio Trotamundosek 2002ko edizioan).
Txirrina jo behar mutil beltzaran gazte batek atea ireki dezan. Sartu eta argi gabeko gela desberdinak. Konfiteria handi bat eta bertako besaulkietan lau lagun eserita.
Argazki zaharrak hormetan, botila zaharragoak apaletan, eta Asturiasetik 1949an etorritako amona zaharragoa (90 urte ditu) barra ostean ezkutatuta: Pepa.Semeak egin digu harrera, eta amona afal ondoan (bertan afaltzea erabaki dugu jatetxerik zabalik ez dugulako aurkitu) bildu zaigu Asturias patria querida kantatzeko. Gogor dago laurogeita hamar urteko anderea.
Hoteleko kafetegia eta eskaileretan gora eta behera, Butch Cassidy eta Sundace Kid, Roca Presidentea, Saint-Exupéry idazle eta hegazkinlaria, Fangio eta beste hainbat pertsonai ospetsu irudikatu ahal izango dituzu. Historia eta pasadizoak lehenetsi ordez erosotasuna nahiago baduzu, hobe beste hotel bat hautatzea.
Iritsi garenean hiri hil bat ematen duen arren, Peninsula Valdeserako autobus txartelak lortu ditugu zabalik aurkitu dugun agentzian. Pesorik ez dugu: bezperan jai, egun ere jai, eta ezin trukerik egin. Bidaia agentzian ere ez dute dolarrik hartzen. Trelewen ez dago moneta merkatu beltzik. Agian Casinoan lortu ahal izango ditugula pesoak diosku agentziako neskak. Kexu da dolarrak erostea mugatuta eta kontrolatuta, eta behar baino gehiago erosiz gero zigortuta dagoelako. Atzerrira joan nahi duen argentinarrak %35eko tasak ordaindu behar izaten omen ditu. Agentziako neska joan den urtean Turkiara joan eta ondoren ikertua izan zen bidaiarako erosi zituen dolarrengatik. Antza, atzerrirako bidaiei oztopoak jarriaz eta zubiak gehituaz, barne turismoa bultzatu nahi dute. Agintarientzat negozioa.
Baleak, pinguinoak, itsas elefante eta itsas lehoiak ikusteke ezin izango duzu inguru hauetatik alde egin. Horretan eman ditugu gure egunak.
Lehenengoan Península Valdeseko baleak ikusi ondoren, Punta Tombora egin genuen bigarrenean. Euskaldun artzain edo estantzia jabeen aztarnak ere ikusten dira: Uzkudun, Garaialde, Comodoro Rivadaviarako errepidearen bazterrean irakur daitezkeen herri izenak dira.
Punta Tombon pinguino lotsa gabeak dira nagusi. Bidea zure aurretik gurutzatzen dute axolagabeki hain berea duten ibilera baldar, handinahi baina barregarriarekin. Bikoteek kumeak elikatzen dituzte. Arrek borrokan egiten dute habiaren ondotik pasatzen diren beste arrekin, uretara joaten dira garbitzera, igeri egin eta ehizara. Denbora konturatzeke joaten zaigu izaki baldar eta maitagarri hauek osatzen duten anabasari begira.
Bidaia-egunak agortzen ari zaizkigu eta itzuleran pentsatzen hasi beharra dugu. Biharamunean Buenos Airesera hegan egin behar dugu.