Argentinara bidaia: inpresioak (IV). El Calafate

Zenbateko ustelkeria?

Argentinako azken presidenteen propietateen erdigunera iritsi gara. Hotesur, Hotel Alto Calafate, Resort Los Sauces dira Kirchnertarren ondasunetako batzuk. Ezagunenak. Kempinski Hotel Patagonia, Los Alamos, zuzenean ez bada, zeharka bederen, Kirchnertarrekin lotuta daude. Karrera politikoa, lotsa ezagutzen ez duten handiki askok aberasteko egiten duten bidea da. Hortik asko ikasi genezake estatuan, baina Argentinan maisuak dira.
Hotesurren irregulartasunak ote dauden susmoarekin ikerketa bat zabaldu zuen epaile batek. Ez daki ondo zertan sartu den. Orain Kirchnertarrekin lotura duen  enpresa batek kudeatzen du hotela. Familiako bazkide ospetsuenari 15 milioi euroko kontu bat aurkitu diote Suitzako banku batean. Austria aldera ere joan dira ikerketak han ere zerbait ote dagoen. Urak nahasi datoz Santa Cruz ibaian behera.

El Calafateko goi aldea

El Calafateko goi aldea

Hosteleko neskek aireportura eramango gintuen konfiantzako taxizale bat deitu ziguten El Calafatetik alde egiteko aireportura joan behar genuenean.
Bidea isilik ezin egin, eta taxiko gidariari galdetu genion presidente anderearen hotelagatik egun horietan egunkarietan bolo-bolo zebilelako epaile batek hotelaren aurka abiatutako ikerketa.
-¿Cual de ellos? Erantzun zigun.
-Irregulartasun batzuk aurkitu dutena. Erabili gabeko gelengatik fakturak enpresario lagun bati eta halakoak.
-A ez! Gela horiek beti daude okupatuta. Gainera horrelakoak leku guztietan gertatzen dira. Zuenean ez ala?
-Bai, baina gutxienez haserretu egiten gara. Ez ditugu holakoak hain erraz onartzen nahiz bata bestearen atzetik sartzen dizkiguten.
-Aizu! Nik ez dut politikaz ulertzen, baina niri Gobernu honekin ondo joan zait eta pozik nago. Lana daukat, turismoa berpiztu du…
Espainia 37. tokian kokatzen da munduko ustelkeriaren zerrendan. Argentina 107. da neurtutako 174 herrialdeen artean.

Glaziar ikusgarriak.
El Calafate asko hazi da azken urte hauetan eta bereziki Kirchnertarrek turismoari emandako bultzadari esker. El Calafatek 21.232 bizilagun dituela dio Wikipediak, Trotamundoseko 2002ko gidak berriz, 3.500 ematen zizkion. Hamabi urtetan zazpiz biderkatu da populazioa. Jende gazte asko, kanpotik etorria. Argentinako hiriburutik, baina baita ere atzerritik. Nyc deitzen diete bertakoei: nacidos y crecidos en Calafate.
Sir Thomas hosterian ( hotela, baina zerbitzu gutxiagorekin, adibidez ez du tabernarik edo jatetxerik) hartu genuen ostatua etorri aurretik. Gaur Hostel (logela eta sukalde komunak eskaintzen dituen ostatua) bihurtzeko bidean da. Bla! du izen berria. Ohea 17 dolarretan duzu eta sukaldean zure janariak atontzeko aukera eskaintzen dizu. Bidaiaren kostuak estutzeko modua da. Haatik eskatuta geneukan gela gorde egin digute.
El Calafate garestia da. Ardo kopa batek 40 peso balio ditu edozein tabernetan. Buenos Aireseko prezioak dira. Janariaren prezioa normalagoa da eta 200-300 pesotan afaldu daiteke, okela plater bat eta zerbeza aukeratuz gero: zopa 40 peso, bifeak 170, eta zerbeza 40 izan daiteke menu bat eta bere kostua 23,8 eurotan. Merkeagoak ere aurki daitezke.
Jatetxe eta dendetan 11-12 peso eskaintzen dizute dolar bakoitzeko. Ez daukazu merkatu beltzera joan beharrik. Arrisku gutxiagorekin lortuko duzu truke on bat. Ez Buenos Airesekoa baina ofiziala baino dezente hobea.

Perito Moreno glaziar ikusgarria

Perito Moreno glaziar ikusgarria

Hemen glaziarrak ikustera joatea da eginkizun bakarra. Perito Moreno ikustera gure kasa joan ginen autobus geltokian txartelak hartuta; 300 peso autobusa eta 210 Glaziarren parkean sartzeko europarra baldin bazara. Tarifak desberdinak jatorriaren arabera: Argentinarrena (lana dutenak, langabeak, jubilatuek edo haurrek desberdin ordaintzen dute), Mercosurrekoena, eta munduko beste herrialde guztietakoena. Upsala eta Spegazzini ikusteko berriz itsasontzia hartzea ezinbestekoa da.
Glaziarrera iristeko 80 kilometro egin beharra dago errepidez. Bide ertzeko lurrak hobeak ematen dute eta estantzia pare bat ikusten dira. Ardiak batean eta abelburuak bestean. Hereford arrazako behiak hektarea konta ezineko lur sailetan bazkatzen.

 

Upsala glaziarra. Amaieran 60 metroko altuera du.

Upsala glaziarra. Amaieran 60 metroko altuera du.

Hurrengo egunerako Solo Patagonia agentzian hartu genituen Upsala eta Spegazzini glaziarrak ikustera joateko txartelak. Quo Vadis ontzian egiten da bost orduko bidaldi ikusgarri bezain aspergarria. Etorkin galiziar batek diost ontzia presidente anderearena dela. Ez dago pozik 200 euroko erretiroa daukalako eta lanean jarraitu beharra biziko bada. Epelak esaten ditu gobernuaren aurka. Dioenez itsasontzia ere Cristinarena da. Fernandez batena dela ziurtatu ahal izan dut baina ez Fernández de Kirchnerrena. Agian partizipazioren bat? Testaferro bat?

Zoritxarrez, Viedma eta Argentino lakuak elikatzen dituzten glaziarrok atzeraka ari dira munduko gehienak bezala. Diotenez Upsalak zazpi kilometro galdu ditu 10 urtetan.

 

Izeberga Argentino lakuan

Izeberga Argentino lakuan. Alderatu ezkerreko ontziarekin

This entry was posted in bidaiak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude