Argentinara bidaia: inpresioak. Buenos Aires (II).

Moneta kanbio bikoitza (gutxienez).

Argentinan denboralditxo bat eman nahi baduzu ez da gomendagarria pesoak eramatea. Dolar edo euro egarriz bizi den herrialdea da eta betik aurkituko duzu kanbio erakargarri bat. Are gehiago orain. Iritsi ginenean dolarragatik 8,51 peso ematen zituzten bankuetan (truke ofiziala), baina 12,7 merkatu beltzean (dolar blue deitzen diote beltza ez esateagatik). Dolarrak poltsikoan bidaiatzea komeni da, eta ahal dela 100eko bileteekin.

Hotelera iritsi, galdetu, eta langileek esan digute non alda ditzakegun gure dolarrak. 200 dolar aldatu ditugu. Tentuz, lehenengo aldia izanik, ez dituzulako ezagutzen lekuko ohiturak eta beti aurkituko duzunez argentinarra iruzurrera eta lapurretara emana dagoen izakia dela esango dizunik, bada badaezpada, lehenengo 200 horiek, arratsaldean gehiago aldatzeko asmoarekin.
Diotenez debaluazioa ezinbestekoa da eta merkatuko kanbioak (ez ofizialak) hori erakusten du, kanbio truke ofiziala  baino dezente gehiago ordaintzeko prest daudelako argentinarrak.  Hauteskundeak 2015ean direnez gobernuak ez du debaluatzerik nahi, are gutxiago aurreko urtarrilean bat egin behar izan zuela kontuan izanda. Ekonomia neurri murriztailez betetzea eta noizean behin razzia bat egitea dolarraren kanbio ofizialaren defentsan dira hartzen ari diren neurriak.
Dolarrak erosteko mugak daude, eta zepoak (El Cepo) luze iraungo duela dirudi.

 

Buenos Aires ikusten.

IMG_17071

Puerto Maderon Calatravern zubia.

Bi egun eman behar genituen Buenos Airesen eta denbora aprobetxatu beharra geneukan. Horregatik, goizeko 9etan lan guztiak eginda eta egun osoa aurretik, hiria ezagutzeari ekin genion: Maiatzeko enparantza, San Telmo, eta arratsaldean siestatxo bat egin ondoren Puerto Madero. Kontraste handiko hiria da Buenos Aires. Modernoa, eta auskalo zenbat diru inbertitutako auzoen ondoan, aspaldi berriztapenik ezagutu ez dutenak aurkitu daitezke. Boca, San Telmo edo Barracas zaharkituen ondoan, mikroerdigune dotorea, edo Palermo eta Recoleta bezalako auzo zainduak, edo Puerto Madero berria,  bulego eta etxebizitza garestienen kokaleku diren dorrez iltzatua.
Puerto Maderon Uruguay itsasontzia dago.  Bocako kaian ezagutu nuen itsasontzi honek, Julian Irizar izan zuen kapitain, Suediako espedizio galdu baten bila Antartidara egin zuen bidaian. Diotenez Irizar honen aita Oñatikoa zen; zehazki Zubillagako baserri batekoa. Horietaz aparte, jatetxe eta taberna mordoa, Calatravak egindako, zubia (emakumearena) eta erreserba ekologiko garrantzitsua La Plata ibiaren ertzean.

Benetakoa ote da Don Manoloren San Telmoko almazena?

Benetakoa ote da Don Manoloren San Telmoko almazena?

San Telmo berriz, antikuarioen, eta gaur egun talde alternatiboen auzo bihurtu da. Zaharkitua dago erabat, baina sasoi batean izan zuen xarma gorde, eta areagotu ere egin du bertan dagoen aktibitatearekin.
Biharamuna hiria autobusez ezagutzeko hartu genuen: Belgrano, Palermo, La Recoleta: parkeak, polo edo tenis klubak, estropada lakua, hipodromoa, golfa; aberastasunaren ikur guztiak.
La Recoletako gomeroak ikustea eta La Biela kafetegian zerbait hartzea gomendagarriak dira. La Bielan Jorge Luis Borges eta Adolfo Bioy Casaresekin bazkaltzeko edo picada bat egiteko aukera izango duzu Fangioren argazkiak ikusten dituzun bitartean. Honetaz gain, Kanpo Santua bisitatzea ere gomendatzen dute, baina tira; uste dut denbora beste gautza bazuetan ematea ez dela plan okerragoa.

Jore Luis Borges eta Adolfo Bioy Casares La Biela kafetegian.

Jorge Luis Borges eta Adolfo Bioy Casares La Biela kafetegian.

 

 

 

 

 

 

 

 

Corrientesen okela errea afaldu eta azkar ohera, goizean goiz jaiki beharra dagoelako El Calafaterako hegazkina galdu nahi ez badugu.

This entry was posted in bidaiak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude