Euskarazko telebista Iruñerrian.

Ezagunak dira Nafarroako euskaltzaleek ETBko seinalea Foru Erkidegoan jaso ahal izateko egin dituzten ahaleginak eta jasan dituzten zigorrak. Jakinekoa ere UPNko Gobernu Foralak behin eta berriro iruzur egin diela ETBko zuzendari eta Jaurlaritzako ordezkari gorenei seinale bera Nafarroan zabaltzeko egin dituzten ahaleginetan, beste tokiko nahiz estatuko erdal kateak hedatzeko erraztasun guztiak jarri dituzten bitartean.

Aurten argi izpi bat ikusi dute nafar euskaltzaleek  lizentziak banatzeko deialdian Xaloa telebistak  -Baztan eta Bortzirian diru barik eta lizentzia barik emititzen aritu ten telebista euskaldunak- lizentzia lortu duenean.

Gaizki egingo genuke lorpen hau Nafarroako iparreko saiatu talde baten arrakasta baino ez dela pentsatuko bagenu. Eurei dagokie kudeatzea, baina baimena euskaltzale guztien lorpena da eta guztioi dagokigu proiektuari bultzada ematea ahal dugun neurrian bederen.

Denboralditxo bat kanpoan eman dut (erretiratuaren abantailak) eta atzerrian jakin dut Xaloa telebista Iruñerrian abian jartzeko crowdfundinga martxan dela, baina lotsaz bezala, zarata barik, beharko lukeen bultzada mediatiko barik, eta beste batzuetan martxan jartzeko gai izan garen euskalgintzaren olatu erraldoia  ezkutatuta bezala. Ekintza amaitzeko 22 egunen faltan %10era ez dira (gara) iritsi oraindik.

Ez ditut ezagutzen kanpainaren xehetasunak, ezta ere falta diren egunetarako planifikatuta daudenak, baina ezin dut irudikatu zer zatekeen beharrezko 50.000 euroak ez lortzea, porrotak ez lituzkeelako ondorio ekonomikoak soilik izango. Aitzitik, gure ahulezia guztiak agerian jarriko lituzke eta indarrak asko diren bezala ahuleziak ere ugari dira.

Ikastolak, hedabideak, gau-eskolak abian jartzeko gai izan den herriak ezin du porrot egin proiektu estrategiko honetan. Tokiko komunikabideen sareak eta euskarazko hedabideek oro har, indar biziz bultzatu behar dute proiektua. Euskaltzale bakoitzak bere ekarpen ekonomikoa egin behar du proiektuak argia ikus dezan, orain lortzen ez duguna beste urte askoan ez delako lortuko.

Jar dezagun beste guztietan jarri dugun  makineria martxan. Bultza dezagun proiektua guztiok batera, eta gaindi ditzagun eskatzen zaizkigun 50.000 euroak, hobe baita 200.000 lortzea 50.000n geratzea baino.

Nik egin dut nire ekarpentxoa. Zuk? A! www.karena.eu  erabili dezakezu zure bultzada emateko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude