Hain gurea den euri horrek ari du goiz honetan. Leiho guztiak zabaldu ditut umeltasunak eta freskotasunak etxeko zirrikitu guztiak bete ditzaten.
Atzo ez. Atzo eguraldi bikaina izan genuen eta zure etxekoekin Aloñara igo ginen berriro zurekin egoteko. Lehen bi belaunaldi ginenak orain hiru. Ume txikienak bizkarrean hartu, eta gora lehenago bezala. Ez zen diskurtsorik edo hitz ponposorik egon. Ez genuen mendian plakarik edo oroitarririk jarri. Ez zenituen onartuko. Bihotzean eta gogoan eramaten dena ez dago zertan harri edo burdin bihurtuta mendi puntan utzi. Bekatutxo bakar bat egin genuen, autoz Duru azpiko aparkalekuraino joatea. Oinez ere ez dakiten txikiak egonda ulertuko duzula ziur nago. Argazkia ere egon zen unea betik gogoan izan dezagun. Gero saldak, txistorrak… badakizu!
Etxera iritsi eta bakardadean lehengo argazkiei begiratzeari ekin nion. Irudietan agertzen ziren beste batzuk era joanak direla gogoratu nintzen: Iñaki, Juan Luis… Dozena erdi bat bazarete bide hori goizegi hartutakoak. Batzuk istripuz, bateon bat bere borondatez eta beste batzuk zu bezala gaixotasunak jota.
Mahlerren Das Lier von der Erde (Lurraren kanta) jarri nuen musika aparailuan. Badakit zuri gehiago gustatzen zitzaizula opera, baina niri konposizio honen azken zatia (Adioa) ikaragarria iruditzen zait. Zirraragarria. Barreneraino sartu eta negar malkoak kanpora jaurtitzen dizkizun horietakoa. Dramatikoa.
Argazkiak ikusten urte askoko pasadizoak datozkit. Munia, seme-alabekin Perdidokoa, Gavarnieko paretan ur jauziaren azpian busti busti eginda, herriko umeekin antolatzen genituen irteerak, eta nola ez, Gipuzkoako haurren ibilaldia antolatu genuenekoa, biok Aloñako puntan geundela ekaitza hasi, eta txingorra, elurra eta oinaztuen menpean irratia hartu eta haur guztiak Durutik Arantzazura zuzenean jaitsi zitezela agindua eman behar izan genuenekoa. Eta beste asko: Aralarko 14 ordu zuk hain maitatuak…
Oroitzapenak utzi eta Adio horren zati bat itzuli nahi izan dizut. Mahlerrek txinatar poeta bati kendu omen zion eta nik berari. Adioaren Hasiera eta amaierako bertsoak dira soilik. Badakizu nire ingelesa oso eskasa dela, baina esanahia gorde dudala uste dut. Gustatuko zaizkizu.
Eguzkia mendi ostean ezkutatu da.
Arratsaldeak ibarrak estali ditu
freskotasunez beteko itzalekin.
Begira! ilargiak zilarrezko itsasontzi bat dirudi
Zeruko laku urdinaren gainean.
Pinu beltzen atzealdean haize zirraragarri bat sumatzen dut!
Kantari, errekastoak iluntasuna zeharkatzen du
eta loreek kolorea galtzen dute ilunabarraren argitasunean.
Lurra lo datza eta eztiki hartzen du arnasa.
Desira guztiak amets bihurtu dira.
Jende nekatua etxerantz ari da itzultzen,
ahaztutako zoriona eta iragandako gaztetasuna
ametsetan aurkitzera!
Txoriak loak hartzen ditu euren abarretatik eskegita.
Mundua lo geratzen ari da.
Haize leuna freskoa da nire pinuen itzaletan.
Han naiz ni nire lagunaren zain;
Azken agurra emateko.
…
…
Nire aberrirantz abiatuko naiz, nire etxera.
Ez naiz gehiago galduko erbestean.
Nire bihotza lasai dago bere orduaren zain!
Nonahi lur maitea loratuko da udaberrian
eta berdatuko da berriro!
Nonahi eta betiko, urrutiko zeruertzek urdin egingo dute dirdira.
Betiko… betiko…
A! Errealak uno dos galdu zuen atzo. No hay manera Andoni!