Gaur zortzi, Oñatin, neska gazte batzuk galdeketa bat egiten ari ziren Parrokixa parean Udalaren izenean. Parean suertatu eta galdetu zidaten ea zer iruditzen zitzaidan Parrokia parean autoentzat Unibertsitate hiribidea ixtea, eta gauza bera egitea Bakardadeko kalean San Anton kalearen pare horretan.
Mugikortasun planean dagoen proposamen bat da eta herritarren iritzia jaso nahi omen zuen Udalaka. Oso ondo iruditzen zait galdeketa bera, are gehiago horren bidez Kale Zaharreko bizilagunen iritzitza ezagutu eta kontuan hartzeko asmoa badute.
Niri oso ondo iruditzen zitzaidala, horren aldekoa nintzela, herria oinezkoentzat toki eroso bihurtu behar genuelako. Hori bai, ezinbestekoa zela kaletarrek beharra genuenean sartzeko aukera edukitzea, eta erosketak edo beste gauza batzuk deskargatzeko sarrera izan beharko genukeela egunean zehar ordu jakin batzuetan. Erantzun zidan udaltzainen bulegoan egongo zela giltza behar genuenetan. Ez dakit supermerkatutik kargatuta gatozen bakoitzean udaltzainengana joan beharra erosoa eta egokia denik, baina tira.
Mingaina aske beste eskaera batzuk ere luzatu nizkion: esan sinfalta kale bat oinezkoentzat bihurtzeko ez dela derrigorrezkoa inguru dena pibotez betetzea. Nahikoa da Noranzko biak debekatzen dituen seinale bana jartzea eta udaltzainek araua bete araztea. Begira zenbat pibote ikus daitezkeen gure begi bistan gehitu nion. Unibertsitateko ibilbideko espaloi dena harrizko oztopoz beteta dago. Kale guztietako sarrerak pibotez josita. ONCEko kioskoa inguratuta. Ez dakit munduan metro karratuko hainbeste pibote daukan beste herririk ote dagoen. Esan hau ere arduradunei sinfalta.
Iluntzean bi lagunekin afaldu nuen. Galdeketarena komentatu eta bietako batek esan zidan berari ere egin ziotela. Nik hau eta hau erantzun xuat. Neuk be ados nagoela esan dostet, berak, eta gehitu dostet txirrinduen erabilera arautu beharra dagoela istripu larri bat gertau aurretik.
Galdeketaren emaitzak aztertu eta udalak aurrera egin nahi badu, jakin beza Kale Zaharrean behintzat, bizilagun mordotxo bat izango duela elkarlanean irtenbide onenak lantzeko modu eraikitzailean.