Wallon aterpetxea mitikotzat har daitekeen horietarikoa da. Kaserna bat dirudi. 1909 urtean inauguratua, ez ditu berrikuntza asko jaso antza denez. Ez ditu aterpetxe berriei eskatzen dizkiegun erosotasunak, ez dutxarik, ez ur berorik, eta lau edo sei lagunentzako gela komundunen ordez, dortoir luze batzuk ditu zapaipean. Bestelako logelak balin baditu ez ditugu ezagutu. Aterpetxeak 120 lagunentzat du tokia eta zazpietan afaldu ondoren auzokoaren lozurrunkak entzuteko arriskuarekin zakoratuko zara, edo agian, zeu izango zara ondokoaren belarriak zeure marruekin eztituko dituena. Aukeran…
Hala ere mitikoa da. Horregatik egin nahi izan diogu bisita bat aurtengo udan. Pantikosatik abiatu ginen abuztuaren 15ean, eta Batximaña, Pecicoko lakuak eta Marcadauko lepoa gaindituta, sei ordu inguruko ibilbidearen ondoren bertan ginen. Aterpea Marcadau haran zoragarriaren erdi inguruan dago, oihana amaitu eta larreak hasten diren gunean. Nahi izanez gero Pont d´Espagnetik ere badauka sarrera.
Tumulo bat izan behar duena ikusi dugu glaziar-zirkuaren erdian. Ez dago seinaleztatuta, artzaintza desagertuaz doan heinean artzain kulturak utzitako arrastoak ere ahaztea komeni dela esanaz bezala. Bost ardi baino ez ditugu zenbatu zirkoa ixten duten malkarretan belar finenak harri artean mihazkatuaz, beheko larreetako eskubideak abelburuen mesedetan galduta.
Aterpetxera iritsi gara, lekua hartu, eta ur hotzen (aterpetxeko arduradunek diotenez etxeko urak errekakoak baino hotzagoak omen dira) errespetuz garbitzeko imintziorik egin gabe, denbora joaten uzten dugu afaltzeko orduaren zain. Zazpietan da afaria. Hego aldeko kuadrila baten dezibelioak nabarmentzen dira beste guztien gain. Zero zarata!
Afaldu eta oraindik egun argia denez, kanpora atera gara. Hotz dago. Hobe logelan zakuan sartuta. Gora goaz. Ez dugu linternarik ekarri. Gaur egungo telefonoak nahikoa argi ematen dute eta gauaz komunera joan beharra sortuz gero linterna baten ordezko egoki bilakatu daitezke.
Izara-zakuan sartu, mantak gainera bota eta gela iluntasunez noiz bete zain geratzen gara. Biharamonean zer egin pentsatzeko beta. Aratilleko lepotik Ara ibarrera bai, baina handik Panticosara?
Bihar argituko dugu inkognita.