Gaur (uztailaren 19)erlei kasu egiteko eguna izan da. Lau dauzkat; bi aurtengo nukleo berritatik ateratakoak. Horiek nahikoa dute eurak indartzen. Beste biek itxura ona dute azkenengo hilabeteak euritsuak eta goibelak izan diren arren.
Erlei kasu egin aurretik ibilalditxo bat egitea erabaki dut txakurrarekin. Orhi ez dator bat ideiarekin eta itzuli egin da autoraino. Aurrera egin dut.
Bat batean bi kuleto (Amanita Caesarea) eder. Ezin dut sinetsi. Makurtu, ondo begiratu, azpiak eta txortenak horixkak baieztatu, eta Juan Soldaoren modura al costal esan eta etxerako. Afari ederra gaurko. Bi lagunentzat arrautza-nahaski on bat egiteko beste. Arrautza gutxi eta kuleto asko. Hori da sekretua!
Txakurra lotu eta erlak ikustera igo naiz berriro. Hamar altzaerdi dauzkat jarrita eta horietatik bi erdi hutsik. Zerbait egongo da beste zortzietan. Ea irailean negu osorako eztia ateratzeko modua egiten dudan.
Lana pilatu behar zait uda ondoren. Eztia atera, sagardoa egin… Tomateei buruz hobe ez hitz egitea. Sagarrondoak dauden bezala baleude ez genuke goserik pasako uda honetan. Sagardoaren lehengaia behintzat ziurtatuta dago. Kalitatea lortzea beste kontu bat da.