Buxargüeloko zubi ospetsua Torlatik Gavarnierako bidean, Ara ibarrean
Ekainaren 14a.
9:08: Buxargüeloko (1.388) zubi ospetsua. Fresko. Hala ere praka motzetan eta kamiseta hutsean ekiten diogu eguneko eginkizunari:Puerto Biello d´Espezierasera igotzera dugu helburu, handik Gabarnía edo Buxargüeloko portura pasatu eta bueltan San Nicolasera jaisteko asmotan. Sei ordu inguruko ibilaldia izango da.
Sigi-saga, gora egiten dugu goizeko freskuran. Neke gabe. Elektrika Konpainiaren poste eta txabolara iristen gara eta errekaz bestaldera igaro beharra dago; errekaren eskuinaldera. Ur asko dakar eta elur-zubi bat erabiltzen dugu alde batetik bestera igarotzeko. Zorionez ez du arazorik gu bion pisuari eusteko.
Lapazosako ibona neguko arrastoak gainean.
Lapazosako Ibona da gure hurrengo helburua, eta bidea elektrika konpainiako txabola inguru horretatik abiatzen den arren, mapari kasu eginaz goragotik hartu dugu. Errekasto baten eskuin aldetik. Ez gure, baizik eta bere (errekaren) eskuin aldetik.
Zela edo hala egiten dugu gora errekaren ibilbidea ordokian zehar leunduta datorren zabalguneraino. Pittin bat gorago ikusten dugu lakua. Oraindik elurra eta izotza ez zaizkio urtu. Fresko baino hotz dago, iparraldetik sartzen den haizearen eraginez. Eskerrak txabolan alkandora jantzi dugun.
Gorako bidean jarraitzen dugu Puerto Biello d´Espezierasera (2.334) iritsi arte.
Punta o Puertorako bidea lainopean
Laino eta hodeiak trinkoagoak dira hemen, ipar isurialdean. Maiz ematen den fenomeno da hegoalde eguzkitsua eta Iparralde lanbrotsuaren arteko kontrastea . Ez da euri arriskurik. Ipar aldetik mendi lerrora igotze diren ohiko lainoak dira, baina iparraldeko maldak ikusten dugun arteraino elurtuta daudenez, Gabarnía o Buxargüeloko portutik bereizten gaituen mendia igotzea pentsatu dugu. Punta o Puerto (2.476) aragoieraz edo Pico de Entrepuertos gazteleraz deitzen diote mapek. Ez da desnibel handirik eta hegiz hegi joatea pentsatu dugu. Laino artean eta aurrekoei beste arropa geruza bat gehituta, zamarra lodi bat, aurrera egiten dugu laino artean; hotzak, baina ez da luzez izango.
Puerto de Buxargüelon hamarretakoa egin eta 15ak eta 6 minututan San Nicolasen gaude. Buxargüelokoan aragoieraz, Bujaruelokoan gazteleraz.
Portutik behera, parean Otal eta Tendenera; behean Ara ibarra